Abenduaren 21ean eta 22an, Akitania, Poitou-Charentes eta Limousineko eskualde frantziarrak elkartzearen bezperatan (2016ko urtarrilaren 1ean bateratu ziren) eta urtarrilaren amaieran eskualde elkartuan Ekonomia, Gizarte eta Ingurumen Arazoetarako Batzorde berria eratu baino lehen, Euskadiko EGABren eta Akitaniako EGKren artean bilera berria egin zen bi aldeen arteko kooperazio-harremanaren esparruan. Gaur egun berrikuntzan dihardu. Bi batzordeek kooperazio-harremana garatu duten konfigurazioan azkeneko bilera izanik, 21eko eta 22ko saioek etapari buruzko txostena legeztatzeko helburua izan zuten. Nolanahi ere, 2014ko uztailaren hasieratik berrikuntzaren arloan gauzatu ziren lanen egitura finkatu nahi zen, baita horiek jarraitzeko bidea azaldu ere. Ildo horri eutsiz, Akitania-Poitou-Charentes-Limousin eskualdeko EGK berria eratzen denean eta bilerei berriz ekiten zaienean, lanetarako batzordekide berriek euskarri eta orientabide modura oinarria sendoa izango dute.
Asmo horrekin bat, bilera bateratuaren ardatz nagusia Batzorde bakoitzak berrikuntzaren eremuan gauzatu dituzten lanei buruz egindako txostenak aurkeztea izan zen. Horietan bi eskualdeen berrikuntza-sistemei dagokienez landu diren alderdi desberdinak jasotzen ziren. Euskadiko EGABren aldetik, Jon Barrutia Gai Europarren Batzordeko kidea eta UPV-EHUko katedraduna arduratu zen berrikuntzari buruzko euskal sistemaren eboluzioa eta horren oinarrizko alderdiak dituen txostena aurkeztez: espezializazio adimentsuaren euskal estrategia, RIS3, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarea eta 2020rako Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Plana. Era berean, Singaravelou irakasleak, Akitaniako EGKren kooperazio-batzordeko hizlariak, beste txosten bat aurkeztu zuen eta Akitaniako nahiz Frantziako sistemaren ezaugarri eta eragile nagusiak laburbiltzen zituen.
Euskadin eta Akitanian berrikuntzaren antolaketa (agintaritza, antolaketa eta funtzionamendua) elkarri ezagutu eta ezagutza hori sendotzera bideratutako lanen lehenengo fasea amaitu ostean, lanak jarraitzeko sektore-eremuak adostu ziren. Helburua osagarriak diren eta sinergiak dituzten sektoreetan egite-moduei, eraginkortasunari eta bitartekoei buruz sakondu eta Euskadi eta Akitaniako erakunde nahiz enpresen artean arlo horietan kooperazioa bultzatuko duten proposamenak eta gomendioak formulatzea da. Aurrekoaren inguruan, honakoak hautatu ziren: fabrikazio aurreratua, lanen etapa berrian jaitsiko den lehenengo eremu sektoriala; gero, biozientziak (gizakiaren osasuna kanpo, jada Akitania eta Euskadiren artean akordioak baitaude), gizarte-berrikuntza eta energia, egokitzat jotzen den ordenan. Laburbilduz, Euskadiko espezializazio adimentsuaren arloak hartuko dira, Akitaniarekin bateratzeko espazioak badaude eta bi aldeen artean gaur egun ia existitzen ez den kooperazioan jardun badaiteke.
Halaber, bileran entzunaldiak eta lan-bilera izan ziren. Azkenekoari dagokionez, Miñaoko Teknologia Parkean CIC Energigune erakundea hautatu zen. Ikerketa kooperatiborako zentroa da eta energiaren eremuan ikerketa espezializatuan dihardu. Bere zeregina nazioarteko zientzia-panoraman burutza hartzea da eta energiarekin zerikusia duten materialetan oinarrizko ikerketa egiten du. Lan hori biltegiratzeko aplikazioetara bideratuta dago eta euskal enpresen industria-lehiakortasunean laguntzen du, inpaktu handiko ikerketa bikainaren bitartez, tokiko industriari teknologia nahiz ezagutza transferituz eta biltegiratzearen eremuan Euskadin ikerketaren eta teknologiaren ahaleginak koordinatuz. Bisitari esker, bere espezializazio-arloan gauzatzen ari diren ikerketari eta teknologia transferitzeari buruzko jarduera zehatzak ezagutu ziren, baita zientzia eta teknologiaren euskal sarearen barruan duen zeregina eta bere jardueretan berrantolaketa berriak izan dituen aldaketak ere. Era berean, instalazio eta laborategi izugarriak ikusteko aukera eskaini zitzaigun eta, zehatz-mehatz esanda, “dry room” izenekoa ezagutu zen. Horri esker, CIC Energiguneko ikertzaileek materialei eta gailuei dagokienez abangoardiako ikerketak egiten dituzte, materialak prozesatu eta zelulen prototipoak mihiztatzeko lehortasun-baldintza egokiekin ingurunea sortzen baita.
Modu berean, bileran Innobasquek parte hartu zuen. Bertan izan ziren Txema Villate zuzendari nagusia eta Gotzon Olarte Innobasqueren Gizarte Berrikuntza Programen eta Gizarte Berrikuntza Proiektuen zuzendaria. 2007az gero lanean dihardute eta beren lanarengatik nazioarteko hainbat sari lortu dute. Gizarte-berrikuntzaren kontzeptuari definizio egokia ematea izan da lan horren zati bat. Hala, berrikuntzan berritu behar da eta, ondorioz, prozesuei gizarterako balioa ematen zaie. Horretarako, kudeaketaren, zerbitzuen, praktiken edota produktu ala zerbitzu berriztatzaileen ereduak sortu edo sartzen dira. Konponbide errepikagarriak, mailaka daitezkeenak, eraginkorrak eta iraunkorrak aurkezten dira eta Erkidegoaren burujabetza eragin nahiz aliantzak sortzen dira, bai beharrak ase, bai aukera aprobetxatu, baita arazoa ebazteko ere. Gizarte-berrikuntza prozesu bat edo batzuk dira eta aliantzak sortuz nahiz Erkidegoa burujabetuz inpaktu sistemikoa dute. Hala, sisteman aldeko aldaketak gertatzen dira eta, bide batez, aldaketan kezkatuak dauden eragileen topaketa-gune bihur daiteke eta bihurtu behar du.
Azkenik, Igor Campillo Euskampuseko zuzendariak Euskampus Fundazioaren proiektua eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin nahiz Bordeleko Unibertsitatearekin batera elkartuta, esparru horretan garatzen ari diren jarduerak aurkeztu zituen. 2010. urtean Euskal Herriko Unibertsitateak, Tecnalia Korporazio Teknologikoarekin eta Donostia International Physics Center erakundearekin lankidetzan, bultzatutako proiektua da. Zientzia, teknologia eta berrikuntzaren euskal sistemaren barruan unibertsitatearen profila igotzea du xede eta, horretarako, aliantza estrategikoak zehaztu behar dira, eskualdearekiko konexioa eta nazioartean proiekzioa nahiz bikaintasuna sendotzeko. Testuinguru honetan, Bordeleko Unibertsitatearen lankidetzarekin, Nazioarteko Bikaintasunaren Euroeskualdeko Campusa sortzea eta Euskadi-Akitania Euroeskualdean goi-mailako hezkuntzako, ikerketako eta berrikuntzako gune partekatua eratzea da ekimen nagusietako bat. Jada graduaren osteko 8 programa partekatu, 13 tesi eta nazioarteko programetan hamar ikerketa-proposamen baino gehiago ditu. Horrez gain, Euskadi-Akitania Euroeskualdearen Plan Estrategikoa garatzeko orduan, toki nabarmena hartzen du.