Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
ostirala, 07 azaroak 2014

  • Dekretu-proiektuak industria-jardueren hasiera eta funtzionamenduaren araubide orokorra nahiz industria-erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen ditu, barneko merkatuari buruzko zuzentarau europarraren ondoren izan diren ondoz ondoko aldaketekin. Besteak beste, jarduera hasi aurreko baimenaren ordez aitorpen arduratsua egin behar da.
  • EGABren irizpenak zenbait gomendio ditu. Ildo horri jarraiki, herritarren osasunaren eta segurtasunaren gainean inpaktu potentziala duten jarduerei buruzkoak izan dira eta laborategien kasua aipatzen du. Izan ere, aldez aurretiko administrazio-baimenaren araubidea bete behar izan gabe, hondakin toxikoak eta arriskutsuak sor ditzakete.

 

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez, industria-jardueren hasiera eta funtzionamenduaren araubide orokorra nahiz Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen dekretu-proiektua izapidetzea egokia da, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin.   

Proiektua Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailak aurkeztu du eta zerbitzu-jarduerekiko irisgarritasun librea arautzen du. Modu berean, barneko merkatuari buruzko zuzentarau europarraren ondoren onartu ziren aldaketak eransten ditu. Berrikuntzarik nabarmenena jarduerari ekin baino lehen aldez aurretiko baimenaren eta erregistroan inskribatzearen baldintzak deuseztatzea izan zen. Horren ordez aitorpen arduratsua burutu behar da. Ondorioz, erregistroaren izaera eratzailea zalantzan jarri zen, aldez aurretik inskribatzea beharrezkoa ez baitzen, salbuespenezko kasuetan izan ezik. 

Euskadiko EGAB dekretu-proiektuak planteatzen duen erregistroaren funtzioa aldatzearekin ados dago, beraz, salbuespenetan izan ezik, ez-eratzailea izango da. Halaber, informazio modura eta Estatuaren eremuan, Errege Dekretuak xedatu ostean, Industria Erregistro Integratuarekin zerikusia duten moldaketak babesten ditu. 

Hala eta guztiz ere, Batzordearen iritziz, landu duten testuan alderdi batzuk zehatz eta hobe daitezke. Besteak beste, osasun publikoari eragiten dionean jarduera administratiboki gelditu ahal izatea aipatzen du. Ustezko hori nekazaritzako eta elikagaigintzako industrien kasuan jasotzen da. EGABren ustez, herritarren osasun eta segurtasunerako inpaktu potentzial indartsua duten beste eremu batzuetara zabaldu beharko litzateke. Eta testuinguru honetan berariaz aipatzen du laborategien kasua. Jarduera hastean ez dute aldez aurretiko administrazio-baimenaren araubidea bete behar. Batzordeak gogorarazitakoaren arabera, laborategi batzuek hondakin toxikoak edo arriskutsuak sortzen dituzte eta tipologia dekretuan behar bezala zehaztu eta tratatu beharko litzateke.


14/14 Irizpena industria-jardueren hasiera eta funtzionamenduaren araubide orokorra nahiz Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzeko dekretu-proiektuari buruzkoa