Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
astelehena, 14 abenduak 2015

  • EGABek egokitzat jotzen du Euskadiko Kooperatibei buruzko Lege Aurreproiektua izapidetzea, aholku organo horrek egindako gogoetak erantsita; batez ere, parte hartze instituzionalaren gainekoak. 
  • Batzordeak azpimarratu egiten du Euskadiko Kooperatiben Konfederazioari kooperatiba-mugimenduaren ordezkari gisa giltzarri izatea dagokiola, eta proposatzen du legeak hura “EAEko kooperatiba-mugimenduaren solaskide” gisa definitu dezala, “agente soziala” deitu beharrean. 
  • Txostenak gogora dakar kapitalean parte hartzen ez duten langileen portzentaje handia daukan kooperatiba batek “kooperatibaren muina bera indargabetzen” duela, eta inoren konturako lanordu gisa konputatzen ez diren kasuetariko batzuk kentzea proposatzen du. 


Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jotzen du Euskadiko Kooperatibei buruzko Lege Aurreproiektua izapidetzea, aholku organo horrek egindako gogoetak erantsita; batez ere, parte hartze instituzionalaren gainekoak, duten garrantzi bereziagatik. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak aurkeztu du aurreproiektu hori. 

Euskadiko Kooperatibei buruzko Legea orain hogei urte baino gehiago onetsi zen, zehatzago 1993an (ekainaren 24ko 4/1993 Legea), eta harrezkero gertatu diren arau aldaketak erantsi nahi zaizkio aurkeztutako aurreproiektuaren bidez, hainbat doikuntza eta hobekuntza juridiko-tekniko egiteaz gainera. Ildo horretan, EGABek balorazio positiboa egiten dio ekimenari: “kooperatibek euren lehiakortasuna handitzeko aukera emango dien araudiaren beharra dute, erronka gero eta gogorragoak jartzen dizkien jokaleku ekonomikoan”. Batzordeak deitoratu egiten du, ordea, “denbora gehiago eduki ez izana hain izaera bereziko eta garrantzi handiko araua zorrotz eta sakon aztertu ahal izateko”, baina espero du horrela egin ahal izango duela aurrerago, legearen erregelamenduzko garapenari buruzko irizpena eskatzen diotenean. 

 

Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa 

Oraingo irizpen honetan Batzordeak azpimarratu egiten du Euskadiko Kooperatiben Konfederazioari kooperatiba-mugimenduaren ordezkari gisa giltzarri izatea dagokiola, eta proposatzen du legeak hura “EAEko kooperatiba-mugimenduaren solaskide” gisa definitu dezala, “agente soziala” deitu beharrean. Horrela, Batzordearen iritziz, gaizki ulertuak saihestuko lirateke, esate baterako, parte hartze instituzionalari begira Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa sindikatuekin eta enpresa erakundeekin parekatzea zenbait esparrutan, “besteak beste lanaren esparruan, non parte hartze hori hiruko ordezkaritza paritariora mugatuta baitago”. 

Aurreko proposamenarekin batera, EAEko aholku organoaren erantzunak berariazko gogoeta sorta dakar. Adibidez, estatutuetan informaziorako eskubidea bermatzeko sistema arautzea nahitaezkoa izan behar dela; administratzaile bakarra eta idazkaria kooperatibako bazkideak izatea komeni dela, eta haien ordainsariek proportzio egokia izan behar dutela “kooperatibaren garrantziarekin, unean uneko egoera ekonomikoarekin eta, batez ere, euren gain hartzen dituzten erantzukizunekin”. Gainera, irizpenak eskatzen du Zuzendaritza Kontseiluko kideek bileretan parte har dezatela “pertsonalki eta eginkizun hori inoren esku utzi gabe”, eta kooperatiban baja eskatzeko aurreabisuaren epea laburtzea proposatzen du. Aurkeztutako aurreproiektuan sei hilabeteko epea ezarri da. 

 

Inoren konturako langileak 

Aztertutako aurreproiektuak ezartzen duenez, lan elkartuko kooperatibetan inoren konturako lanpostuek ezin dute gainditu bazkide langileek urtean egindako lanordu guztien %30. Horren haritik EGABek gogora dakar portzentaje hori gaur egun indarrean dagoena baino 5 puntu handiagoa dela, eta gaineratzen du muga hori ezartzeko garaian kontuan hartu behar litzatekeela “kooperatibaren tamaina, horren atzean errealitate sozietario oso desberdinak egoten direlako”. Ohartarazi egiten du, bestalde, “kapitalean parte hartzen ez duten langileen portzentaje handia daukan kooperatiba batek kooperatibaren muina bera” indargabetzen duela. 

Aurreproiektuak inoren konturako lanordu gisa konputatu beharretik salbuesten dituen lanen zerrendari dagokionez, EGABek ez ditu onartzen zerrenda horretako kasuetariko hiru: kooperatibako bazkide izan nahi ez duten langileena; titulartasun publikoko lokaletan Administrazioari zuzenean zerbitzuak ematearena –“langileak zuzenean mailegatzea da hori, enplegu publikoa zeharka ordezteko bidea izateaz gainera”–; eta desgaitasuna duten pertsonena, horiek ez konputatzeak kolokan jartzen duelako “kolektibo hori berdintasunez laneratzea”.

Azkenik, EGABek ez du ontzat ematen Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusia arduratzea lege hori bete dadin –“ikuskatzeko jarduera edo ahalmena administrazio publikoei dagokien Administrazio Zuzenbidearen atala da”–, eta arlo horretan Kontseiluaren eginkizuna lan teknikora mugatu dadila eskatzen du. EGABen irizpenaren amaieran formari buruzko gomendio bat dago, alegia, aurreproiektuan erabilitako hizkuntza berrikus dadila eta ezabatu egin daitezela adierazpen sexistak eta desgaitasuna duten edo gaitasun desberdinak dituzten pertsonen beste aipamen ezegoki batzuk.


 21/15 Irizpena, Euskadiko Kooperatiben Legearen aurreproiektuari buruzkoa