Otsailaren 15ean Euskadiko EGABren Gai Europarren Batzordearen aurrean honakoak agertu ziren: Javier Lopez de Lacalle, Euskadiko Itsas Eztabaida-gunearen zuzendari kudeatzailea, eta Europako nahiz nazioarteko bihurtzeko proiektuen arduradunak, Mª Mar Sánchez eta Oscar Valdecantos. Helburua Estrategia Atlantikoaren eremuan erakundearen jarduerak azaltzea zen.
Agerraldia Euskadiko EGABk fatxada atlantikoko eskualdeetako bere parekoekin (RTA) Estrategia Europar Atlantikoari buruz gauzatzen dituen lanen barruan kokatzen da. 2017. urtean berraztertze-prozesuan Estrategiari buruzko Ekintza Plana hobe implementatzeko proposamenak formulatzea du xede.
Landan Estrategiaren egiazko garapenari dagokionez informazioa izateko, Euskadiko EGABk eta RTAn bere bazkideek beren eskualdeetan itsas ekonomiako eragileekin kontsulta gauzatzen ari dira, batetik, Estrategiaren proiektuak abian jarri direnean zuzeneko esperientzia ezagutzeko eta, bestetik, prozesu honetan eragiten duten oztopoak eta eragileak identifikatzeko.
Euskadiko Itsas Eztabaida-gunearen ordezkariek, lehenik eta behin, erakundea eta ordezkatzen duten sektorea, hain zuzen ere, Euskadiko itsas industriaren klusterra aurkeztu zituzten. Sektore sendoa da eta teknologia nahiz sofistikazio handiarekin itsasontzien mota guztiak diseinatu, eraiki eta hornitzeko gai da. Horrez gain, industria osagarriaren enplegua arrastatzeko ahalmen indartsua du. Espainiako ontzioletan tax lease izenekoei buruz Batzorde Europarraren zigor-espedientearen ondorioz urte oso zailak eman ondoren eta Europako lehiaren arauekiko kontrakoa aitortu ostean, Luxemburgeko Justizia Auzitegi Europarrak duela gutxi baliogabetu du eta horri esker Euskadiko itsas industriak estualdia gainditu du. Dena den, oil&gasean espezializatuak dauden ontziolek eragozpen berriak dituzte, petrolioaren prezio merkeak kontuan hartuta eta Iparraldeko Itsasoko zulaketa-plataformak itxi direla ikusirik.
Estrategia Atlantikoari dagokionez, Euskadiko Itsas Eztabaida-guneko ordezkariek Euskadiko Estrategia Atlantikoaren Taldea, Euskal Herriko itsas eragileak biltzeko, Estrategiaren Ekintza Plana egin dadin ekarpenetarako eta testuinguru honetan sustatu behar diren euskal proiektuak identifikatzeko 2012. urtean sortutakoa, koordinatzeko orduan beren esperientzia azaldu zuten. Jakinduria horrek balio erantsia eskaini du bai barruan, Euskadiko itsas eragileen artean sinergiak sortu diren neurrian, bai kanpoan, gai europarrak gehiago ezagutu baitira, eremuan kontaktuak lortu baitira eta gehiago ikusi baita. Europan gehiago ezagutzea oso garrantzitsua da, eremu horretan industria gaitu eta teknologiaren ikuspegitik aurreratua azalduz gero, merkataritza-ateak eta -aukerak irekitzen direlako.
Era berean, Euskadiko Itsas Eztabaida-guneak berak sustatutako proiektuak bultzatzean esperientziari buruzko azalpenak eman zituzten. Ildo horri jarraiki, finantzaketa europarra lortzeko zailtasunak izan dituzte eta Europar Batasunak Estrategiari laguntzeko mekanismoak abian jartzeari buruzko pertzepzioa jakinarazi zuten.
Saio aberatsa informazioan eta esperientzietan, Euskadiko ekonomiaren sektore garrantzitsu hau hobe ezagutzen eta Estrategia Atlantikoari nahiz Euskadin aplikatzeari dagokionez Euskadiko EGABren Gai Europarretarako Batzordearen hausnarketa elikatzen lagunduko duena.