Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
ostirala, 03 urriak 2014

  • Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iritziz, ez da egokia familientzako babesarekin lotutako hiru arau-proiekturen izapidetzea. Proiektuek gaur egungo hauek aldatzen dituzte: seme-alaben ardura duten familiei sostengua emateko diru-laguntzak; familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak, eta familia errenta estandarizatzeko sistema. 
  • EGABek jotzen du aurkeztutako proiektuek, beren osotasunean, "aldaketa sakonak dakartzatela, Familiei Laguntzeko Legean jasota dagoen familientzako babes-ereduan eragina izan dezaketenak". Egoera horren aurrean, EGABek eskatzen du "eztabaida sakonagoa egin dadila aldaketa horiei buruz" gizarte zibil osoarekin.

 

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iritziz, ez da egokia familientzako babesarekin lotutako hiru arau-proiekturen izapidetzea. Proiektu horiek Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak aurkeztu ditu. Honakoak dira proiektu horiek: "Seme-alaben ardura duten familiei sostengua emateko diru-laguntzak arautzen dituen Dekretu proiektua"; "Familia politiken eremuan familia errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretua aldatzeko Dekretu proiektua" eta "Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa den ekainaren 29ko 177/2010 Dekretua aldatzen duen Dekretu Proiektua". 

Kontsultarako aurkeztu diren hiru legegintza-ekimen horiek Familiei Laguntzeko Legearen (abenduaren 12ko 13/2008 Legea) arau-garapena direnez eta elkarren arteko erlazio estua dutenez, Batzordeak erabaki du irizpen bakarra egitea eta haiei buruzko iritzia batera ematea. Iritzi orokorrarekin batera, kontsulta-organoaren erantzunean berariazko gogoeta batzuk badaude aipatutako hiru-arau proiektuetako bakoitzarentzat. 

Aldaketa sakonak 

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak jotzen du aurkeztutako proiektuek, beren osotasunean, "aldaketa sakonak dakartzatela, Familiei Laguntzeko Legean jasota dagoen familientzako babes-ereduan eragina izan dezaketenak". Egoera horren aurrean, EGABek eskatzen du "eztabaida sakonagoa egin dadila aldaketa horiei buruz" gizarte zibil osoarekin, gizarte-eragileekin eta gainerako ordezkariekin, "exekutiboaren proposamen integratu eta gardena abiapuntutzat hartuta". 

Bere gogoetetan, EGABek jotzen du sistemaren hobekuntza –sistemak tratu ekitatiboa bilatzen du familia-mota eta -egoera desberdinen artean, familia errenta estandarizatuaren irizpidea orokortzearen bidetik– "askoz gehiago zehaztu eta doitu behar dituela familia-laguntzetarako ezarri diren atalaseak eta mugak". Besteak beste, irizpenak dio seme-alaben ardura duten familiei sostengua emateko diru-laguntzetarako "orain baldintza ekonomiko batzuk jartzen direla, zeinek atzerakada bat baitakarte 2020an Europar Batasunarekin konbergentzia izateko ahaleginari begira, hain zuzen ere Familiei Laguntzeko Legean hasiera batean jasotako terminoetan". 

Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei dagokienez, EGABek adierazten du kezka duela laguntza horien egungo egoera dela eta, zeren eta exekutiboak deklaratu baitu 2014ko aurrekontuko partida agortuta dagoela, "nahiz eta kreditu zabalgarria duen partidatzat jota dagoen". Horri dagokionez, EGABek gogora dakar "familia askotan gertatzen ari dela beren diru-sarrerak asko jaitsi direla lanaldi-murrizketa bat edo lan-eszedentzia bat hartu dutelako, diru-laguntza horiek jasoko zituztelakoan", eta gogorarazten du "gehien bat emakumeak direla horrelako baimenak hartzen dituztenak, eta, horrenbestez, murrizketa hauek haiengan eragin handiagoa dutela eta gehiago kaltetzen dituztela".

 

9/14 Irizpena Ondorengoei buruzkoa:

·         Seme-alabak beren kargura dituzten familiei babesteko laguntza ekonomikoak arautzen dituen dekretu-proiektua

·         154/2012 Dekretua, uztailaren 24koa, familiaren politiken esparruan familia-errentaren estandarizazio-sistemari buruzkoa, aldatzeko dekretu-proiektua

·         177/2010 Dekretua, uztailaren 29koa, familia- eta lan-bizia bateratzeko laguntzei buruzkoa, aldatzeko dekretu-proiektua