Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
osteguna, 09 uztailak 2015
   
  • Txosten sozioekonomikoak iturri ofizial desberdinen datuak alderatzen ditu EAEko gizarte- eta ekonomia-egoeraren irudi zehatza aurkezteko. Halaber, zenbait gogoeta egiten du, EGABk eztabaidatu eta adostu ostean.
  • Gaur aurkeztutako dokumentuan, besteak beste, hurrengoak kontsulta daitezke: EAEren egoera ekonomikoa, lan-merkatuan aldaketak, I+G+ba, eboluzio demografikoa, gizarte-babesa, hezkuntza, osasuna edo ingurumena.
  • Egungo egoerak ziurgabetasunak izan arren, inflexio-puntuan gaude eta jarduera ekonomikoa berreskuratzeko joera dago. EAEn barneko eskearen hazkuntza izan da eta, ondorioz, hazkuntza-agertokia baieztatzen da. Egoera horretan, ekonomiaren posizio lehiakorra hobetzeko ahaleginak bikoiztu behar dira eta, horretarako, enpresa-sarea eta, bereziki, berrindustrializazioa berreskuratzera bideratuak dauden herri-politikak garatu behar dira, EGABren arabera.
  • Enplegua gehitu da, baina, baita behin-behinekotasuna ere eta kontratazio ugari egiten dira denbora partzialean.
  • Azkeneko urteetan bizi izan den krisiaren eragina nabarmena da eta egiazko pobrezia areagotu da. Hala eta guztiz ere, posizio erlatiboa aldekoa da, EAE Estatuko eta Europako batez bestekoaren gainetik mantentzen da gizarte-babesean.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak gaur goizean Bilbon 2014ko Txosten Sozioekonomikoa aurkeztu du. EGABren lan hau dokumentu zabala da eta iturri ofizial desberdinetatik datozen datu sozioekonomikoak jasotzen ditu, baita alderatu eta aztertu ere, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte- eta ekonomia-egoerari buruzko irudi zehatza eskaintzeko.

Aztertutako gaiari dagokionez, datuak lantzeaz gain, Txosten Sozioekonomikoak hainbat gogoeta egiten du, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen barruan eztabaidatu eta adostu ondoren. Hausnarketak hamar bat ataletan multzokatzen dira eta azterlanaren gai guztiak dituzte kontuan: besteak beste, EAEren egoera ekonomikoa eta kanpoko testuingurua, lan-merkatuan aldaketak, I+G+ba, eboluzio demografikoa, gizarte-babesa, hezkuntza, osasuna edo ingurumena.

Ekonomia: hazkuntzara itzultzea

Egungo egoerak ziurgabetasunak izan arren, inflexio-puntuan gaude eta jarduera ekonomikoa berreskuratzeko joera dago. 2013. urtean hasitako suspertze mailakatuak eurogunean jarraitzen du eta Espainian antzematen den agertokiak jarduera ekonomikoaren bizkortzea ikusten uzten du.

EAEri dagokionez, egitura-informazioak hazkuntzara bueltatzeko eszenatokia baieztatzen du. Ildo horri jarraiki, barneko eskea gehitu da, enplegua berreskuratzen ari baita, euskal enpresak eta familiak geldialdia amaitzen ari baitira, finantzazio-kostua murrizten ari baita, kanpoko sektoreak arrastatze-efektua baitu eta konfiantza berreskuratzen ari baita.

Susperraldi-testuinguru honetan, EGAB kezkatua ageri da euskal enpresa-sarearen dimentsioagatik. Nolanahi ere, “hausnarketa egiteaz gain, jardutea eskatzen du”. Horregatik, Batzordearen ustez herri-politikak, bereziki, berrindustrializaziora bideratu beharko lirateke, “helburu bezala krisiaren aurreko denboraldiko BPGan industria-sektorearen kuotara itzultzeko”.

Enplegua: behin-behinekotasuna eta lanaldi partziala areagotu dira.

2009. eta 2013. urteen artean Euskadin ia ehun mila lanpostu galdu ziren, hau da, guztiaren %10a. 2014. urtean inflexio-puntu positiboa izan zen, nahiz eta sortutako enpleguaren behin-behinekotasunak ñabarmendu: 2014. urtean sinatutako kontratuetatik aurki iritsi zen %5 mugagabe izatera. Halaber, kontratazioa partziala izan da eta krisiaren aurreko egoera bikoiztu du. Azkenik, langabeziaren eboluzioa negatiboa da, populazio aktiboa gehitzearen ondorioz.

Euskadin langabezia-tasa %15 ingurukoa da eta luzaroko langabeziak gorantz egin du (pertsona langabetuen %57,4tik %65era, 2013. eta 2014. urteen artean). Modu berean, langabeziarengatik prestazioen denboraldiak amaitu zaizkie, “beraz, enpleguaren politika aktiboek oraindik garrantzi handiagoa dute lan-merkatuan sartzeko eta gizarte-ongizatea lortzeko oinarrizko elementu bezala”. 30 urtetik beherako gazteen artean langabezia krisia hasi zenetik bost aldiz handiagoa da eta Europar Batasuneko erreferentziazko herrialdeetatik urrun kokatzen da.

Hezkuntza: LH teknikoa sustatzea

Hezkuntzaren arloan hezkuntza-adierazleak nahiko positiboak dira. Ildo horri eutsiz, goi-mailako hazkuntzan graduazio-tasa zientzian eta teknologian altua da, ikasleko gastua bezala eta irakasleko ikasle-kopurua egokia da. Eskolatze-tasa, eskola modu goiztiarrean uztea, ikaste iraunkorra eta biztanleria gaztearen prestakuntza-maila EBren maila ertainaren edo helburuaren ildotik doa. Biztanle helduen ikasketa-mailari eta ikasleen adinean egokitasun-tasari dagokionez, hoberantz egin du.

Testuinguru honetan, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Lanbide Heziketan matrikulazioa gehitzeari buruzko hausnarketa egin du, oraindik Batxilergokoa baino txikiagoa baita. Horrez gain, lanbide-ikasketetan, batez ere, profil teknikoa nahiz lan-merkaturatzea hobea duten horietan emakumezkoen partaidetza txikiagoa landu du.

EGABk egiaztatutakoarekin bat, EAE modu esangarrian goi-mailako irakaskuntzara bideratuta dago eta bidezkoagotzat jotzen du diseinu “malguagoa eta ingurunearen eske aldakorretara hobe bideratzen dena” egitea. Gainera, LHan profil teknikoak gehiago sustatu beharko lirateke, beste lanbide-familia batzuen aldean. Azkenekoetan eskea handiagoa da, baina lan-merkatuan sartzeko orduan aukera gutxiago dago.

Demografia galtzea

Euskadi termino absolutuetan demografia galtzen ari da, lanerako adinean dagoen biztanleriaren tartea murriztearekin eta adinduen taldeak pixkana gehitzearekin areagotuta.

Jaiotza-tasa europar herrialde gehienetan baino txikiagoa da eta lan- nahiz familia-bizia bateratzeko zailtasunek gelditzen dute, hortaz, “euskal herritarrek, gizarte-eragileek eta herri-agintariek lan-bizia bateratzeko EAEko sistemaren egungo ahuleziari buruz kontzientzia handiagoa izan beharko lukete” EGABren iritziz. Hala, adostasunetik lan-bizia bateratzeko politiketan sakontzea eskatzen du.

Immigrazioari dagokionez, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egiaztatutakoarekin bat, familia immigranteen bizi-baldintzek, bereziki, Erkidegotik kanpokoak direnen horiek okerrera egin dute eta pobrezia-tasak %50era hurbiltzen dira.

Pobrezia eta bizi-itxaropena hazi dira

Azkeneko urteetan bizitako krisiaren eragina nabarmena da. Egiazko pobrezia biztanleriaren %5,9ra (127.000 pertsona inguru) iristen da, beraz, 2008. urteko datuekin erkatuz gero, ehuneko 1,7 puntutan gehitu da.

EGABk krisiaren ondorioei buruz ohartarazi du, “2008. urtera arte ikusitako aurrerapenak azkeneko bi urte hauetan arriskuan jartzen hasi baitira”. Hala ere, EAEn pobreziaren eta baztertzearen arriskua nahiko tasa txikietan mantentzen da, EBren baremoaren arabera: “gizarte-babesaren egiturak eta banaketa-mekanismoak sortzeko euskal gizartearen ahalegin kolektiboaren lekukoa da eta, ondorioz, gizarte-kohesioaren maila altuak manten daitezke”, azpimarratzen du EGABk eta mantendu behar dira.

Bestalde, bizi-itxaropena Euskadin igo da, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan. Hala eta guztiz ere, minusbaliotasunaren bizi-itxaropena gehitzearen kargura egin du, neurri handi batean, are gehiago, emakumezkoen kasuan. EGABren iritziz, egoera horrek ondorengoa nabarmentzen du: “zahartze aktiboa sustatzen duten herri-politikak behar direla, pertsona helduen gizarte-integrazioaren modu berriak eta jarduera ekonomikoaren hobi berriak sor baititzake”.  

Gizarte-babesa: batez bestekoaren gainetik

EAEk gizarte-babesaren arloan europar testuinguruan oso posizio nabarmena du. Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak eta DSBEak gastua eta pertsona onuradunak mantentzen dituzte Espainiako batez bestekoaren oso gainetik: EAE Estatuko funts guztien %41,8 da (milatik 34ko estaldura nazioko batez bestekoaren milatik 5,48ren aldean).

Hala eta guztiz ere, EGABren ustez, sistemak enplegurako iragaitea erraztu behar du eta, horretarako, politika aktiboekin integrazioak hobea izan behar du, “are gehiago, epe laburrean, babes-beharrak handiagoak izango baitira, langabeziarengatik prestazioak amaitu dituzten langabetu gehiago izango direlako”.