“Lurraldeen arteko desorekak EAEn krisi ekonomikoaren testuinguruan” deritzon txosten honen bidez, hauxe lortu nahi izan da:
Hona hemen, laburbilduta, eginiko azterketatik atera daitezkeen ondorio nagusiak:
a) Lurraldeen arteko desorekak zenbait alderditan
Honatx eginiko azterketatik atera daitekeen ondorio nagusia: lurraldeen arteko zenbait desoreka daudela berrestea, eskualde bakoitzaren egitura produktiboaren aldetik nahiz bertan bizi diren pertsonen bizi-baldintzen aldetik. Nahiz eta eskualdeen arteko ezberdintasunak nahikoa txikiak izan zenbait alderditan, eskualdeen arteko oso errealitate desberdina erakusten dute azterturiko beste adierazle batzuek. Ikuspegi horretatik, nabarmentzekoak dira honako adierazle hauen inguruan dauden desberdintasunak (desberdintasunen magnitudearen aldetik nahiz islatzen dituzten egoeren sakabanaketaren aldetik):
b) Egoera ezberdinak zenbait eskualdetan metatzea
Eginiko azterketaren ondoriozko funtsezko beste osagai bat eskualdeen gaineko oso profil argiak egotea da eta, bereziki, egoerarik ezberdin edo dibergente gehienak bi eskualde zehatzetan metatzea: Bilbon eta Ezkerraldean. Batezbestekoaren azpitik daude bi eskualde horiek azterturiko adierazleen zati handi batean: populazioaren aldakuntza, zahartzea, ugalkortasuna, saldo begetatiboa, industriako enpleguaren pisua, berrikuntza, enpresak teknologia berrietara bideratzea, EBn presentzia izatea, pobrezia, langabezia, etxebizitzen erosotasuna...
Elkarren artean oso ezaugarri desberdinak dituzten bi eskualde dira –esate baterako, batez besteko errentari edo per capita BPGd-ari dagokienez-, baina antzeko joera dute zerbitzuen sektorean. Datu horiek, ezinbestean berriak ez badira ere, garrantzizkoak dira kontuan hartzen bada bi eskualde horietan bizi dela EAEko populazioaren heren bat.
C) Adierazle hoberenak dituzten eskualdeen ezaugarriak
Kontrako aldean, adierazlerik hoberenak dituzten eskualdeetako hiruk –Deba Garaia, Tolosa eta Aiara- oso antzeko ezaugarriak dituzte. Izan ere, oso eskualde industrializatuak dira, oro har batezbestekoa baino gehiago bideratuak berrikuntzara eta nazioartekotzera, eta neurri handiagoan jaso dute industri birmoldaketaren onura, merkatu globalaren beharretara hobeto egokituriko sektoreen, teknologien eta enpresa ereduen aldeko apustua eginda.
Aipaturiko industrializazioa gorabehera, oraindik landa izaera garrantzitsuari eusten dioten eskualdeak dira gainera eta, bestalde, EAEko populazio dentsitaterik txikiena duten bost eskualdeen artean daude. Guztira, EAEko populazioaren %1o besterik ez da bizi eskualdeotan.
d) Bateratze- eta urruntze-prozesuak
Espainiako autonomia erkidegoetan gertatu ez bezala, krisiaren eraginez -zenbait adierazleri dagokionez behinik behin-, bateratze-prozesua gertatu da eskualdeen artean eta, beraz, krisia baino lehen zeuden desorekak gutxitu dira.
Bateratze-prozesurik garrantzitsuenak arlo hauetan izan dira: antzemandako osasuna, zenbait osasun arazoren prebalentzia, gizarte zerbitzuetako gastua, pobrezia eta ongizaterik eza, estatutik kanpora jaiotako populazioaren pisua, zahartze-tasak, errenta (batez besteko errenta baliokidean neurtua), produktibitatea (lanpostuko BPGd-a) edo ugalkortasuna. Alabaina, pentsa liteke, pobreziari eta ongizaterik ezari dagokienez behinik behin, krisia baino lehen egoera hobean zeuden eskualdeetan okertze handiagoa izatearen ondorioz gertatu dela bateratze-prozesua, eta ez horrenbeste aurretik datu txarragoak zituzten eskualdeen egoerak hobetu izanaren eraginez.
e) Egitura produktiboarekiko erlazioa
Azterlan honen norainokoa mugatua izan daiteke azterturiko informazio kantitatearen eta informazio motaren aldetik. Hala ere, egoera hoberenean dauden eskualdeak zein diren eta egoera hobe horren zio posibleak identifika daitezke eskualdeei buruz ditugun adierazleak erabiliz, hots, egungo abaguneari egoera hobean aurre egitea ahalbidetzen duten indarguneak. Ikuspegi horretatik, baina nolanahi ere bi alderdien arteko kausazko erlazioa ezinbestean ezin ezar badaiteke ere, ikus daiteke adierazle hoberenak dituzten eskualdeak direla industrian pisurik handiena dutenak. Adierazle txarrenak dituzten eskualdeak, berriz, zerbitzuen sektorean indarrik handiena dutenak izango lirateke.
Nolanahi ere, nabarmentzekoa da industri izaera handieneko eskualdeek egoera hobea dutela langabezi tasaren eta pobreziaren adierazleetan, besteak beste. Gauza bera gertatuko litzateke erlazionaturiko beste adierazle batzuekin, halako moldez non, oro har, industri BEGd-aren portzentajea, industri enpleguaren pisua, EBn presentzia duten enpresen portzentajea edo enpresa berritzaileen enpleguaren portzentajea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago baitago bizi-baldintza hobeak izan ditzaten.