Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
asteartea, 01 abenduak 2015

  • Kultura ondarea erkidego baten iraganetik berez jasotzen den kultura oinordetza da. Erkidegoa ondare horrekin bizi da eta egungo eta etorkizuneko belaunaldiei helarazten die. EGABen ustez, aurreproiektu hau tramitatzea egokia da, irizpenean egin dituzten oharrak kontuan hartuta. 
  • Batzordeak gogorarazi duenez, 2012an irizpen bat igorri zuen antzeko proiektu bati buruz eta arraroa egin zaio aurreproiektu berrian ez dela aurreko agiri hori aipatzen. 
  • Irizpenean nabarmendu denez, igorritako testuan ez dira liburuak aurreikusi kultura ondarearen parte gisa eta "hori zuzendu beharreko hutsune esanguratsua da". Era berean, lorategi historikoa eta euskal landa kirola ere kategoria babestuen artean sartzeko eskatu du.


Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari egokia irudi zaio “Euskal kultura ondarearen lege aurreproiektua" izapidetzea, kontsulta organo honek egin dituen oharrak kontuan hartuta. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak igorritako aurreproiektua da. 

Kontsultatu den aurreproiektuaren helburua izen bereko aurreko legea eguneratu eta ordezkatzea da. Duela 25 urte onartu zen, hain zuzen ere, uztailaren 3ko 7/1990 Legea, ondarearen kultura izendapena aplikatzen eta ondasun higiezinen babesa aitortzen lege aitzindaria bera. Euskal kultura ondarearen legeak kultura ondarea babestu, kontserbatu eta balioztatu nahi du; hau da, iraganetik oinordetzan jasotako ondasun multzoa, non gizarte bakoitzak kontserbatu eta helarazteko moduko balio batzuk aitortzen dituen. 

Batzordeak gogorarazi duenez, duela hiru urte irizpen bat igorri zuen jaurlaritzak aurkeztutako antzeko proiektu bati buruz eta arraroa egin zaio aurreproiektu berrian “ez dela 2012an izapidetutako aurreko agiri hori aipatzen”. Hori guztia dela eta, EGABek alde batzuk antzeman ditu bi testuen artean eta egungoa zabalagoa eta hobeto egituratua dela uste du. Horrenbestez, positiboki baloratu du. 

 

Babeserako lehentasun irizpideak eta liburuak sartzea 

EGABek bere azterketan antzeman ahal izan duenez, aurreproiektuan ez dira liburuak aurreikusi kultura ondarearen parte gisa eta "hori zuzendu beharreko hutsune esanguratsua da". 

Kultura ondarea sustatzeko neurriei dagokienez, aurreproiektuan zeharkako finantziazio koefiziente bat dago –Jaurlaritzaren eta aldundien herri lanetan inbertsioaren % 1 gutxienez-. Horren harira, baliabideak behar dituen proiektuen arabera urteko aurrekontu zehatzak ezartzea egokiagoa ez ote litzatekeen galdetu du Batzordeak. Zerga desgrabazioaren arauketa ere aipatu du eta legegile autonomikoak foru erakundeen zerga araubidea arautzeko eskumenik ez duela gogorarazi du. Kontuan hartuta zerga pizgarriak ezartzeko eskumena azken horiena dela, Batzordeari positiboa iruditu zaio legeak foru aldundiei gonbidapena luza izana, pizgarri horiek arau ditzaten. 

Babes mailei dagokienez, EGABen ustez egungo idazkuntzak ziurgabetasun juridikoa sortzen du. Izan ere, ez du irizpiderik ezartzen ondasun babestuaren esangura zehazteko, eta, beraz, ondasunik esanguratsuenak edo nabarmenenak bereizteko moduan ezar daitezela eskatu du. 

 

Lorategi historikoa eta kirol tradizionala 

Kultura ondare higiezineko babes kategorien artean "lorategi historikoa" sartzea eta "toki historikotik" bereiztea gomendatu du irizpenak. Lorategi historikoa gizakiak elementu naturaletan esku hartzearen ondorioz sortzen den antolakuntzaren emaitza da eta arkitektura edo ingeniaritzako egitura edo eraikuntzen bidez osatzen da. Euskadin definizio horretan sartzen diren hainbat espazio daude: “Floridako parkea” (1820), Vitoria-Gasteizen; “Cristina Enea parkea”, Donostian, Pierre Duccasek diseinatua; edo “Doña Casilda parkea”, Bilbon, Ricardo Bastidak diseinatua XX. mendearen hasieran, besteak beste. 

Kirol tradizionala (idi probak, aizkolariak, segalariak…) kultura ondare ukiezina babesteko kategorien artean sartzea ere proposatu du, landa munduarekin duen lotura sendoa dela eta.  

Azkenik, hondar arkeologikoak egon daitezkeen tokietan baimendu gabeko jarduera arkeologikoak egitea arau hauste oso larri gisa aurreikusteko gomendatu du eta, horren harira, halako izaera duen aztarnategi batean metal detektagailuek eragin ditzaketen kalteak gogorarazi ditu. 


19/15 Irizpena Euskadiko Kultur Ondarearen Legearen Aurreproiektuari buruzkoa