Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jo du “EAEko Gizarte-Zerbitzuen 2016-2019 epealdirako Plan Estrategikoa” izapidetzea, erakunde aholku-emaile honek bere irizpenean egin dituen gogoetak erantsiz. Aurreproiektua Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak aurkeztu du.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean ezarririk dagoenez, gisa horretako plana lau urterik behin prestatu behar da; horri dagokionez, EEGABren azterpean jarri den agiriak, 2016-2019 epealdirako Planari dagokionak, balorazio positiboa jaso du, baina, irizpenean adierazi denez, “azkenean ez da nahi adina zehatza”. Halaber adierazi da irizpenean ezen zerbitzuen eta prestazio ekonomikoen beharraren zenbatespena 2017ko urtarrilaren 1erako zehaztea komeni dela, zeren eta hori “aparteko garrantzia duen gabezia izan baitaiteke plangintzaren arloko agiri batean”.
Epeetan atzeratzea
EEGABk egin duen analisian “sistemak enplegua sortzeko duen potentziala” azpimarratu du, eta hori, planaren garapena gorabehera, hausnarbide eta jorrabide izan behar litzateke; horrezaz gainera, arestion aipatu den Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean ezarririk dagoen aurreikuspena aurten amaitzen dela gogorarazi du, “eta ez direla bete Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoan eta Zerrendan jasotzen diren zerbitzuen unibertsaltasuna bermatzeko epeak, haren edukiari eta ezaugarririk behinenei dagokienez behintzat”.
Hori dela bide, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak aurreko irizpen batean –Gizarte Prestazioen eta Zerbitzuen Zerrenda egiteko Dekretu-Proiektuari buruzko martxoaren 27ko 3/15 irizpenean– adierazitakoa berretsi du, ondokoa esanez: “atzerapen hori oso larria da, hiritarrentzat zeharo garrantzizkoak diren gaiak jorratzen direlako, zalantzan jartzen baita Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren unibertsaltasunaren bideragarritasuna”.
Unibertsitatearen rola
Euskal erakunde aholku-emailearen irizpenean gogorarazi denez, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren konplexutasunetako bat EAEren erakunde-bilbearekin loturik dago; izan ere, hark “ez ditu argiro eta aski ebazten eskumenen banaketak eragin dituen arazoak eta berauen ondoriozko harmonizazioa, eta azken hauek ezinbestekoak dira aztertu den Plana taxutzeko, finantza-ekarpenak zehazteko eta Planari dagozkion edukiak lantzeko”.
Batzordeak bere erantzunean adierazi duenez, harrituta dago, zeren Plan Estrategikoan Unibertsitateak prestakuntzaren arloan duen rola besterik ez baitu nabarmentzen; ildo horri jarraiki gogorarazi duenez, Plana inplementatze aldera “Unibertsitateak eman beharreko laguntza prestakuntzaren alorreko zereginez gainekoa izan behar da, halako moldez non rol garrantzitsua izan behar bailuke gizarte zerbitzuen ikerkuntzaren arloan; horrenbestez, oso egokia izango litzateke Unibertsitatearen lankidetza, hari ekintza zehatzak ere eratxikiz”.
Azkenik, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak gogorarazi du Europako EGKk norberaren ekimenezko irizpena eman zuela joan den irailean (“gizarte prestazioen sistema eraginkor eta fidagarrietarako abiaburuak”), eta egokitzat jotzen du EAEko Plan Estrategikoak, txosten horretan azaldu diren abiabururik gehienak jaso dituenak, irizpen horren beren beregiko aipamena sartzea.
1/16 Irizpena 2016-2019 aldirako EAEko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoari buruzkoa