Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
astelehena, 05 urriak 2015

  • EGABen ustez, egokia da aurreproiektu hau irizpenean egindako gomendioekin izapidetzea. Hala ere, bere iritziz, aurreproiektua “ez da nahikoa gardentasun araubide ahalik eta homogeneoa ezartzeko, euskal administrazio publiko guztiak barne hartuta”. 
  • Gobernuak hasierako “Euskal Administrazio Publikoaren Lege Proiektua” bi aurreproiektutan banatu du eta horietako bat da, hain zuzen ere, aztertutako testua. EGABek bi lege aurreproiektu hauei buruzko irizpenak egin ditu: “Antolaketa eta Funtzionamendua Euskal Sektore Publikoan” eta “Gardentasuna, Herri Partaidetza eta Gobernu Ona”. Azken hori da, zehazki, komunikatu honetan mintzagai dena.  

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari egokia iruditzen zaio “Euskal Sektore Publikoaren Gardentasun, Herri Partaidetza eta Gobernu Oneko Lege Aurreproiektua” tramitatzea, kontsulta organo honek adierazi dituen oharrak kontuan hartuta. Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailak igorri du, hain zuzen ere, aurreproiektu hori. 

Kontsultatutako lege ekimenaren helburua administrazio jardueraren gardentasuna, gobernu ona eta herri partaidetza hedatu eta indartzea da, hala, hiruki kontzeptual horretan oinarritzen den administrazio kultura berri bat sustatzeko. Bada, testuinguru horretan, aipatu hiru elementuak banatu ezinezkoak izango dira. 

Jaurlaritzak bi lege aurreproiektutan banatu du “Euskal Administrazio Publikoaren Lege Proiektua”, ekainean egindako bileran Eusko Legebiltzarrak adostutakoaren ildotik. Hala, horietako bat aztertu da irizpen honetan. Zehazki, Euskal Administrazio Publikoaren Lege horretatik atera dira “Euskal Sektore Publikoaren antolaketa eta funtzionamenduari buruzko Lege Aurreproiektua” eta “Euskal Sektore Publikoko Gardentasun, Herri Partaidetza eta Gobernu Oneko Lege Aurreproiektua”. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak horietako bakoitzaren gaineko irizpen bat eman du. Azterketa honetan bigarren proiektua da mintzagaia, hots, gardentasunari, herri partaidetzari eta gobernu onari buruzkoa. 

2014an, izan ere, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak (8/2014 irizpena) Euskal Administrazio Publikoaren Legea zatitzeko proposatu zuen eta premisa horien gainean egin da, azkenean, banaketa hau. Hori dela eta, Batzordeari positiboa iruditzen zaio egindako bereizketa eta irizpen berrietan berreskuratu ditu bere garaian egin zituen eta oraindik ere indarrean dauden gomendioetako batzuk. 

Herri administrazio guztietarako araubide komuna 

Aurreproiektu berriak “euskal administrazio publiko guztietan aplikatzeko orduan aurrera egiteko ahalegina egin duen arren”, EGABen ustez “ez da nahikoa, printzipio orokorren hedadura hutsa baino ez delako”: 

Batzordearen iritziz, legearen helburua gardentasunari, informazio publikorako sarbideari eta gobernu onari buruzko printzipioak “euskal administrazio publiko guztietara salbuespenik gabe” hedatzea izan behar da. Hori dela eta, printzipio horiek “ezin dira zatitu politika partzialetan euskal administrazio publiko desberdinek estaltzen dituzten eremu bakoitzaren arabera”. Egoera hori antzeman da, izan ere, jaurlaritzak aurkeztutako lege aurreproiektuan, araua tokiko erakunde eta foru organoetan nola aplikatu zehazten baita. EGABen ustez, muga horiek “gehiegizkoak dira eta hutsaldu egiten dute euskal administrazio guztientzat ahalik eta homogeneoena den gardentasun araubidea ezartzearen funtsezko helburua”. 

Ildo horretatik, Batzordean aburuz, “ez dago eragozpenik euskal administrazio publiko guztientzako araubide komuna ezartzeko”, administrazio publikoen autoantolaketa printzipioa errespetatzeko kautela juridikoak zainduta. 

Beharrezko arau garapena 

EGABen irizpenak honakoak azpimarratzen ditu aurreproiektuko alderdi esanguratsu gisa: gobernuaren ekintza objektibo bihurtu eta zehaztea; datu publikoak berrerabiltzeko moduan irekitzen direla arautzea, eta, zehazki, gardentasuna gehiago zehaztea. Hala, “administrazio publikoek interneteko atariak (Irekia, adibidez) egokitu beharko dituzte, herritarrei eman beharreko dokumentazioa hedatzeko. Prozesu hori beharrezkoa da gobernu onerako”: 

Hala ere, EGABen ustez, nahikoa arautu gabe dauden beste alderdi batzuk ere badaude. Hala, bere ustez, araudiaren idazkuntza “zabalegia eta konplexuegia da” batzuetan, eta beharrezkoa da bertan “araudi garapen garrantzitsua sartzea, haren eraginkortasuna bermatzeko”. Izan ere, garapen hori ez dago aurreikusita azken xedapenetan. 

Erakunde independentea emaitzak ebaluatzeko 

Politika publikoen ondoriozko lege, plan eta programak aldizka ebaluatzeari dagokionez, EGABen iritziz,  ospe akademiko edo zientifikoa duen erakunde independente bat arduratu beharko litzateke funtzio horietaz. Halaber, EAEko kontsulta organoei aukera eman nahi die, Legebiltzarrari bezala, ebaluazio prozesuetan egokitzat jotzen dituzten proposamenak egiteko. Horrez gain, Legebiltzarrari igorri behar zaion eta  argitaratu egin behar den “Gardentasunari buruzko urteko txostena” Gardena izeneko gardentasunaren euskal agentziak egiteko eskatzen du (eta ez Eusko Jaurlaritzako Sail egokiak).  

Azkenik, politika publikoak egiteko orduan herritarrek duten partaidetza aztertuz gero, EGABek “partaidetza hori era egokian argitzeko” eskatzen du, eta, aldi berean, bidezko kontsulta organoak –esaterako EGAB- egokitzat jotzen ditu, kontsultak “gobernu batzordean onartu ondoren” egin daitezen.


12/15 Irizpena  Euskal Sektore Publikoaren Gardentasunaren, Herritarren Parte Hartzearen eta Gobernu Onaren Lege-aurreproiektuari buruzkoa