Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Enplegu Publikoaren Lege Aurreproiektuari buruzko ikuspuntu kritikoa azaldu du, izapidetzea egokitzat jo arren, betiere kontsulta-organo honek egin dituen gogoetak kontuan hartzen badira. Euskal Enplegu Publikoaren Lege Aurreproiektua Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailak aurkeztu du.
Arauaren xedea euskal enplegu publikoa antolatzea, lege-araubidea definitzea eta kudeaketa-tresnak garatzea da. Ildo horri eutsiz, enplegu publikotzat jotzen da edozein administrazio, erakunde edo organismo publikotan zerbitzu profesional ordainduak eskaintzen dituen lanpostuen multzoa. Aztertutako aurreproiektuak euskal funtzio publikoaren erregulazioari eta langileen lege-araubidea zehazteari dagozkion xedapenak ditu.
Arau hau funtzio publikoa arrazionalizatu eta modernizatzeko prozesu luzearekin lotzen da. Hori mailakatua izan da, bereziki, 1993az gero, euskal administrazio publikoetarako esparru erkidea finkatzeko xedez, baina, aldi berean, tokiko eta foruko administrazioen nahiz Euskal Herriko Unibertsitatearen autonomia errespetatu nahi izan da.
Ez da eredu integrala egituratzeko gai
Hala eta guztiz ere, EGABk bere iritzia emateko aztertu duen lege-aurreproiektuak aipatu helburuari, hau da, arrazionaltasunez eta eraginkortasunez hornituta, Euskal Funtzio Publikoaren eredu integrala osatzeari ez diola erantzuten ondorioztatzen du, “halako eredua egituratzeko gai den arauaren izaera ez baitu”. Ildo horri eutsiz, Batzordearen ustez, “Eusko Jaurlaritzak EAEko erakunde erkidego bezala duen zereginari eta, horrekin, publikoa denaren kudeaketa arrazionalizatu eta bateratzen duen Euskal Funtzio Publikoaren eredu integrala egituratzeari uko egiten dio”.
Horregatik, EGABren iritziz “gobernua tokiko eta foruko administrazioen autonomia-printzipioaren interpretazio zabalegia eta adeitsuegia egiten ari da eta gure Erkidegoaren legezko esparruaren barruan eredu integralerantz aurrera egiteko aukera guztiak arakatzea desiragarria litzateke”.
Aplikazio-eremua, langileen estatutua eta negoziazio kolektiboa
Gogoeta orokorretan EGABk arauaren aplikazio-eremua hobe argitzea eskatzen du. Halaber, fundazioak eta merkataritza-sozietateak sartzen al dituen zehaztu beharko luke, kapital gehiena publikoa bada eta lurralde-administrazio publikoek sortu badituzte. Ildo horri jarraiki, lege-segurtasunerako “euskal sektore publikoak adiera bakarreko kontzeptua eta ez, ohiz gertatzen ari den bezala, lege bakoitzaren arabera aldakorra izan behar duela” gogorarazten du.
Halaber, kontsulta-organoak argitaratutako irizpenarekin bat, langileen lege-estatutuari dagokion erregulazioa partziala eta urria da, “beraz, desiragarria den bezala, langile publiko guztien lan-baldintzak homogeneizatzeko orduan, zailtasun nabarmenak izango dira eta, horrekin, administrazio desberdinen artean ez dira gaindituko ordainsarien eta funtzioen desberdintasunak eta bidegabekeriak”. EGABren ustez, zailtasun askoren oinarria da prozedura batzuk (besteak beste, administrazioen arteko mugikortasuna, iritsi eta sustatzeko prozesuak homogeneizatzea, berdintasun-planak, euskalduntzea edo prestakuntza) lantzeko orduan erregulazio unibertsalik ez egotea.
Aurreproiektuan sartzen den negoziazio kolektiboari dagokionez, EGABk negoziazioaren xede diren arloak zehaztea proposatzen du, “enplegu publikoari eragiten dieten gaietan sindikatuen partaidetza bermatzeko modua baita eta, gainera, giza baliabideak kudeatzean alde bakarrak bere kabuz jardutea saihestuko bailitzateke”.
Zuzendaritza-postuak eta behin-behinekotasuna
EGABren iritziz, herri-administrazioetan zuzendari profesionalaren irudiak langile publikoa profesionalizatzera bideratu behar du, hortaz, zuzendaritza-lanpostuak administrazioetako langile funtzionario edo lan-kontratuko finkoentzat gorde beharko lirateke. Kanpoko langileen kontratazioak salbuespenezkoa izan beharko luke eta “bakarrik denbora mugatuz egin beharko litzateke, baina ez legealdiekin bat”.
Enpleguan dagoen behin-behinekotasunaren maila altuari buruz -“justifikatzea zaila den anomalia”-, Batzordeak enplegu publikoa finkatzeko prozesu bereziaren deialdia egitea eta egitura-plazak betetzen dituen behin-behineko enplegua finkatzeko deialdiei begira langileen ordezkariekin negoziatzea defendatzen du.
Hizkuntza-eskakizuna
Azkenik, irizpenean jasotako gogoeta berezien artean, EGABk langile publikoek “beren borondatetik kanpoko arrazoiengatik lanposturako eskatzen den hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea lortzen ez badute” karrera profesionala garatzean duten blokeoagatik bere kezka azaldu du.
Ildo horri eutsiz, aurreproiektuak berak, araubidezko garapenaren bitartez, aparteko egoeratan eta objektibotasunez nabarmenki azal daitezkeen arrazoiengatik, Gobernuari zenbait titularri hizkuntza-eskakizunez salbuesteko ahalmena ematen dio eta arrazoi berdinak lehiaketaren bidez postuak hornitzeko eta sustatzeko kontuan hartzea eskatzen du, “bestela, izatezko bidetik, herri-administrazioan mugikortasun eta sustapenerako aukerak urratzen dira”.
9/15 Irizpena. Euskal Enplegu Publikoaren Lege Aurreproiektuari buruzkoa