Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
asteazkena, 08 uztailak 2015
  
  • Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iritziz, ingurumena babestera bideratutako inbertsioetarako enpresei diru-laguntzak ematea arautzen duen Dekretu Proiektua izapidetzea egokia da, irizpen honetan egindako oharrekin. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak aurkeztu du.
  • EGABek “positibotzat eta beharrezkotzat” jo du araudi-ekimen berria, erkidegoaren irizpideekiko desoreka ekiditea helburu duena. Segurtasun juridikorako, dekretuak esleipenerako irizpideek zerrenda luze bat barne har dezan eskatu du.
  • Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak irizpen hau argitaratu dela aprobetxatu du “diru-laguntzak emateko araudi sektorialean ageri diren irizpide sozialei emandako trataeraren inguruan hausnarketa globala egin dadin” eskatzeko.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iritziz, ingurumena babestera bideratutako inbertsioetarako enpresei diru-laguntzak ematea arautzen duen Dekretu Proiektua izapidetzea egokia da, irizpenean egindako oharrekin. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak aurkeztu du proiektua. 2010eko proiektu bat ordezkatuko du, erkidego mailan gai horren inguruan dauden zuzentarau berrietara egokituz. 

Duela bi hamarkada baino gehiagotik, EAEn euskal enpresetan ingurumenerako inbertsioak sustatzeko laguntza-programak daude. Diru-laguntza horiek berebizikoak dira enpresek –eta bereziki ETEek– ingurumenaren babeserako eta lehiakortasunerako kota altuagoak lortzeko inbertsioak egin ahal izateko.

Agerikoa denez, Europar Batasunaren diru-laguntza publikoen gaineko kontrol zorrotza egiten da, enpresen lehiakortasun askea faltsutzeko diru-laguntzak ekiditeko. Duela gutxi aldaketa batzuk egin dira EBk ingurumenaren arloko diru-laguntzak baloratzeko eta kontrolatzeko dituen irizpideetan eta beraz, EGABen ustez "berebizikoa" da euskal araudia berrikustea, erkidegoko irizpideekin alderatuta egon daitezkeen desorekak konpontzeko eta berritasun horiek “EAEko enpresentzako eta ingurumenaren babeserako onuragarriak” izan daitezkeen proiektuetan sartzeko. Horregatik, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak "positibotzat eta beharrezkotzat" jo du ekimen arautzaile hau.

Nahasteak ekiditeko argibide gehiago

Euskal kontsulta-organoak egindako kontsiderazioen artean, testuan “zalantzak eragin ditzaketen” aspektuak argitzeko gomendioak dira azpimarragarrienak, horrela “nahasteak ekiditeko”. Adibidez, arauak mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioaren erreferentzia osoa barne hartzeko eskatu du, Europar Batasunak ere horixe gomendatu zuelarik. Izan ere, hori "berebizikoa da diru-laguntza mota honen onuradunak nortzuk izan daitezkeen zehazteko". Dekretuak diru-laguntzak emateko irizpideen zerrenda luzea ere barne hartu beharko lukeela uste du, beste irizpiderik aplikatzen utzi gabe, “segurtasun juridikoa bermatzeko”.

Diru-laguntza espezifikoei dagokienez, EGABen irizpenak ingurumenaren gaineko azterlanak egiteko diru-laguntzei eta ETEek ingurumenaren arloko aholkularitza-zerbitzuak kontratatu ahal izateko diru-laguntzei egiten die erreferentzia. Bi diru-laguntza horiek berez ingurumena babesteko inbertsioak ez badira ere -eta ondorioz, zalantzaren bat piztu dezakete-, EGABen aburuz “ETEak ingurumena hobetzearen kulturara batzeko berebiziko tresna” dira eta diru-laguntza horiei esker ETEak ingurumenaren arloan sentsibilizatzeko aurrera pauso handiak eman direla gogorarazi du.

Diru-laguntzen irizpide sozialei buruzko hausnarketa globala

Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak irizpen hau argitaratu dela aprobetxatu du “diru-laguntzak emateko araudi sektorialean ageri diren irizpide sozialei emandako trataeraren inguruan hausnarketa globala egin dadin” eskatzeko. Aztertutako dekretuaren kasuan, diru-laguntzak esleitzeko irizpide sozialen arabera, beharrezkoa da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako plan bat edo egiaztapen baliokide bat izatea langileen artean. Batzordearen esanetan, “zuzentarau globalik ez dagoenez, diruz lagun daitekeen arau sektorial bakoitzean ausazko trataera zatikatua dago eta ondorioz, irizpide sozialak ez dira berdin tratatzen, guztiek ere indar publikoen partetik sustapen berdina izatea merezi badute ere".

Kasu honetan, berdintasunari lehentasunezko trataera ematen zaiola adierazi du eta "gizartearen interesekoak izan daitezkeen beste gai batzuekin ez dela gauza bera gertatzen, esate baterako laneko arriskuen prebentzioarekin, gazteen enpleguaren sustapenarekin eta dekretuan aipatzen ez diren beste gai askorekin”. “Diru-laguntzetarako dekretuak kasu bakoitzean diruz lagun daitekeen ekintzaren helburutik at dauden gaiak zeharka finantzatzeko erabiltzeko asmo zintzoa zalantzan jartzen dela" ere gogorarazi du. 


10/15 Irizpena, Ingurumena babestera bideratutako inbertsioetarako enpresei dirulaguntza ematea arautzen duen