Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
asteartea, 22 uztailak 2014

2013ko Memoria Sozioekonomikoa Batzordearen Osoko Bilkurak ekainaren 30ean onartu du EGABren Araudiak xedatutako epeen barruan eta jada Eusko Jaurlaritzaren, Eusko Legebiltzarraren eta Gizarte Zibilaren beraren esku dago, 2013. urtean zehar ekonomia- eta gizarte-alderdiei buruz EGABren ikuspegia ezagutu ahal izateko. Txostenaren egitura eta egutegia finkatzeko xedez, Batzordeak azaroan atariko lanei ekin zienetik, lan biziko hilabeteak izan dira hauek. Halaber, hilabete hauetan eztabaidak eta adostasunak izan dira, berez sentiberak diren gaietan ikuspuntu erkideak lortzeko. Gainera, krisiak arantza gehiago jartzen dizkie. Ildo horri eutsiz, Batzordeko kideek elkarrizketa irekia izan dute eta entzutea osagarri nagusia izan da.

 

Txosten honek adostasuna eta ikuspegi erkidea lortzeko kontsulta-organoan dauden erakundeek, hau da, ekonomia- eta gizarte-eragileek nahiz gizarte zibil antolatuaren ordezkariek egindako ahalegina islatzen du. Batzordekideek elkarrizketaren eta akordioa lortzearen aldeko apustuarekin hori guztia ahalbidetu dute.

 

2013ko ekonomiaren eboluzioarekin hasiz gero, jada iragaite-denboraldian gaudela pentsa dezakegu. Urtea positibotzat ez jo arren, oraindik susperraldi hauskorrean ezegonkortasun finantzarioak jarraitzen baitu, urtearen profilari erreparatuz, hiruhilekoen ia erregistro guztietan aldaketa negatiboak murriztu dira, 2014. urtean hazkuntza positibo arina sartzen uzteko. Eta hori eremu geografiko guztietan gertatu da. Erortzeari utzi diogu eta altxatzen hasten gara.

 

2014ko lehenengo hiruhilekoan BPGaren urteen arteko aldaketak, bai Europan, bai Espainian, baita EAEn ere hala baieztatzen du.

 

EAEko eboluzioan kontzentratuz, sei urtetan bigarren atzerapenetik atera da, nahiz eta BPGa berriz %1,2 jaitsi. Dena den, aldaketa negatiboen murrizketa progresiboa manufaktura-industriaren eboluzioan ere islatu da eta, horren harira, hiruhileko bakoitzean beheranzko aldapa gutxituz joan da, laugarren hiruhilekoan posizio neutroan kokatzeko eta 14ko lehenengoan eboluzio positiboa izateko, arina izan arren.

 

2013ko eboluzioan esportazioaren sektoreak hazkuntza positiboak mantendu ditu eta, ondorioz, kanpoko eskeak BPGaren hazkuntzari ekarpen positiboa egin dio. Ildo positibo beretik mugitzen da inbertsioaren eboluzioa (eraikuntza kanpo). Hala, manufaktura-industriarekiko eboluzio paraleloa du.

 

Eraikuntzaren eboluzioak, berriz, negatiboa (%5 jaitsi da) izaten jarraitzen du; hala ere, hiruhilekoari dagokion eboluzioak aldaketa txikiagoak ditu. Nolanahi ere, ezingo da susperraldiaz hitz egin eraikuntza-obren tipologia aldatzen ez denera arte; hala, hamar lizentziatik 8 eraikinak birgaitzeko dira. 

 

Enpleguaren eboluzioari dagokionez, hainbat gogoeta egin behar da. Agian, garrantzitsuena langabezia-tasari buruzkoa da. Urtearen bukaeran %15,3ra iritsi zen (BJAren arabera) eta 2000. urteaz gero altuena da. Aipatu galdeketari jarraiki, 165.600 langabetu daude. Dena den, neurri handian, langabeziaren hazkuntza biztanleria aktiboaren eboluzioak azaltzen du, izan ere, urtean batez besteko lan-merkatuan bere partaidetza ehuneko 1,7 puntu gehitu da. 2012ko eta 2013ko abenduen artean okupazioa %3,2 (-%4,6 aurreko denboraldian) gehitu dela azpimarratu behar da. Modu berean, lanpostuen kopuruak 28.500en egin du gorantz. Hala ere, oraindik behin-behinekotasuna altua da: Europako batez bestekoaren (%13,8) aldean, %21,7.

 

Oraindik enpleguaren egoera da arazorik garrantzitsuena, nahiz eta biztanleria aktiboaren hazkuntzak eta biztanleria okupatuarenak 2012. urteko datuekiko aldaketa positiboa islatu.

 

Agian, langabezia babestearen eboluzioak ere egoera erlatibo hobe hori adierazten du, batez beste pertsona onuradunen kopurua %1,6 gehitu baita, joan den ekitaldian %7,7 egin zuen bitartean.

 

Baina jada jakina den bezala, langabezia babesteko sistemak denbora-mugak ditu eta hortik aurrera pertsonak bere estaldurak gizarte-babesaren sisteman aurki ditzake. Euskal Autonomia Erkidegoan sistema hori “diru-sarrerak bermatzeko euskal sistema” da.  Errenta horren familia hartzaileak %8,3 hazi dira eta abenduan 62.817ra iritsi dira; bien bitartean, gastu guztia 359,1 milioiko izanik, %4,5 gehitu da. Gauzak beti hobe daitezke, baina gizarte-babesaren sistema sendoa dugula baiezta daiteke. Erreferentziatzat EAEn egindako gastua har dezakegu, hain zuzen ere, Estatuko guztiaren %40,2 eta, beraz, pobreziaren egoera aipatzean kontuan hartzekoa da. Hala, EAEn pobreziaren atalasearen azpitik biztanleriaren %17,3 bizi da, egoera europarraren ildotik eta Estatuko ratiotik (%28) oso urrun. Dena den, datu kezkagarria da. Etxebizitzetan EAEn batez besteko errenta %2,7 jaitsi da eta, ondorioz, euskal familien bizi-kalitateak okerrera egin du. Hori ez da uniformeki gertatzen ari, izan ere, pobrezia-egoerak kontzentratzen ari dira, Europan gertatutakoaren antzera. Agian, ildo beretik, haurren eta gazteen pobrezia-fenomenoaz ohartarazi behar da; fenomeno horrek etorkizuneko gizarte europarraren berdintasunari, kohesioari eta produktibitateari eragin diezaioke. Hortaz, gaur egun haurren pobrezia Batasunak lehentasunezkotzat jotzen du.

 

Baina aurreko paragrafoetan komentatutako arazoa konpontzeko, Europak hazkuntza-maila egokia berreskuratu behar du. Ekonomia suspertzeko ekonomia- eta zerga-politikari buruz hartu behar diren neurriak baztertu gabe, Europa epe ertainean eta luzean lehiakorra izateko I+G+baren eta hezkuntzaren aldeko apustua egin behar da. Ildo horri jarraiki, hauek dira komentatu behar diren azkeneko bi eremuak.

 

I+G+bari dagokionez, BPGaren gaineko gastuaren ikuspegitik EAEren ratioa euro zonan hautemandakotik (%2,12, euro zonako %2,17ren aldean) hurbil egon arren, patente eta erabilera-ereduen bitartez gastua gauzatzeko orduan, zenbakia gutxi gorabehera 5 aldiz txikiagoa da, buruan dauden herrialdeetako datuak kontuan hartzen baditugu, beraz, arloan ahalegin garrantzitsua egitea nahitaezkoa da.

 

EAEko hezkuntza-sistemak hainbat puntu indartsu karakteristiko du, baina, aldi berean, beste batzuetan hobekuntzak eskatzen dira.

 

Araubide orokor ez unibertsitarioaren irakaskuntzari dagokion eremuan, EEren helburuekin lerrokatuak gaude, bai “eskola modu goiztiarrean uzteari” dagokionez, baita “biztanleria gaztearen prestakuntza-mailari” buruz ere. “Egokitasun-tasari” erreparatzen badiogu, ordea, gure egoerak azkeneko 10 urteetan tasa hori hobetzeko ezintasuna ageri du eta, ondorioz, neurri batean, sistema ez da eraginkorra.

 

PISA proben emaitzak kontuan hartzen baditugu, ELGAren batez bestekoarekin lerrokatuak gaudela edo posizio hobea dugula esan dezakegu. Baina alderaketa hurbilagoa egiten badugu eta Espainiako Autonomia Erkidegoei begiratzen badiegu, gure postuak ez dira burutzakoak EAEk beste eremu askotan dituen bezala.

 

Sarrera honetan gizarteari kezka sortzen dioten alderdiak azpimarratu izan nahi ditut. Halaber, krisiaren ondorengo susperraldiaren eszenatokian, ibilbide berria egiteko orduan, EAE hazteko garrantzitsuak diren beste horiek ere ez ditut baztertu. Baina EAEko ekonomia- eta gizarte-bizitzak, gainera, interes eta garrantzi handiko alderdi asko ditu, irakurleak txostenaren egituraren bidez ezagutu ahalko dituenak. 

 

Memoria hau argitaratuz gure eginbeharra betetzen dugu, EAEko ekonomia- eta gizarte-egoerari buruz Gobernuari eta Eusko Legebiltzarrari EGABren gogoetak eskaintzea, alegia. Uste sendoa daukat herritar, profesional, ekonomia- nahiz gizarte-eragile eta arduradun politikoentzat erabilgarria izango dela; izan ere, horiek guztiek badute zeresana euskal gizartearen geroan eta haien lana lagungarria da gizarte bidezkoagoa eta berdintsuagoa lortzeko herri honentzat.