Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
osteguna, 23 urriak 2014


Eskualdeko Datuen Bankuak euskarri bisual interaktiboa ematen dio Norberaren Ekimeneko “Lurralde arteko desorekak EAEn krisi ekonomikoaren testuinguruan” azterlanari. Azterlan horren helburuak gaur egungo egoera ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko eskualde batzuei eta besteei nola eragin dien aztertzea eta gaur egun –krisia zenetik sei urte igaro direla− zein diren demografia-egiturari eta ekoizpen-egiturari, lan-merkatuari eta bizi-baldintzei dagokienez Euskadin dauden lurraldeko desorekarik handienak. Beraz, txostenaren helburu orokorra, eskuragarri dauden iturri estatistiko nagusietatik hartutako oinarrizko hainbat adierazletatik abiatuta, krisi ekonomikoko egoera honetan EAEko lurralde-desoreken diagnostikoa egitea da, batik bat diagnostiko kuantitatiboa, eta bereziki, krisiak euskal eskualdeetan izan duen eragin diferentzialaren diagnostikoa.

 

Azterketaren funtsezko eremu geografikoa eskualdea da, ekoizpen- eta enpresa-egiturari nahiz bizi-baldintzei dagokienez eskualdeek berezko izaera ematen dieten ezaugarriak eta udalerriaren errealitatetik harago doazen berezitasunak dauzkatelako. Zehazki, lehentasunez Eusko Jaurlaritzak normalean erabiltzen duen eskualde-banaketara jotzea erabaki da, hamaika eskualderekin, eskuragarri dauden adierazle askotan (adibidez, PADItik edo LMZrik eratorriak) eskualde-banaketa hori erabiltzen delako.

 

Aztertu beharreko adierazleei dagokienez, lana iturri estatistikoetan eta interesgarritzat jo diren erregistro administratiboetan oinarritu da. Informazioa biltzeko eragiketa propioen bidez adierazleak lortzeari uko egin zaio, eta informazio kualitatiboa biltzeari ere bai, uste baita Euskadin kalitate nahikoa duten iturri estatistikoak daudela diagnostiko hori egiteko. Horren haritik, txostenaren helburua aurretiaz dauden iturri batzuek eta besteek sortzen duten informazioa bildu, sistematizatu eta aztertzea izan da; horretarako, adierazle horien arteko loturak ezarri dira. Aitzitik, ez da helburutzat hartu aurretiaz eskuragarri ez zegoen informazioa sortzen duten datu-iturriak sortzea.

 

Datuen bankua gaikako bost multzotan dago antolatuta. Multzo horiek hainbat aginte-koadrotan bistaratu ahal dira. Lehenengo multzoak, eskualdeko adierazleen panelak, azterlanetatik hautatutako adierazlerik garrantzitsuenak biltzen ditu; beste lau aginte-koadroek, aldiz (Egitura soziodemografikoa, Egoera ekonomikoa eta lan-merkatua, Bizi-baldintzak eta gizarte-babesa eta Osasun-egoera), aipatu diren esparru horiei buruzko hainbat adierazleren laburpen zehatzagoa ematen dute.

 

Orokorrean, aginte-koadro bakoitzean bildutako adierazleek eskualde bakoitzean aztertutako esparru batzuetan eta besteetan gaur egun dagoen egoeraren panoramika eskaintzen dute, baina horrez gain, krisia hasi zenetik gaur egunera arte egondako bilakaeraren berri ere ematen dute.

 

Eskualdeko datuen bankua osatzen duten aginte-koadroak Tableau Desktop programarekin egin dira. Hala, hainbat adierazle modu interaktiboan kontsultatu ahal dira. Aginte-koadro bakoitzean, hautatutako adierazleak eskualdeko mapen, taulen edo eboluzio-grafikoen bitartez bistaratu ahal dira, erabiltzaileen beharrizanen arabera. Halaber, elementu horietako askok era berean iragazkiak dauzkate, eskuratu nahi den informazioa iragazki horietan oinarrituta hautatzeko.

 

Hala, pertsona bakoitzak, aginte-koadro bakoitzean eskuragarri dagoen informaziotik abiatuta, behar dituen mapak, taulak edo grafikoak sor ditzake. Horrez gain, aginte-koadro bakoitzean erabili diren adierazleen nahiz iturrien definizioari buruzko informazio zehatza ageri da.

 

Mapak, grafikoak eta taulak bistaratzeaz gain, programari esker edukia hainbat formatutan deskargatu ahal da, gerora erabiltzeko, berregiteko, edo sare sozial nagusietara bidaltzeko ere bai.