Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jotzen du Kirol arloko Lanbideei Heldu eta horietan Jarduteari buruzko EAEko Lege Aurreproiektua izapidetzea, aholku-organo horrek egin dituen gogoetak erantsita. Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailak aurkeztu du aurreproiektua.
Kirol arloko zenbait lanbideri heltzeko eta horietan jarduteko funtsezko alderdiak antolatu nahi dira kontsultatutako legegintzako ekimenaren bidez, lanbide horiek eta horietan jarduteko esparruak berariaz aitortuz, bai eta lanbide horietan hasteko eskatzen den kualifikazioa ere. Albora utzi dira boluntariotza-, adiskidetasun- edo familia-harremanen eta antzekoen esparruan egiten diren jarduerak.
Kirola, politika publiko gisa
Kirola interes publikoko gizarte-jarduera da, pertsonak bete-betean prestatzeko eta garatzeko, bizi kalitatea hobetzeko eta norbanakoak eta gizartea ondo izateko lagungarria; horrelaxe definitzen du Euskadiko Kirolaren Legeak. Gainera, jarduera ekonomikorako, turismorako eta aisiarako ekarpena egiten du. Horregatik guztiagatik, Eusko Legebiltzarrak, 2012ko otsailean, kirol arloko lanbideak arautzeko eskatu zion Jaurlaritzari, eta berariaz eskatu zion “inplikatuta dauden eragile guztiekin lankidetzan” egin zezala.
Ildo horretan, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen irizpenean “galdetzen da ea zeintzuk eragileri egin zaien kontsulta, zeren eta hemen -EGABen- ordezkaritza duten eta arau hori eragiten dien erakundeetariko batzuei ez baitzaie kontsultarik egin”. Hala ere, Batzordeak ekimenaren balorazio positiboa egin du. Azpimarratu egin du, zehazki, “kontsumitzaile eta erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna babesteko betetzen duen eginkizun garrantzitsua”.
Askotariko prestakuntza
Orain arte kirolaren lan-merkatua irekienetakoa izan da, eta zenbait lanbidetan aritzeko aukera eman izan die askotariko prestakuntza eta titulazioak dituzten pertsonei, baita prestakuntza eskasa dutenei edo batere prestakuntzarik gabekoei ere. Zenbait lanbidetako jarduerak eragin handia duenez kirolzale, kontsumitzaile edo erabiltzaileen segurtasunean eta eskubideetan, lege aurreproiektuaren helburua da haiek behar bezala babestuta egon daitezela eta publizitate egokia egin dadila, “zuhurra eta egiazkoa, itxaropen faltsurik sortzen ez duena”.
Legeak ezartzen du, halaber, zerbitzuak emateko kontratu guztiak idatziz egin behar direla eta horietan argi frogatu behar dela profesionalen kualifikazioa. Kualifikazio-froga hori dela eta, aurreproiektuak dioenez, profesionalek dagokien lanbide elkargoan inskribatuta egon beharko dute, edo bestela EAEko Kirol arloko Profesionalen Erregistroan, eta erregistro hori publikoa izango da.
Azkenik, EGABek egokitzat jotzen du arau-proiektu horretan tratu eta aukera berdintasuna sustatzea legean araututako lanbideei heltzerakoan eta horietan jarduterakoan, “kontuan izanik emakumeek behar baino partaidetza txikiagoa dutela kirol arloko lanbideetan”.
11/15 Irizpena, Euskal Autonomia Erkidegoan kirol-ogibideetara iritsi eta horietan jarduteko Lege Aurreproiektuari buruzkoa