Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko Legearen Aurreproiektua oinarritzen duten printzipio eta irizpide orokorrekin ados dago; dena den, hainbat gogoeta egiten du eta “kontuan hartu behar direla” azpimarratu ere bai. Arreta berezia jarri behar zaio Hirugarren Sektore Sozialak EGABn parte hartzeari.
Aurreproiektua Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak aurkeztu du eta bere helburua, batetik, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen lege-estatutua zehaztea eta, bestetik, sendotu, kooperazioa bultzatu eta eremuarekin zerikusia duten herri-politiketan ekarpenak sustatzeko neurriak hartzea da.
Gogorarazi behar da Hirugarren Sektore Sozialak irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuak, lehentasunez, gizarte-elkartasuna sustatzen eta pertsonen gizarte-partaidetza, gizarte-eskubideak, gizarteratzea eta gizarte-kohesioa bultzatzen dihardutenak, multzokatzen dituela.
Euskal gizartearen funtsezko aktiboa
Arauaren xehetasunak aztertu baino lehen, EGABk Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren lana goresten du; izan ere, “edozein abagunetan gizarte zuzena, solidarioa, kohesionatua, parte-hartzailea eta demokratikoa eratzeko euskal gizartearen oinarrizko aktiboa da”. Testuinguru honetan, Batzordeak ekimen legegilea, herritarren berdintasuna eta herri-partaidetza erraztera bideratutakoa, positiboki balioztatzen du. Hala eta guztiz ere, bere ustez, testuak Hirugarren Sektore Sozialari dagokion lege-estatutua ondo garatu beharko luke, herri-politiketan esku hartzen duenean lehia bermatzeko, batez ere, herri-baliabide ekonomikoak tartean badira.
Halaber, irizpenak Hirugarren Sektore Sozialaren garapenarekin zerikusia duten beste gai batzuk planteatzen ditu, besteak beste, erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzuak pribatizatzea eta adituen lan-harremanak prekario bihurtzearen arriskua, beraz, egoera horiek zaindu eta kontrolatzeko formula gehiago eskatzen ditu.
Testu trinko eta zaila
Dena den, EGABk aurreproiektuari egiten dion lehenengo gogoeta formala da: “Testua trinkoa eta ulertzeko zaila da, agian, arauaren hartzaile nagusientzat izan ezik. Askotan, Legea baino gehiago hitzarmenaren berezko gorputza eta edukia ditu”.
Aurreko hausnarketaren ildotik, EGABk arauak “orokorrean herritarrentzat ulergarria izan behar duela” gogorarazten du. Hala, testu berean interpretazio desberdinak saihestu behar dira. Ildo horri jarraiki, irizpenak aurreproiektuaren zenbait paragrafo aipatzen ditu eta horietan Hirugarren Sektorearen definizio ezberdinak azaltzen dira. “Kontrakoak izan gabe, legearen ziurtasun-gabezia eta argitasunik eza eragin dezakete”. Modu berean, EGABren iritziz, araututako taldearen izen-aldaketak (“Gizarte Ekintzaren Hirugarren Sektoretik” “Hirugarren Sektore Sozialera”) ziurtasun-gabezia hori bultza dezake, aurreko araudiek lehenengo izena erabiltzen baitute.
Beste gogoeten artean, irizpenak aurreproiektuaren testuan irudi batzuen (“erreferentzia" esaterako) definiziorik eza kritikatzen du. Horrez gain, “gizarte-eragileak” esapidea argi eta garbi identifikatu gabe aipatzen da eta adierazpen anbiguoak (“sar dezakete”, “formaliza dezake”) gehiegiz erabiltzen dira. Horrela, “Legea asmoen aitorpenean gelditzeko arriskua dago, administrazioak konpromisorik hartu gabe eta egiazko lege-ondoriorik gabe".
Euskadiko EGABn parte hartzea
Azkenik, “gizarte-ekintzaren hirugarren sektoreko erakundeen” ordezkari bat Batzordean izateari dagokionez, irizpenak azpimarratutakoarekin bat, lege-aurreproiektuak aldaketak sartzen ditu eta praktikan EGABren Legea aldatuko lukete. Gai horri buruz, Batzordeak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken Sailaren txosten juridikoak berak aurkakotasun horri buruz ohartarazten duela gogorarazten du.
15/14 Irizpena Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari dagokion Legearen Aurreproiektuari buruzkoa