Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
ostirala, 03 urriak 2014

  • Arau horren xedea da adikzioen esparruan garatu beharreko neurriak eta ekintzak arautzea, honako arloetan: osasunaren sustapena, prebentzioa, eskaintzaren gutxitzea, laguntza, gizarteratzea, prestakuntza eta ikerketa, eta erakunde-antolamendua. Berritasun gisa eta adikzio-gaitasuna duten substantzia tradizionalekin batera, lege berriak jokabidezko adikzioak edo substantziarik gabeko adikzioak jasotzen ditu, bai eta haien aurrekari diren arrisku-faktoreak ere. 
  • EGABek jotzen du"ongi kohesionatuta eta egituratuta dagoen"  lege aurreproiektu bat dela, eta bat dator bera inspiratzen duten irizpideekin, osasunaren sustapenari eta adikzioen arloko prebentzioari dagokienez. Bereziki, osasunerako hezkuntzaren arloko jarduketak eta ohitura osasungarriak eta osasunaren aldeko kultura bat lortzeko ikuspegia, bizimodu autonomo, solidario eta libre gisa.

 

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iritziz, egokia da Adikzioen Lege Aurreproiektuaren izapidetzea, kontsulta-organo honek egindako gogoetekin. Aurreproiektua Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aurkeztu du. 

Arau horren xedea da adikzioen esparruan garatu beharreko neurriak eta ekintzak arautzea, honako arloetan: osasunaren sustapena, prebentzioa, eskaintzaren gutxitzea, laguntza, gizarteratzea, prestakuntza eta ikerketa, eta erakunde-antolamendua. Legeak aurreikusten du, halaber, jarduerak arautzea hirugarren pertsonak babesteko substantzien kontsumoak edo jokabidezko adikzioek nahiz substantziarik gabeko adikzioek (zorizko jokoak, Internet, bideojokoak...) eragindako kalteetatik. 

Bere irizpenean, EGABek jotzen du gertatutako aldaketek justifikatzen dutela arau berri bat egin dadila, haren bidez arloari buruzko tratamendua modernizatzeko eta adikzioei mendetasun hutsarena baino ikuspegi zabalago batetik begiratzeko, bai eta adikzioen kausen ikuspegia zabaltzea ere, arrisku-faktoreekin batera babes-faktoreak jasotzeko, halako moduz non esku-hartzerako arlo handiak identifikatu ahalko baitira gaien egituratze sistematikoago eta antolatuagoa edukitzeari esker. 

Adikzio aldakorrak

 Aurreproiektu berriak proposatzen du adikzioei aurre egitea diziplina anitzeko abordatze integral batekin, azpimarra berezia jarriz osasunerako hezkuntzan, esparru guztietan. Testuak gogorarazten du adikzioak zabalera handi samarreko fenomeno sozial bat direla, konplexutasun aparta dutenak eta, gainera, aldakorrak direnak. 

Hartara, adikzio-gaitasuna duten substantzia tradizionalekin batera (alkohola, tabakoa, kanabisa, psiko-estimulatzaileak, haluzinogenoak...), lege berriak jokabidezko adikzioak edo substantziarik gabeko adikzioak jasotzen ditu, eta mendetasun-egoerari aurrea hartzeko ahaleginean, aurrekari diren arrisku-faktoreak biltzen ditu; besteak beste, jokabidezko adikzioak sortzeko arriskua duten gehiegizko jokaerak. 

Gainera, aurreikusten denez hasteko eta behin guztiz ohikoak diren beste jokabide batzuek halako bilakaera bat izan dezaketela non arazo eta etorkizuneko adikzio baten aurrekari bihur baitaitezke esate baterako, eroste eta elikatze konpultsiboa edo neurriz kanpoko ariketa fisiko edo lanekoa, legeak ezartzen du osasuna sustatzeko eta prebentziorako berak biltzen dituen neurriak zabalduko direla gehiegizkoak diren beste jokaera batzuetara, zeinak une honetan ez diren sartzen jokabidezko adikzioen kontzeptuan. 

Kohesionatua eta egituratua 

EGABek nabarmentzen ditu arau berriaren intereseko alderdien artean aipatutako berritasunak, eta bere balorazio orokorrean jotzen du "ongi kohesionatuta eta egituratuta" dagoen lege aurreproiektu bat dela, eta bat dator bera inspiratzen duten irizpideekin, osasunaren sustapenari eta adikzioen arloko prebentzioari dagokienez. Bereziki, osasunerako hezkuntzaren arloko jarduketak eta ohitura osasungarriak eta osasunaren aldeko kultura bat lortzeko ikuspegia, bizimodu autonomo, solidario eta libre gisa. Osasunaren aldeko kultura batek  zehazten du EGABek-, zeinak gizabanakoaren aukeratzeko askatasunarekin bizi behar baitu, zigor-neurrietan zentratutako ikuspegi batetik ihes eginez. 

Ildo horretan, kontsulta-organoak azpimarratzen du Osasunaren aldeko Hezkuntza Euskal Hezkuntza Sistemaren erreferente bihurtu beharra dagoela, eta horretarako indartu egin behar dela Osakidetzako osasun profesional publikoek ikastetxeetan duten zeregina, beste autonomia erkidego batzuetan egiten den bezala. Xede horrekin, proposatzen du hezkuntza-erkidegoa gaitu eta ahaldundu dadila bizi-ohitura osasungarriak indartzeko. 

Irizpenak egiten dituen gogoeten artean ageri da lan-esparrua prebentziozko jarduketarako arlo lehenetsia izan dadila, familiaren, erkidegoaren eta hezkuntzaren esparruekin batera. EGABek aipatzen du lan-esparrua esparru lehenetsitzat jotze hori jada Andaluzian egin dela, esate baterako, eta gogorarazten du adikzioak harreman pertsonaletan eta, horrenbestez, lan-harremanetan eragiten duela eta, zeharka, interferentziak sortzen dituela gainerako langileen lanean. 

Aurrekontu-zuzkidurari dagokionez, Batzordeak dio deseatzekoa litzatekeela behar adinako aurrekontu-zuzkidura izatea ezarpen eta garapen osoak lortzeko, eta, halaber, tresnak eduki behar direla gizartearen jarraipen zuzena, gardentasuna eta parte-hartzea bideratzeko. 

Azkenik, edari alkoholdunen hornidurari eta salmentari dagokionez, EGABek jotzen du ez dela baimendu behar edari alkoholdunen salmenta edo banaketa inongo ikastetxetan, ikasleen adina zein den ere, ez eta Administrazio Publikoaren egoitzetan, parke tematikoetan edo jakintzaren zabalkunderako parkeetan ere, gisa horietako instalazioek izaera eredugarria erakutsi behar baitute.