Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jotzen du Eusko Jaurlaritzaren Herri Administrazio eta Justizia Sailak aurkeztu duen “Euskal Herriko Fundazioei buruzko Legearen Aurreproiektua”, eta ildo horri jarraiki, arau horren gaineko zenbait gogoeta ere egin ditu.
Kontsultatu den legegintzako ekimen honen helburua, alde batetik, arlo horri buruzko arautegia eguneratzea da, arautegi hori duela 20 urte onetsi baitzen, eta bestetik, bi hamarkada horietan gertatu diren egokitzapenak arau bakar batean jasotzea (besteak beste, Omnibus deritzon Legea Europako zuzentarauei egokitze aldera). EGABk gogorarazi duenez, fundazio ereduak aski aldatu dira azken urteotan, eta gaur egun askotariko xedeak eta egiturak dituzte; hori dela eta, egungo errealitatearekin lotuago dagoen arautegia taxutu behar da.
EGABren iritziz, Fundazioei buruzko Lege berria –administrazio-prozedurak erraztu eta premiarik gabeko izapideak ezabatzea xede duena– behar-beharrezko araua da eta segurtasun juridikoa ekarri die bai Herri Administrazioari, bai fundazioei eta bai, oro har, hiritarrei eurei ere.
Fundazio Publikoetako beharginak
Balorazio positibo horrekin batera, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak zenbait gogoeta egin ditu aurreproiektuaren testuaren gainean; horietarik azpimarratzeko modukoa da EGABk egiten duen ohartarazpena, zeren adierazi baitu segurtasun-falta juridikoak gerta daitezkeela jarduera nagusia EAEtik at duten fundazioen kasuan.
Halaber, haren iritziz, aurreproiektuak “gehiegi azpimarratzen ditu Babesletzak fundazioen gainean kontrol eta fiskalizazio arloan egikaritu behar dituen zereginak”, eta uste du araua sektore publikoari dagozkion fundazioen araubide juridikoa argitzeko baliatu behar litzatekeela; zehazki, beharginen araubidea argitzeko aprobetxatu behar litzateke, halako moldez non beharginok “berdintasunari, merezimenduei eta gaitasunari dagozkien abiaburuekin bat etorriz eta deialdien publizitatearen bidez” hautatu behar bailirateke.
Beste alde batetik, EGABren aburuz, legegintzako ekimen honek eragin ekonomikoa izango du Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuetan (aurreproiektuan eragin hori baztertu arren), zeren eta Eusko Jaurlaritzak egikaritu behar baitu Babesletza eta berak eroan beharko baitu Erregistroa; horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak Fundazioen Euskal Batzordea sortzea aurreikusi du, Herri Administrazioaren kide anitzeko aholkularitza-organo gisa. EGAB ez dago ados Batzorde hori sortzearekin, eta haren ustez “saihestu egin behar da aholkularitza arloko administrazio-organo gehiegi sortzea, horrek kostua eragiten duelako eta, sarritan, oso zaila delako horien sorrera justifikatzea, egun talde-elkarrizketa bideratzeko gai den aski elkarte baitago”.
Era berean, egokitasunari eta segurtasun juridikoari doazkien arrazoiak direla bide, Banku Fundazioei buruzko artikulua kentzea proposatu du, eta horren ordez xedapen gehigarri bat jartzea, banku fundazioon jardunbidea egun Aurrezki Kutxetan eta Banku Fundazioetan indarrean dagoen legeriarekin eta, bestela, Euskal Autonomia Erkidegoan fundazioen arloan aplika daitekeen arautegiarekin lotaraziko duena.
Azkenik, lege-aurreproiektu honen idazketan lengoaia sexista erabili izana kritikatu du EGABk, eta alor horri dagozkion hizkuntza-akatsak ongitzeko eskatu du.
1/15 Irizpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Lege Aurreproiektuari buruzkoa