Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
astelehena, 01 otsailak 2016

  • Euskadiko EGABek egoki deritzo "Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogoari eta Enplegurako Prestakuntzako Entitateen Euskal Erregistroari buruzko Dekretu-proiektua" izapidetzeari, bere irizpenean bildu dituen kontsiderazioekin. 
  • Katalogoa eta Erregistroa “enplegurako prestakuntzaren kalitatea egiaztatzeko funtsezko tresna” modura hartzen dira. Lehenengoak prestakuntzarako ekintzei zentzua emango dieten espezialitateak identifikatzen ditu eta bigarrenaren bitartez, enplegurako prestakuntza eskaintzen duten entitateak egiaztatzen eta/edo inskribatzen dira.


Euskadiko Ekonomi eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egoki deritzo "Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogoari eta Enplegurako Prestakuntzako Entitateen Euskal Erregistroari buruzko Dekretu-proiektua" izapidetzeari, kontsulta-organo honek bere irizpenean bildu dituen kontsiderazioekin. 

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kontsultatzeko bidalitako proiektuak aipatutako bi tresnak sortzea du helburu –Katalogoa eta Erregistroa-, “enplegurako prestakuntzaren kalitatea egiaztatzeko funtsezko tresna” modura hartzen direlako. Katalogoak prestakuntzarako ekintzek eta planek oinarri hartuko dituzten espezialitateak identifikatzen eta zehazten ditu. Erregistroaren bidez, aldiz, enplegurako prestakuntza eskaintzen duten prestakuntzako entitateak egiaztatzen eta/edo inskribatzen dira. 

EGABek modu positiboan baloratu du dekretu-proiektu hau, 2013ko maiatzean emandako beste irizpen batean egin zuen bezalaxe (2/2013 Irizpena), aurrera atera ez zen antzeko proposamen bati buruzkoa- eta duela gutxi estatuak arauen laburpen bat onetsi duela gogorarazi du. Arau horiek EAEn aplikatuko dira, horretarako eskumenak eskuordetu zaizkiolako. 

Estatu mailako arau horiek prestakuntzako entitateek administrazio eskudunak gaitutako erregistro batean inskribatzea eta/edo egiaztatzea arautzen dute, eta baita estatuko erregistroaren eta erregistro autonomikoen arteko koordinazioa ere. Gainera, Herri Administrazio eskudunek kalitatezko enplegurako prestakuntza-eskaintza iraunkorra bermatuko duen prestakuntzako entitateen sare bat mantentzea sustatu behar dutela ezartzen dute. Estatu mailako arau horiek onetsi ondoren, EGABek euskal dekretuaren izapidetzea “are presazkoagoa dela” uste du. 

 

Katalogoa eta erregistroa biak arautzea 

Euskal kontsulta-organoaren ustez, “guztiz egokia da” kontsideratutako proiektua katalogoaren eta erregistroaren oinarrizko aspektuak sortu eta arautzera mugatzea eta eduki espezifikoak geroago garatzea, “izan ere, horrela kudeaketa arinagoa eta malguagoa izango da”. 

Hala ere, katalogoa eta erregistroa azkar arautu beharra dago EGABen aburuz, eta “kasu bakoitzean eskuduna den administrazioari arau hau garatzeko eskatu zaizkion ebazpenak ahalik eta azkarren eman ditzan eskatzea komeni dela” uste du. Ildo horretatik, 2013an emandako ebazpenean “tresna horiek arautzeko zeramaten atzerapena handia zela" ohartarazi du EGABek eta beraz, orain “atzerapena handiagoa dela”. 

Azkenik, Enplegurako Prestakuntzako Entitateen Euskal Erregistroak beste administrazio batzuek jardun jakin batzuk gauzatzeko gaitzen duen prestakuntza emateko homologatu dituzten entitateak ere barne hartzeko eskatu du EGABek. Horrela, txartel profesionalak emateko beharrezkoa den prestakuntza eskaintzen duten entitate guztiak agertuko dira erregistro horretan. 


2/16 Irizpena Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogoari eta Enplegurako Prestakuntza Erakundeen Euskal Erregistroari buruzko Dekretu Proiektuari dagokiona