Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jotzen du Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganbera Ofizialen hauteskunde-prozedura araupetu duen Dekretu-Proiektuaren izapidetzea eta horien gobernu-organoen osaera, aholkularitza-organo honek egin dituen gogoetak kontuan hartuz. Proiektua Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak igorri du.
Kontsulta egiteko jarri den dekretu-proiektuaren sorburua honakoa da: autonomia erkidegoek beren arautegiaren edukia arestion aipatu Ganberen Oinarrizko Legean, hau da, apirilaren 1eko 4/2014 Legean, xedaturik dagoenari egokitu beharra. Arlo honetan autonomia erkidegoek eskumen zabalak dituztela gogorarazi du EGABk bere irizpenean, eta ildo horri jarraiki, ondokoa eskatu du: “garapen arauemaile oso eta integrala taxutzeari ahalik eta arinen ekitea, oinarrizko legeak autonomia erkidegoei baimentzen dizkien alderdi guztiak argitze eta zehazte aldera”. Eta hala egin du, zeren eta Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen proiektuaren xede zehatza Ganberen hauteskunde-prozesua eta gobernu-organoen osaera arautzea baita, “Estatuaren legeak autonomia erkidegoek garatzeko uzten dituen gainerako gaiak alde batera utzita”. Gai honi doakionez, EGABk gogorarazten du autonomia erkidego batzuek Estatuaren oinarrizko legeriaren aurreko arautegiak ere badituztela, baina hori ez dela gertatu Euskal Autonomia Erkidegoan; hori guztia dela bide, haren aburuz, euskal dekretu-proiektua “zedarri garrantzitsua da, arlo honetan Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen den lehenengo arauketa delako”.
Mahaikideak, ordezkaritza eta Osoko Bilkura
EGABk bere gogoetak jasotzen dituen idazkian gogorarazi duenez, errolda eguneratuak eduki behar dira eskura, mugapeen ekonomia eta enpresa alorreko errealitatearen argazki finkoa erdieste aldera. Ganberen osaerari dagokionez, ondoko hauek daude ezarririk dekretu-proiektuan: talde guztien partaidetza Osoko Bilkuran, ordezkariak hautatzeko irizpideak eta hautespenei ekiteko irizpideak. Azken gai honi buruz, zuzeneko sufragioaren bidez hautatzen ez diren mahaikideen herena (Osoko Bilkuraren % 40) enpresa-erakundeek eta borondatezko ekarpenik handiena egiten duten enpresek erdizkan hautestea proposatu du EGABk, “enpresa-erakundeek mahaikideak izendatzearen alorrean izan dezaketen eragina ez txikiagotzeko”.
Irizpenean, sektoreen arteko enpresa-erakundeen eta lurraldeen arloko enpresa-erakundeen ordezkaritza handiagoa izatea ezartzen duten irizpideak zehazteko ahalmena Administrazioari eratxikitzen dion aipamena ezabatzeko ere eskatu du EGABk, “zeren –azaldu du EGABk–, ordezkaritza handiagoa izatea legean, eta zehatzago esanda, Langileen Estatutuan, aurretiaz ezarririk dagoen lege-kontzeptu bat baita”.
Azkenik, EGABren iritziz, murriztu egin behar da Osoko Bilkuran jardungo duen mahaikide-kopurua, euskal dekretu-proiektuan 10etik 60ra artekoa izan daitekeela adierazten baitu; Estatuaren Errege-Dekretuaren Proiektuan, berriz, 12 mahaikidetik 18 mahaikidera arteko tartea aurreikusirik dago. Gomendio bera egiten du Batzorde Betearazlearen kide-kopuruari dagokionez; kasu horretan, Eusko Jaurlaritzak 5-12ko kide-tartea ezarri du, eta Estatuaren ekimenean, berriz, gehienez 8 kide izatea aurreikusten da. Bi gomendiook EGABren ohiko jarraibideei eusten diete: administrazio-egituretako kide-kopuruak azpitik kontrolatzea eta egiturok zentzuzkotu eta modu eraginkorrean neurtzea.
2/15 Irizpena, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen hauteskunde-prozedura eta haien gobernu-organoen osaera arautzen dituen Dekretu Proiektuari buruzkoa