Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
ostirala, 24 urriak 2014

  • EGABek harridura azaldu du, Euskadiko Turismo Mahaia sortzeko dekretu-proiektuan ez dagoelako sindikatu-ordezkaririk, eta, ondorioz, “Euskadin adierazgarrienak diren sindikatu-erakundeetako bakoitzetik ordezkari bat" egoteko eskatu du.
  •  Irizpenak modu positiboan baloratzen du “Administrazioaren aholku-organo bat sortzea Euskadin hain garrantzitsua den turismoa bezalako ekonomia-garapeneko sektorean”, eta egokitzat jotzen du proiektu hori izapidetzea, Turismo Mahaira sindikatu-ordezkaritza gehituta. 


Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Euskadiko Turismo Mahaiaren osaerara sindikatu-ordezkaritza gehitzeko eskatzen du, eta egokitzat jotzen du aholku-organo hori sortzen duen dekretu-proiektuaren tramitazioa, betiere aipatutako sindikatu-ordezkaritza jasotzen badu.  

Euskadiko Turismo Mahaia sortzeko dekretu-proiektuari buruzko irizpenean hori da Euskadiko EGABek egin duen oharrik garrantzitsuena. Dekretu-proiektu hori Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak aurkeztu du.   

Turismo Mahaiak Sail horren aholku-organo modura jardungo du turismoaren alorrean. Izan ere, turismoaren alor horretan, Euskadi erreferentziazko destino bezala finkatu nahi da, eta erakunde- eta kudeaketa-esparrua optimizatu nahi da, erakundeen eta eragile sektorialen artean eginiko baterako lanaren bidez. 

Sindikatu bakoitzeko ordezkari bat

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak modu positiboan baloratzen du “Administrazioaren aholku-organo bat sortzea Euskadin hain garrantzitsua den turismoa bezalako ekonomia-garapeneko sektorean”. Hala eta guztiz ere, harridura azaldu du sindikatu-erakunderik ez dagoelako organo berri horretan; gainera, ez da hori justifikatzeko arrazoirik eman. Ondorioz, sindikatu-erakunderik adierazgarrienak turismo-arloko aholku-eragile modura sartzeko eskatu du.   

Horri dagokionez, EGABek gogorarazi du erakunde horiek presentzia zeukatela Euskal Autonomia Erkidegoko Turismorako Aholku Kontseiluan (proiektu berriak indargabetu du); izan ere, autonomia-erkidegoan adierazgarrienak diren sindikatuetako bakoitzak kide bat proposatzen zuen.  Aurrekari hori aintzat hartuta, EGABen iritziz, Turismo Mahaian sindikatu-eragile sozialik ez badago, "ezin izango dute iritzirik eman eta, beraz, eraginik izan sektoreko langileentzat garrantzitsuak diren gaietan". Horrez gain, EGABen ustez, erabaki horrek "hautsi egiten du paritate-printzipioa edo, gutxienez, enpresaren ordezkarien eta langileen ordezkarien arteko oreka-printzipioa; izan ere, Turismo Mahaia sortzeko proiektuak sektoreko enpresen sei ordezkariren parte-hartzea jasotzen du". 

Hori guztia dela-eta, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak hau eskatzen du: proiektu berriaren artikuluetan jasotzea “Euskadin adierazgarrienak diren sindikatu-erakundeetako bakoitzetik ordezkari bat" egoteko beharra. Sindikatu-erakundeen parte-hartze instituzionalean oinarrituta justifikatzen da hori, "are gehiago enplegu-maila handia sortzen duen jarduera-sektore batean, hau da, turismoan".


13/14 Irizpena Euskadiko Turismoaren Mahaia sortzen duen Dekretu Proiektuari buruzkoa