Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
asteazkena, 29 apirilak 2015

Martxoaren 23an eta 24an Euskadiko eta Akitaniako EGABek bilera berria izan zuten bi aldeen arteko kooperazioaren esparruan. Izan ere, gaur egun berrikuntzaren eta teknologiaren transferentziaren eremuan dihardute. Helburua ikerketa eta enpresari dagokion ardatzean Euskadi-Akitania Euroeskualdearen Plan Estrategikoaren garapenari elementu zehatzak eskaintzea da. Horrez gain, sinergien eta osagarritasunaren potentziala dagoen sektoreak identifikatu eta hauteman nahi dira.

 

Horretarako, bi EGABek arlo horietan lanean diharduten erakundeen elkarrekiko ezagutza sendotuko dute. Hala, sektorearen arabera, gobernantza, antolaketa, funtzionamendua eta egitura karakterizatu nahi dira, baita osagarritasunak eta posizio-aukera erkideak dituzten sektoreetan egite-modalitateetan, eraginkortasunean eta baliabideetan sakondu ere. Xedea Euskadiko eta Akitaniako erakunde nahiz enpresen artean arlo horietan kooperazioa bideratzeko proposamenak eta gomendioak formulatzea da.

 

Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeen bilera bateratua Pauen egin zen eta hiri honetan, baita ingurunean ere berrikuntzaren nahiz teknologiaren transferentziaren arloan adibide aipagarriak ezagutu ziren.

 

Ildo horri jarraiki, 23an Tecnopole Helioparc eta pôle de competitivité AVENIA bisitatu zituzten.  Tecnopole 1987. urtean sortu zen Paueren bihotzean, Pirinio Atlantikoen Batzorde Nagusiaren bultzadapean. Bi enpresa energetiko handi tokiz aldatu ostean, libre gelditu ziren lursailak erabili ziren. Helburua ikerketaren eta industriaren artean ezagutza trukatzeko gune bihurtzea, enpresa berriztatzaileak sortzeko laguntza eskaintzea, lurraldea sustatzea eta bikaintasunaren sektoreak bultzatzea zen, enpresei espazioak eta zerbitzuak eskaintzeaz gain.

 

27 urte hauetan hazkuntza nabarmena izan da. Tecnopolen 350 enpresa instalatu edo sortu da eta egun 1.100 pertsonak lan egiten du bertan. Urtero 25-30 proiektu laguntzen dira bere enpresa haztegietan. Tecnopoleko enpresen jarduera-sektore nagusiak hurrengoak dira: digitala, Akitanian garapen sendoa duena; ingurumena, geozientziak eta petrolioa. Azkenekoa zorupeko zerbitzuekin eta baliabideekin zerikusia duen energia-gaiei buruzko Frantziako lehiakortasun-polo bakarra da eta Pôle de Competitivité AVENIA izena du. Bere nahi handia energia-iragaitean zorupeko baliabideak balioztatzea da. Horretarako, geozientzien eremuan teknologiak garatu eta hiru arlotan (petrolioaren nahiz gasaren arakatze- eta ustiapen-merkatua, geotermia eta energia eta CO2 biltegiratzea) enpresa-kooperazioa lortu nahi dira.

 

Pôle de competitivité izenekoa geozientzien sektoreari buruzko ikerketa-potentzial bakarra da Frantzian. Ildo horri eutsiz, 4.000 ikerlari baino gehiago ditu Akitaniako ikerketa-zentroetan eta 60 enpresatik gora parte hartzen du, besteak beste, munduan buru diren enpresak (Total, EDF eta GDF Suez). Pauen daude, tradizioz oil&gas enpresak kokatu direlako, baita zonan baliabide geotermiko apartak daudelako ere.

 

24ko ponentziak enpresetako, Paueko eta Adourreko Unibertsitateko ordezkarienak izan ziren. Eskualdeko enpresa berriztatzaileen adibide azpimarragarri bezala, Turbomecako ordezkarien ponentzia entzuteko aukera izan zen. Aipatu enpresa munduan buru da helikopteroetarako (zibilak, jendearentzat, defentsarako) motorrak fabrikatzen eta arreta berezia eskaintzen dio I+Gari, geroz eta propultsio-konponbide lehiakorragoak diseinatzeko orduan. Helburua bezeroei etekin hobeak eta balio erantsi handiagoa duten zerbitzuak ematea da. Berrikuntza-ardatzak motor sendoagoak eta arinagoak egiteko material berrietan, propultsioan energia-iturri desberdinen erabilera optimizatzeko hibridazioan eta motorren arkitektura hobetzean oinarritzen dira.

 

Bereziki interesgarria da Turbomecak tokiko/eskualdeko sektore aeronautikoaren garapenarekin eta eskualdeko hornidura-katearekin duen konpromisoa. Hala, ekoizpenarekin zerikusia duen erosketen herena tokiko ingurunearen hornidura-sarearen barruan mantentzen du. Konpromiso horri eutsiz, bere balio-katearen enpresa-sendotasuna areagotzen nahasten da eta toki/eskualdeko sarearen lehiakortasuna hobetzen du. I+Ga sektorearekin hitzartuz egituratzen du, epe ertainera ikuspegiak zehazten ditu, jarraitu beharreko bideari buruz enpresak orientatzeko, berrikuntza-prozesua errazteko tresnak eskura jartzen dizkie, gehienak enpresa txikiak baitira. Halaber, prestakuntza-programak garatzen ditu. Testuinguru honetan, Akitaniako Eskualdeko Batzordearen eta Turbomecaren artean hitzarmen esparrua dago.

 

Paueko eta Adourreko Unibertsitateari dagokionez, 25 ikerketa-unitate ditu eta ardatz estrategikoek, neurri handian, inguruneko espezializazio ekonomikoaren arloekin zerikusia dute: geo-baliabideak, ingurumena eta materialak, uraren ingurunea eta baliabideak, justizia eta lurraldea. Berriagoak dira, berriz, eraikuntza eko arduratsua, aeronautika, ondarea eta turismoa. Gainera, Unibertsitateko ikerketa-unitateei, doktoretza egiten ari direnei eta ikerlariei zerbitzua eskaintzeko berariazko unitatea du. Frantzian tradizioz unibertsitatearen finantzazioa oso-osorik publikoa izan arren, oraingoan egoera desberdina da eta bere aurrekontua estaltzeko beste diru-iturri batzuk lortu behar dira. Horren harira, Paueko Unibertsitateak aurrekontuaren herena mundu sozioekonomikoarekin ikerketa-jardueratan lankidetzan jardunez estaltzen du. Nolanahi ere, enpresekin lankidetza-hitzarmenak egiten ditu eta urtean batez beste 50 kontratu sinatzen dira. Ikerketa transferi daitekeen teknologia sortzera eta ikerketaren itzultze finantzarioa areagotzera oso bideratuta dago, nahiz eta industriarekin lankidetzak oinarrizko ikerketaren dinamizazio-formulak onartu, adibidez, LabCom edo laborategi erkideak. Horietan unibertsitateko ikerlariek eta industria-enpresetako teknikariek parte hartzen dute, bi aldeen zuzeneko finantzaketa erabiliz eta gaitasun akademiko nahiz industrialen bateratze-lana eginez, lantzen ari den arloa kontuan hartuta ikerketaren emaitzen eta oinarrizko ezagutzaren bitartez nazioarteko merkatura iristeko.

 

Bi EGABen arteko hurrengo lan-topaketa uztailean egingo da eta euskal aktoreek berrikuntzan eta teknologiaren transferentzian beren ponentziak aurkeztuko dituzte.