Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
astelehena, 02 martxoak 2015


Urte horretan, zenbait alor jorratu ditu Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak: aholkularitza-jarduerak, Memoria Sozioekonomikoa, Norberaren Ekimenezko Azterlanak eta Europako lankidetzaren eremuko jarduerak. 

 

Aholkularitzaren arloko jarduerak aski egin dute gora, zeren 2014an 15 irizpen eman baitziren, eta 2013. urtean, berriz, 7 irizpen; horrek esan nahi du lehenago eman ohi zen irizpen-kopurura iritsi dela. Hala ere, onarpen-mailaren araberako jarraipena eginez gero, maila ertainean eta goi mailan portzentajea % 42 ingurukoa da, eta horrek esan nahi du portzentaje horrek behera egin duela aurreko urteetako kopuruen aldean.

 

Norberaren Ekimenezko Azterlanei dagokienez, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak “Familien gehiegizko zorpetzea: analisia EAEtik” izeneko azterlana onetsi zuen otsailean. Azterlan hori 2013. urtean landu zen nagusiki. Horrezaz gainera, “EAEko lurralde-desorekak krisi ekonomikoari dagokionez” izeneko azterlana ere garatu eta onetsi zen, aurreko urtean abian jarri zena. Halaber, azterlan berria ere onetsi zen: “Enpresa-dinamismoa, aberastasuna eta enplegua sorraraztea: azterlana EAEtik”; azterlan hori amaitzeke dago egun, baina azken fasean dago.

 

2013ko Memoria Sozioekonomikoa Osoko Bilkurak 2014ko ekainaren 30ean egin zuen bileran onetsi zen. Uztailaren 11n aurkeztu zioten Lehendakariari batzordeburuak, idazkari nagusiak, Memoria Sozioekonomikoa egiteko batzordeburuak eta lan-batzordearen ordezkaritzak. Uztailaren 15ean Eusko Legebiltzarraren lehendakariari aurkeztu zitzaion, eta ondorik, komunikabideei helarazi zitzaien prentsaurreko egokiaren bitartez, eta biharamunean ezagutarazi, gure Tribuna formatuaren barruko gizarte-ekitaldi batean. 

Europako lankidetzaren inguruko jarduerei dagokienez, sendoki jorratu dira horren bi alderdiak, orain arte ohikoa izan denez; hala ere, areagotu egin da horien garrantzia, jorratu diren gaiak eta horien gailentasuna kontuan hartuta.

 

Horrela, Akitaniako CESER erakundearekin izan den aldebiko lankidetzaren arloan, azpimarratzeko modukoak dira Euroerregioaren Plan Estrategikoa gertutzeko ekarpenak eta berrikuntzaren eta teknologiaren transferentziaren alorretan egin den lana.

 

Eta gune atlantikoaren lankidetzari dagokionez, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Nazioz gaindiko Sare Atlantikoan (ATN) esku hartu zuen, eta are, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen batzordeburu Juan Mª Otaegui izan zen haren lehendakaria. Sare horren jardueren atalean, ondoko hauek dira aipagarrienak: Estrategia Atlantikoaren burutzapen egokirako baldintzei buruzko txostena, ATNk Europako Batzordeari doakion DG Marerekin egindako bilerak, Bilgune Atlantikoaren osteko gertakari berrietan parte hartzea, ATNk AtlanticStrategyGroup izeneko erakundean esku hartzea, eta azkenik, Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordearekin batera, Bruselan “Gizarte zibila EBren Erregio Atlantikorako Estrategian” deritzon konferentzia antolatzea.

 

Era berean, eta arestion adierazi den jardueraren ildoari jarraiki, Europako Itsas Erregio Periferikoen Konferentzian eta Uztai Atlantikoaren Batzordean ere parte hartu du.

Barneko jardunbide-arloari doakionez, esan behar da aurten ia burutu egin dela EGABren berritze-prozesu osoa; izan ere, batzordeburua izendatu da, eta 2015eko urtarrilean izendatuko da Idazkaritza Nagusia atzituko duen pertsona.

Azpimarratzekoa da, baita, sendotu egin dela sistema telematikoen erabilera, bai bileretako asistentziari eta bai buletinak hedarazteari dagokienez; horrezaz gainera, nabarmentzekoa da Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak sare sozialetan izan duen finkapena ere, erregistratu diren jarraitzaileen kopuruari begiratzen badiogu. 

 

Amaitzeko, esan daiteke Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak lanean sendo jardun izan duela bere eskumenekoak diren arlo guztietan, eta Batzordeari eskatzen zaion eskakizun-mailari eutsi diola; horrenbestez, Batzordea erakunde bizi, aktibo eta konplitua da, esleitzen zaizkion atazak ganoraz egiten dituena.