Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
osteguna, 21 urtarrilak 2016

  • Bihar Bilbon egingo den jardunaldian, EGABek Euskadiko Estrategia Atlantikoko Taldea elkartuko du, itsasertz atlantikoko eskualdeetako homologoekin batera itsas estrategiaren arloan egin dituen lanak aurkezteko  
  • Europako Batzordearen azterlanek itsas ekonomia europarraren ustiatu gabeko aberastasun eta enplegu potentziala identifikatu dute; azaldu dutenez, zazpi milioi enplegu eta 600.000 milioi euroko balio erantsi gordina sorraraztea eragingo lukete 2020. urterako, eta hazkunde potentzial handiena daukaten sektoreen artean nabarmendu dira itsas turismoa, kostaldekoa, itsasontzi handien bidaiak, energia urdina, itsas baliabide mineralak, akuikultura eta bioteknologia urdina.   


Bihar, ostirala, urtarrilaren 22a, “Estrategia Atlantiko eraginkorrago eta operatiboagoaren alde” izenburudun jardunaldia ospatuko da Bilbon, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak antolatuta; bertan, gai horri dagokionez EGABek egin dituen azken lanak Euskadiko Estrategia Atlantikoko Taldearen aurrean aurkeztuko ditu. Europako Batzordeak sustatutako “Estrategia Atlantikoa” deritzonak Europako itsasertz honetako itsas esparruak aberastasuna eta enplegua sortzeko eskaintzen dituen erronka eta aukera nagusiak definitu ditu.   

Jardunaldian, Euskadiko Estrategia Atlantikoko Taldeko kideek (besteak beste, euskal portu komertzialak, Uniport Bilbao, Energiaren Euskal Erakundea, Energiaren Klusterra, Tecnalia, AZTI, Basquetour, Bilboko Itsas Museoa eta Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako Idazkaritza, betiere Euskal Herriko Itsas Foroak koordinatuta) EGABek prestatu duen “Eskualde Atlantikoetako Itsas Estrategiaren Jarraipen Txostena” dokumentuaren edukiaren berri jasoko dute zuzen-zuzenean. Txostena prestatzeko, EGABek fatxada atlantiko europarreko eskualdeetako homologoen laguntza jaso du; eragile horiekin batera Nazioz Gaindiko Sare Atlantikoa (RTA) osatzen du EGABek. 


Zazpi milioi enplegu Europan 

RTAren helburua Europako esku-hartze eta politika zehatzak sustatzea da, ekonomia urdina garatzeari dagokionez itsasertz atlantikoak eskaintzen dituen aukerak garatzeko. Horren haritik, gogoratu behar da itsas ekonomia europarrean ustiatu gabeko aberastasun eta enplegu potentzial garrantzitsua identifikatu dela Europako Batzordeak egindako azterlanetan; horri esker, zazpi milioi enplegu eta 600.000 milioi euroko balio erantsi gordina sortzeko aukera egongo litzateke 2020. urterako, hain zuzen ere, itsas turismoan, kostaldeko turismoan, itsasontzi handien bidaietan, energia urdinaren arloan, itsas baliabide mineralekin, akuikulturan eta bioteknologia urdinean. 

Bihar EGABek aurkeztuko duen txostenean une honetan dauden arazo nagusiak nabarmendu dira. Besteak beste, eragile publiko eta pribatu guztiak mugiarazteko gai den lidergo politikorik eza, Estrategia Atlantikoaren hedapen txikia itsas ekonomiaren operadoreen artean, eta eskala atlantikoan elkarlan proiektuak artikulatzeko bitartekorik eza. Aipatutako gabeziei aurre egiteko zenbait proposamen ere jaso dira txostenean, dagoeneko Europako Batzordeko Itsas Gaietako Zuzendaritza Nagusiaren aurrean aurkeztu direnak.

 

Euskadiko itsas ekonomian hazten ari diren sektoreak 

Arrantzak, itsas garraioak eta ontzigintzak tradizio luzea daukate Euskadin. Azken urteetan sektore batzuek beherakada jasan duten arren, EGABek  hazkunde aukera argiak antzeman dituzte ekonomia urdina esparru horietan; horretarako, lehiakortasuna areagotu, ingurumen aztarna murriztu eta teknologia osagai berritzaileak txertatu behar dira. Hobekuntza faktore horiek guztiak Euskadiko itsas ekonomiaren sektore historikoetan (itsas garraioa, ontzigintza, arrantza, …) zein hazten ari diren sektoreetan aplikatu behar dira (itsas turismoa, kostaldeko turismoa, itsasontzi handien bidaiak, itsas bioteknologia), baita itsas energiak garatzeko Euskadik duen abiapuntu teknologiko eta industrial bikaina aprobetxatzean ere.