Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
astelehena, 05 urriak 2015

  • EGABek egokitzat jotzen du aurreproiektu honen tramitazioa, baina ohartarazi du ez dela posible izango Euskal Administrazio Publikoa arrazionalizatzea eta bikoiztasunekin amaitzea, "baldin eta ez bada arauaren aplikazio-eremua EAEko administrazio publiko guztietara zabaltzen”. 
  • Legearen helburua da sektore publikoa arautzea eta kudeaketa hobetzea, arrazionalizazioaren, argitasunaren, efikaziaren, eraginkortasunaren, sinplifikazioaren eta gardentasunaren printzipioei jarraiki.  
  • Eusko Legebiltzarrak hala aginduta, exekutiboak euskal sektore publikoari buruzko bi lege-aurreproiektu aurkeztu ditu: bat, “antolaketari eta funtzionamenduari buruzkoa”; bestea, “gardentasunari, parte-hartzeari eta gobernu onari buruzkoa”. Berton laburtutako irizpenak horietako lehenengoa aztertzen du.


Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jotzen du “Euskal Sektore Publikoko Antolamenduari eta Funtzionamenduari buruzko Lege Aurreproiektua”ren tramitazioa, irizpenean jasotzen dituen oharrak kontuan hartuta. Kontsultagai izan den testua Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailak eman du. 

Legegintza-ekimenaren helburua da administrazio publikoaren eta EAEko sektore publikoko erakunde guztien antolamendua eta funtzionamendua arautzea. Horren harira, gogorarazi behar da pasa den ekainean Eusko Legebiltzarrak “Euskal Administrazio Publikoaren Lege Proiektua” eztabaidatu zuela eta exekutiboari beste bi lege-proiektu emateko eskatu ziola: bat, euskal sektore publikoaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzkoa; bestea, gardentasunari, parte-hartzeari eta gobernu onari buruzkoa. Legebiltzarraren agindu hori bat dator EGABek euskal administrazio publikoaren legea aipatutako bi eremuetan banatzeko egokitasunari buruz egindako proposamenarekin (8/2014 irizpena). 

EAEko administrazio guztiak bateratzea 

Emandako lehenengo legearen analisian –“Euskal Sektore Publikoaren Antolamendua eta Funtzionamendua”–, EGABek positiboki balioesten du sektore publikoa arautzea eta kudeaketa hobetzea helburu duen erreforma, “arrazionalizazioaren, argitasunaren, efikaziaren, eraginkortasunaren, sinplifikazioaren eta gardentasunaren printzipioei jarraiki”. 

Hala ere, Batzordeak argi ohartarazten du ez dela posible izango Euskal Administrazio Publikoa arrazionalizatzea eta bikoiztasunekin amaitzea, "baldin eta ez bada arauaren aplikazio-eremua EAEko administrazio publiko guztietara zabaltzen”. Hori dela eta, dio egokiena izango litzatekeela Euskal Sektore Publiko osoaren antolamendua arautzen duen legea sortzea; alegia, “hiru administrazioetarako (autonomikoa, forala eta tokikoa), horien administrazio orokorrerako, erakunde autonomoetarako, zuzenbide pribatuko erakunde publikoetarako eta horien mendeko enpresa eta/edo erakundeetarako eta ordezkaritzako eta kontsultarako administrazioetarako”. 

Hori horrela, EGABek gogorarazten du EAEk badituela “Eusko Legebiltzarrak legezta ditzakeen eskumen esklusiboak, udalerri eta foru-aldundiei beren sektore publikoaren antolamendu zehatza aginduz, historikoki sortzen joan diren bikoiztasunak murrizteko”. Bestela, Batzordeak ulertzen du “EAEko administrazioak “armonizatzeko” aukera galtzen ari dela, lege honen bidez”. 

Politika publikoen ebaluazioa 

Legegintza-testuaren analisian, EGABek pasa den urtean eman zuen irizpenean aipatutako kontu batzuk errepikatzen ditu (Euskal Administrazio Publikoaren Lege Aurreproiektuari buruzko 8/2014 Irizpena); horiek proiektu berrian jaso dira. Horrela, esaterako, administrazio-egiturei eusteari, bikoiztasunak ezabatzeari edo administrazioen arteko koordinazioari buruzkoak. 

Halaber azpimarratzen du aztertutako aurreproiektuak lehenengoz arautzen duela politika publikoen ebaluazioa –“ezinbesteko elementua kudeaketa publikoa optimizatzeko, orain arte egiteko egon dena”–, eta defendatzen du arau hori Legebiltzarrak eskatutako bigarren legearekin egokitzeko eta koordinatzeko beharra dagoela: “gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta gobernu ona”. 

Administrazio-prozedurak sinplifikatzeko eta administrazio elektronikoa sustatzeko hartutako neurriak EGABek “oso positibo”tzat jotzen ditu, baina aurretik hobegarri gisa kalifikatu zituen kontu batzuk identifikatu ditu, aurreproiektu honek behar bezala zuzendu ez dituenak. Besteak beste, sortzen diren erakunde berrien forma juridikoaren hautaketa zehazten duen irizpiderik ez egotea, gaur egun administrazioek jarduten duten diskrezionaltasuna mugatu ahal izateko. 

Eremu horretan, EGABek babesten du erakunde autonomoen eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoen eraketa legez egin behar izatea, eraketan legebiltzar-kontrola babesteko. Batzordeak proposatzen du kontrol hori iraungipenera arte zabaltzea –“modu berean legez, eta ez dekretuz”–, Legebiltzarrak egiaztatzeko erakundearen edo organismoaren eraketan jasotako aurreikuspenak betetzen direla. 

Kontsulta-organoak arrazionalizatzea 

Batzordeak “EAEko kontsulta-administrazio zabala berrikusiko eta araztuko duen” plan berezia zehazteko beharra adierazten du. Aztertutako aurreproiektuak organo berrien sorrera eteten badu ere, EGABek “kontsulta-organoen mapa arrazionalizatzeko eta sinplifikatzeko beharra” azpimarratzen du. 

EGABek uste du sektore publikoa arrazionalizatzeko plan operatiboa berariaz ezartzeak aukera emango lukeela dimentsioa ebaluatzeko eta, gero, arrazionalizatzeko; hori arauan xedapen gehigarriaren bidez sartzea iradokitzen du.


13/15 Irizpena Euskal Sektore Publikoko Antolamendu eta Funtzionamenduaren Lege Aurreproiektuari buruz