Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iritziz, "Suteak Itzali eta Prebenitu nahiz Salbatzeko Zerbitzuei buruzko Legearen Aurreproiektua” izapidetzea egokia da, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin. Aurreproiektua Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aurkeztu du.
Orain arte Suteak Prebenitu eta Itzali nahiz Salbatzeko Zerbitzuek, herritarrek suhiltzaile bezala ezagutzen dituztenek, ez zuten arau propiorik eta beren lege-araubidea Larrialdiak Kudeatzeari buruzko Legean (apirilaren 3ko 1/1996 Legea) zegoen. Gainera, arlo horretan euskal erakundeen hiru mailen (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udalak) aginpideak elkartzen dira eta gaur egun zerbitzuak hiru euskal hiriburuek, hiru Aldundiek eta Aiarako Partzuergoak eskaintzen dituzte. Guztira 25 parke daude eta EAEko lurralde osoa hartzen dute, baina titularraren eta lurraldearen arabera, ezaugarriak desberdinak dira. Aurreproiektuak suteak itzali eta prebenitzeko nahiz salbatzeko zerbitzuaren jarduera arautu nahi du. Ildo horri jarraiki, erakunde desberdinen artean aginpideak mugatu eta bere langileen estatutu-araubidea arautzea du helburu.
Bere irizpenean, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak positiboki balioztatzen du ekimen legegilea, “arauari izaera osoa ematen baitio eta zerbitzu horiek izaera homogeneo eta unibertsalez hornitzen baititu, EAE osoa berdintasun-baldintzetan eskaintzen direla bermatzeko”.
Sindikatuekin negoziaziorik eza.
Irizpenaren gogoetak azaldu baino lehen eta aldez aurretiko gai bezala, EGABk sindikatu esangarrienekin suteak prebenitu nahiz iraungi eta salbatzeko zerbitzuen lan-baldintzekin zerikusia duten aurreproiektuaren xedapenak ez negoziatzeagatik izan daitezkeen ondorioak ohartarazi dizkio Eusko Jaurlaritzari.
EGABren arabera, urratze horrek “etorkizuneko legea erabateko deuseztasunez baliogabetuko luke”. Horregatik, Gobernuari “aurreproiektuaren izapideak eten eta negoziaketa hasi nahiz lortutako akordioak eranstea, baita indarreko legeria betetzea ere” eskatzen dizkio.
Politika erkideak
Aldez aurretiko gai horrekin batera, Batzordeak Segurtasun Sailari suteak prebenitu eta itzali nahiz salbamenduaren eremuko politika erkideak egituratzean eta zerbitzu zehatzak eskaintzean “beste urrats bat” ematea proposatzen dio.
Ildo horri jarraiki, aurreproiektuak aginpideak mugatzen ditu. Zerbitzuak eskaintzeko eremu geografikoak definitzeko eta Lurralde Historiko guztian zehar prestazioa estaltzen dela bermatzeko orduan, aginpideak Foru Aldundienak dira. Araudiaren mailan Eusko Jaurlaritza sartzeko araubidearen zehaztapenei dagokienez legea araubidez garatzera mugatuko da, horiek erkideak izan behar baitute. EGABk proposatutakoarekin bat, “erakunde erkideek neurri bereziak har ditzakete, administrazio desberdinen koordinazioa beharrezkoa den egoeratan”. Halaber, ekipo eta materialen normalizazio eta homologazioarekin nahiz eredu estatistiko bateratuarekin ildo horretatik sakontzea proposatzen du.
Suhiltzaile laguntzailea deuseztatzea
Era berean, EGABk “borondatezko suhiltzailearen” eta “suhiltzaile laguntzailearen” irudiari buruzko hausnarketa egin du. Lehenengoei dagokienez, “salbuespenezko baliabidea” izan behar dute, prestakuntza, espezializazioa eta etengabeko prestakuntza-eguneratzea eskatzen duen jarduera profesionala boluntarioaren jarduerarekin bateratzea zaila baita, nahiz eta laudagarria izan.
Biztanle gutxiko udalerriak dituzten eskualde edo landa-guneetan zerbitzua denbora partzialean eskaintzeko “suhiltzaile laguntzailearen” irudiari buruz, EGABk ez du bidezkotzat jotzen eta aurreproiektutik deuseztatzearen aldekoa da, “lana kolokatasun-baldintzetan eta eraginkortasunaren berme urriekin gauzatuko bailukete”. Batzordeak gogorarazitakoaren arabera, Suteak Prebenitu eta Itzali nahiz Salbatzeko Zerbitzua EAEn bere esku-hartze eremua kontuan hartuta, tokirik urrunena 40 minutura baino gutxiagora kokatuta dago.
Azkenik, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak suhiltzaileen taldean sartzeko adin-mugari buruz aurreproiektuaren isiltasuna aipatzen du. Izan ere, “gai horrek gatazka ugari sortu ditu lege-mailan”. Horregatik, gaiaren inguruan Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia ikusirik, Suteak Prebenitu eta Itzali nahiz Salbamenduaren Zerbitzuan sartzeko adin-muga kontuan hartzeari buruz aurreproiektuan berariaz iritzia ematea desiragarria litzateke, “ondoren araubidez ezin baita sartu, funtzionario publikoei buruzko estatutua legerako gordetako eremua delako”.
4/15 Irizpena Suaren Prebentzio eta Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Lege Arauemailearen Aurreproiektuari buruzkoa