Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
asteazkena, 17 abenduak 2014


2013. urteko datuen eboluzioari erreparatuz, I+Gan gastua jaitsi da, 10 urteko eboluzio positiboa izan ondoren. EUSTATen arabera, BPGaren gaineko gastua %1,99 izan da, Eurogunean izandako %2,12ren azpitik eta 2012ko %2,12a baino gutxiago.

Jaitsiera arina izan arren, ez da, ordea, Euskadin berrikuntzaren etorkizunari buruzko alderdirik garrantzitsuena. Garrantzitsuagoa da ikuspegia aldatzea. Hori Zientzia eta Teknologiaren Planean (ZTBP) jasoa dago.

Beraz, ez da bakarrik bolumenaren gaia, berrikuntzaren eremuak eskatzen duen orientabide berria baizik.

ZTBPak orientabide berria bost helburutan definitzen du: 

1.- Bitartekoak eta inbertsioak I+G+ban kontzentratzea, enpleguari eta suspertze ekonomikoari laguntzeko.

Euskadik bitartekoak eta inbertsioak eskualdeko produkzio-gaitasunekin sinergia argiak duen arloetan kontzentratu behar ditu, espezializazio adimentsurako ikerketa eta berrikuntzari buruzko estrategia europarraren ildotik.

2.- Jarduera ikerlariaren mixa orekatzea, besteen aurreko desabantaila lehiakorra zuzentzeko.

Azken urteetan I+Garen jarduerari buruzko mixaren eboluzioa kontuan hartuta, posizionamendua aldatu behar da, beste herrialdeekiko desabantaila lehiakorra murrizteko. Helburu horrekin, funtsean, garapen teknologikoaren garrantzia areagotu behar da eta oinarrizko bikaintasun-ikerketaren ekarpenak handiagoa izan behar du.

3.- Monitorizazio- eta ebaluazio-sistema integratua garatuz Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Sistemaren eraginkortasun-maila altxatzea.

Gobernu-sistema eraginkorrak ebaluazio koherente eta integratzailea eskatzen du, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren eremuan herri-inbertsioak behar bezala itzultzen direla bermatzeko. Ebaluazioari esker, zehaztutako helburuekin bat emaitzen hobekuntza bermatzeko neurriak sartu ahal izango dira.

4.- Ezagutza berriak lortu eta sortzeko I+G+ba nazioarteko bihurtzea.

H2020 programa Ikerketaren Espazio Europarra eraikitzeko prozesuan partaidetzarako aukera izateaz gain, 2020rako Estrategia Europarrean markatutako gizarte-erronka handien ondorioz sortuko diren merkatu-aukerak aprobetxatzeko abagune bezala interpretatzen da.

5.- Beren lehiakortasuna eta garapen iraunkorra hobetzeko berrikuntza egiten duen enpresa-kopurua gehitzea.

Berrikuntza teknologikoaren eta ez-teknologikoaren bitartez balio erantsi handiagoa duten eskaintzak sustatu behar dira beren negozio-ereduaren elementu guztietan.

Aipatu bost helburuekin amaitzeko, lehentasun bertikalak eta horizontalak zehazten dira eta Euskadirako espezializazio adimentsuari buruzko txostenak erreferentziatzat hartzen ditu.

LEHENTASUN BERTIKALAK: Hiru bektore hauen elkarrekintzaren ondoriozkoak: enpresa-gaitasunak, gaitasun zientifiko-teknologikoak eta merkatuak; eta RIS3 espezializazio adimentsuari buruzko irizpide eta metodologia europarrak aplikatuz, hurrengo lehentasun bertikalak identifikatu dira:

Fabrikazio aurreratua. Garraioarekin (zehatz-mehatz esanda, automobilgintza, aeronautika, trena eta ontzigintza), ekipo-ondasun eta makina-erremintarekin nahiz metalarekin zerikusia duten industria-sektoreetarantz bideratutako ikerketa eta garapena. Ikerketa-apustu honekin adimena produkzio-bitarteko eta -sistemetan sartu nahi da, hasiberriak diren gaitasunak eta teknologiak aprobetxatu nahi dira, material aurreratuak balio erantsi handiagoa duten konponbideetan edo prozesu hobetuetan sartu ere bai; azkenik, erabilitako baliabideen eraginkortasuna eta iraunkortasuna areagotzea eta balio erantsi altua duten zerbitzuak integratzea du helburu.

Energia. EnergiBasque Estrategiak markatutako arloetan teknologia- eta industria-garapena balio-katearen etapa desberdinetan: sorrera, garraioa, biltegiratzea, banaketa eta zerikusia duen industria osagarria. Euskadi lehiakorra den energia-iturri desberdinei aplikatutako balio-katea: energia elektrikoa, petrolioa, gata eta hautazko energiak (haize-energia, undieragilea eta eguzkiko termoelektrikoa), biltegiratzea, sare adimentsuak, garraioaren elektrifikazioa eta energia-zerbitzuen kudeaketa.

Biozientziak eta osasuna. Jarduera nagusia giza osasunaren eta zahartzearen segmentuan kokatzen da eta, neurri txikiagoan, beste hobi batzuetan, hala nola elikaduran eta natur ekosistemetan. Biozientziak apustu estrategiko iraunkorraren ondoriozkoak dira. Hala, goi-mailako gaitasun zientifiko-teknologikoak lortu dira eta kritikoa da errazte-teknologien (mikro-nano-bio-IKT…) konbergentzia.  Biozientziak osasunari aplikatzea da lehentasuna, herri-sare sendoa eta eraginkorra baitago. Gainera, zenbait eremutan (farmazeutikoa, zerbitzuen industria osagarria eta osagai medikoen industria) enpresa-jarduera hasten ari da eta anizteko nahiz nazioarteko bihurtzeko gaitasuna du.

LEHENTASUN HORIZONTALAK: Zeharkako jarduerak dira eta lehentasun bertikalak arrakastaz ezartzen direla ziurtatzeko sisteman hautematen diren ahuleziak eta beste alderdi batzuk zuzentzera bideratuak daude.

Lankidetza publiko-pribatuaren ahalegina

Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarea berrantolatzea

Unibertsitate-sistema RIS3 arloekin lerrokatzea

Herri-kudeaketan berritzea

Gizarte- eta enpresa-berrikuntza nahiz -eraldaketa

Bai helburu eta lehentasun bertikal nahiz horizontalen multzo guztia aplikatzeko, bai RIS3 espezializazio adimentsuari buruzko estrategia garatzeko, gobernu-eredu berri bat behar da ondorengoa ahalbidetuko duena: “Politikaren (erkidegokoa, naziokoa, eskualdekoa, etab.), sailen (hezkuntza, garapen ekonomikoa, osasuna, ingurumena, etab.) eta berrikuntza-aktoreen (politika-planifikatzaileak, enpresaburuak, ikerlariak, zerbitzuen hornitzaileak, finantza-erakundeak eta hezkuntza-erakundeak, etab.) maila desberdinak sinkronizatzeko mekanismoak koordinatzea. Helburua estrategiak, helburuak, lehentasunak eta inplementazio-metodoak adostea izango da”.

Laburbilduz, Eusko Jaurlaritzaren burutzapean, maila askotako gobernu-sistema, eragile publikoak eta pribatuak behar bezala integratzeko gai dena, ezarri behar da.

Aurreko helburuak betetzen direla bermatzeko eta lehentasun bertikal nahiz horizontalei erantzuteko, beharrezkotzat jotzen da Euskadik (funts publikoak eta inbertsio pribatua barne) zuhurtziaz I+Gan inbertitzearen aldeko apustua egiten jarraitzea. Izan ere, Europan ez da lehiakortasunaren eta berrikuntzaren trena galdu behar. 2020. urterako helburua bikoitza da: batetik, zehaztutako diziplina eta lehentasun bertikaletan hazkuntzaren bidetik jarraitu eta batez besteko europarra mantendu edo, are gehiago, gainditzea; eta, bestetik, I+Garen gastuen eraginkortasun eta efizientzia gehitzea eta, ondorioz, enpleguan eta enpresa-lehiakortasunean duten inpaktuan emaitza praktiko hobeak lortzea.  

Ildo horretatik, inbertsioaren hazkuntzaren zati handi batean sektore pribatuak izan beharko du protagonista, hain zuzen ere, aberastasunaren eta enpleguaren sorreraren egiazko eragilea. Bigarrenez, baliabideen bolumen garrantzitsuak Estatu eta Europar Batasunaren mailan egindako deialdi lehiakorretan parte hartzetik etorri beharko du. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek ekarpen esangarria egingo dute, azkeneko urteetako tradizioaren bidetik, baina zuhurtzia handiagoz, ahal bada, testuinguruari dagokionez.

Editorial honen hasieran aipatzen genuen bezala, berrikuntzari buruzko orientabide berri eta sakona da. GPGaren gaineko I+Garen gastuari buruzko adierazle tradizionala lehentasun bertikalak eta horizontalak nahiz espezializazio adimentsua aipatzen dituztenekin osatu beharko da.  Guztiontzako jakintzagai berria.