Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
ostirala, 27 martxoak 2015


  • EGABk egokitzat jotzen du “Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzu Zorroari buruzko Dekretu-Proiektua” izapidetzea, zenbait oharpen egin ondorik. Aholkularitzaren arloko organo honen aburuz, proiektu hori beranduegi iritsi da, eta hura izapidetzeak gizarte-eragileen partaidetza handiagoa eta haiekin gehiago hitz egitea eskatzen zuen.  
  • Lurralde guztietan gai honi buruzko arreta orokor eskuragarri eta zuzena berma dadila eskatu du Batzordeak, eta egokitasuna zehazterakoan diskrezionaltasun gehiegi izateak zerbitzuen homogeneizazioa erdiesteko helburua urra dezakeen arriskua dagoela adierazi du.  

 

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jotzen du “Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzu Zorroari buruzko Dekretu-Proiektua” izapidetzea, aholkularitzaren arloko organo honek egin dituen oharpenekin. Proiektua Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak aurkeztu du, eta ondokoa da haren xedea: Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzu Zorroa araupetzea, eta bai prestazio eta zerbitzu horiek jasotzeko beharkizunak, irizpideak eta prozedurak erregulatzea ere. 

Gogorarazi behar da 2008an onetsi zen Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak bermatu egiten duela Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Katalogoko prestazioak eta zerbitzuak eskubide unibertsal eta subjektibo gisa jasotzea; izan ere, eskatzen diren beharkizunak betetzen dituzten pertsona guztiek galdegin dezakete eskubide horiek betetzea, administrazio bidea zein epai bidea baliatuz. Aipatu den lege horrek eskubide hori benetan egikaritzea bermatzen du eta, besteak beste, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoa zehazten du; horri dagokionez, haren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroa Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen irizpean jarri den dekretu-proiektuan araupeturik dago. Dekretu-proiektu horren bidez, legean aldarrikatzen den eskubide objektiboa gauzatzen eta mugatzen da, eta EAEko administrazioek Zorroari dagozkion prestazioak eta zerbitzuak hornitzearen inguruko betebeharrak xedatzen dira.  

Atzerapen handiegia 

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Bere irizpenean adierazi duenez, gizartearen beharrizanei eta arazoei aurre egiteko –horietako batzuk arazo berriak dira, eta beste batzuk, berriz, krisiak areagotuak–, askotariko gizarte zerbitzuak behar dira, eta horrenbestez, modu positiboan baloratu du sistemaren funtsezko osagaia den Zerbitzuen eta Prestazioen Zorroa araupetzen duen dekretua. Hala ere, haren aburuz, “gehiegizkoa” da proiektuaren aurkezpenak izan duen sei urteko atzerapena, eta uste du halako araua izapidetzeak “gizarte-eragileen partaidetza handiagoa eta haiekin gehiago hitz egitea eskatzen zuela, Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluarekin lantzean behin bilera batzuk egiteaz gain”. 

Aholkularitza-organo honen iritziz, arau honetan prestazio ekonomikoa barik zerbitzuak lehenesten dituen eta egungo egoera irauliko lukeen hierarkia argiro jasotzeko aukera galdu da; izan ere, gaur egun, emakume askok utzi egin behar izan dute lan-merkatua mendeko senideak prestazio ekonomiko baten truk zaindu ahal izateko. 

Besteak beste, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroak lurralde guztietan gai honi buruzko arreta orokor eskuragarri eta zuzena berma dadila eskatzen du EGABk, bai eta, dekretuaren beren beregiko xede gisa, Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundien eta Udalen arteko eskumenak banatzeari dagokion gaia ere sar dadila.   

Oharpen bereziei dagokienez, egokitasuna zehazterakoan diskrezionaltasun-marjina handiegia aplikatzeko arriskua dagoela adierazi du Batzordeak, eta ohartarazi duenez, “horrek urratu egin dezake EAE osoan zerbitzuen homogeneizazioa erdiesteko helburua”. Halaber, sumatu den egokitasuna eta mendekotasun maila objektibatzeko ahaleginak egitea ere proposatu du, “mendekotasun edo/eta ezgaitasun gradurik altuenak dituzten kasuetan eskakizun maila handiagoak ezarriz”. Bestalde, egokitasuna balioesteko kontuan hartzen diren elementuen artean zerbitzugintzari doakion profesionaltasun-eskakizuna ere sartzeko eskatu du.