RTAk, hots, Atlantikoko eskualdeetako gizarte eta ekonomia arazoetarako batzordeak biltzen dituen lankidetza plataformak, hamar urte baino gehiago daramatza elkarrekin lanean, gizarte zibil antolatuaren adierazpena Europa mailan agerraraztea ahalbidetuz. Horren ondorioz, elkarrekin egin dira eskualdeek partekatzen dituzten Atlantikoko erronkei buruzko gogoetak eta lanak, eta halaxe helarazi zaizkie Europako nazio eta eskualdeetako erakundeei.
Hori dela-eta, Atlantikoko Estrategia definitzeko lehen urratsak egin zirenetik, haren adierazpen guztietan izan da RTA, antolaturiko topaguneetan eta Atlantikoko Estrategiaren gobernantzaren organoetan ere parte hartuz.
Etengabe izan du gogoan RTAk stake-holder guztiak mugiaraztearen eta parte hartzearen funtsezko garrantzia, baita koordinazio eta ikuspegi globalak bideratu beharra ere, Estrategiak indarrik gal ez dezan parte hartzen duten finantza-funtsen aniztasunak eragindako sakabanaketaren ondorioz. Abiarazi beharreko proiektuen osagarritasunaren eta sinergien kudeaketa funtsezko tresna da ahalik eta eraginkortasunik handiena lortzeko Ekintza Plana eta Estrategia betearazteko.
Hori guztia ezinbesteko honako baldintza hau betetzearen araberakoa izango da: skate-holder guztiek Estrategia ezagutzea. Horregatik, Estrategia eta Ekintza Plana onetsitakoan, RTAko Orientazio Batzordeak, erabakiak hartzeko organo gorenak, abiaraztearen lehen fasean egin beharreko ekarpenari buruzko gogoeta egin zuen.
RTAren indar-guneak baliatzeko abagunea zen. Oso errotuta dago RTA lurraldean, eta bilbe sendoa du gizarte-ekonomia eta erakunde multzoaren bidez. Horri esker, elkarri laguntzeko bidea dago Atlantikoko proiektuen sustatzaileen, kudeaketaren erakunde arduradunen eta itsas ekonomiaren eragileen artean. Izan ere, beharrezko laguntza da hori Ekintza Plana benetan eta eraginkortasunez abiarazteko.
Eta, Mare ZNrekin bat eginda eta koordinatuta, lan-talde espezifikoa sortzea erabaki zuen, non RTAko batzordeko kide gehienek parte hartzen duten. Taldeak berak sortutako inkesta bat erabiliz, oinarrizko galderei eman nahi zaie erantzuna, Estrategia ezagutzeko eta identifikatzeko maila zein zen jakiteko. Horren guztiaren berri izan behar da abiaraztearen gaineko erabakiak behar bezala bideratze aldera.
Gizarte eta ekonomia batzordeen gizarte oinarri zabalari esker (sindikatuak, enpresak, arrantza eta nekazaritza erakundeak, kontsumitzaileak, unibertsitateak, portuak, merkataritza ganberak, hirugarren sektorea, ekologistak...), zuzenean hurbil gaitezke Estrategiaren garapenean eginkizun garrantzitsua beteko duten eragileengana.
Taldearen lana nahikoa aurreratuta dago, eta azaroaren bukaeran izango den Orientazio Batzordean onetsi ahal izatea da xedea. Hala, Mare ZNk abenduaren 2rako antolatuta duen skate-holderren bileran parte hartzeko modua izango du, baita lanaren emaitzak Mare ZNri helarazi ere.
RTAren helburua, fase honetan, Estrategia arrakastaz abiarazteko baldintzak betetzen laguntzea besterik ez da.
Geroago etorriko dira bestelako lankidetza-arloak. Izan ere, RTAk arlo horietan gizarte-ekonomiaren eragileen gaineko ikuspegiaren, ezagutzaren, taldekatzearen eta mugiaraztearen aldetik dituen eskumenak erabiliz, aholku-lanak har ditzake Estrategia aurrera eramateko, abiarazteko eta jarraitzeko erakundeetan eta, horri esker, Atlantikoko eskualdeen garapen iraunkorrerako ekarpena egiteari eutsiko dio.