Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iritziz, kontsulta-organo honek egindako gogoetekin, “Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen konposizioa arautu eta eguneratzen duen Dekretu Proiektua” izapidetzea egokia da. Aurreproiektua Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunaren Sailak aurkeztu du.
Arauaren xedea, kideen espezializazioari, bikaintasun-mailari eta I+G+baren balio-katean duten tokiari erreparatuz, kideen berrantolaketa-prozesuaren ildotik Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea arautzea da. Era berean, dekretuak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari dagozkion Eragileen Erregistroa eratzea aurrez ikusten du.
Sarea ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-erakundeen multzoa da eta hiru antolamendu-ardatz ditu: I+Garen balio-katean kokapena, lehentasunezko ikerketa-arloetan espezializazio-maila eta ikerketaren bikaintasuna. Sare honetan eragile desberdinek parte hartzen dute, besteak beste, teknologia- eta ikerketa-zentroek eta enpresetako nahiz unibertsitateetako I+Garen unitateek.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez, proposatutako berrantolaketa egokia da, nahiz eta zenbait gogoeta egin. Nolanahi ere, horiek “dekretu-proiektu honen eremua gainditu arren, interesgarritzat jotzen ditugu, 2020 Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Plana ez zaigula kontsultatu kontuan hartuta”.
Geldialdiaren arriskua
Ildo horri eutsiz, EGABk aipatutakoarekin bat, 2013. urtean Euskadin BPGaren gainean I+Gan gastua %1,99koa izan zen, hain zuzen ere, aurreko urtean baino gutxiago eta Eurogunearen (%2,12) eta erreferentziazko herrialdeen (Finlandia (%3,32), Suedia (%3,21) edo Japonia (%3,38, 2011. urtean)) azpitik. Datu horiek kontuan hartuta, “I+G+baren oinarrizko adierazleek geldialdi kezkagarria izan dute, Europan arloan buru direnei hurbiltzea eten egin baita, aurreko urteetan gertatutakoarekin alderatuta” dio Batzordeak eta “Administrazioan 2010. urtean izan zuen sabaiarekiko %15eko murrizketaren” ondorioak azpimarratzen ditu.
Halaber, EGABk gogorarazitakoari jarraiki, “Berrikuntza Adierazleen Panel Europarraren” datuak, zenbait adierazletatik abiatuta, berrikuntza-jarduerak garatzeko herrialdeen gaitasunak neurtzen dituenak, EAEn EB-27ko batez bestekoaren azpian kokatzen dira, Eustaten datuen arabera. Horrengatik guztiarengatik, kontsulta-batzordeak inbertsio txikiagoaren ondorioez ohartarazten du, “I+Garen jardueren sektorean eta sektoreko pertsonen enpleguan ondorio negatiboak izango baititu”.
Lanbide Heziketaren Zentroak sartzea
Kontsultatutako dekretu-proiektuak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen kide diren hamar eragile deskribatzen ditu, horien artean Lanbide Heziketako Zentroak agertu gabe. EGABren esanetan, zentro horiek “askotan enpresa txikienak I+G+bra iristeko ate bakarra dira” eta, horregatik, beren berezitasunetarako tratamendu bereziarekin Sarean sartzea proposatzen du.
Halaber, EGABren irizpenak sarean artikulazioa ez hain lineala izateko eta dinamismoaz baliatzeko, baita kide batzuk nazioarteko bihurtzeari dagokionez zehaztasun handiagorako ere zenbait iradokizun eskaintzen ditu. Azkenik, glosario modura, artikulu bat sartzea proposatzen du, dekretu-proiektuan aipatzen diren kontzeptu batzuk zehatz-mehatz definitzeko.
6/15 Irizpena Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari dagokion konposizioa arautu eta eguneratzen duen dekretu-proiektuari buruzkoa