Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
astelehena, 21 uztailak 2014

Joan den uztailaren 16an, 2013. urteari dagokion EAEko memoria sozioekonomikoaren aurkezpena zela eta, euskal EGABek tribuna bat antolatu zuen, eta bertan, aipatutako memoria osatu duen EGABeko batzordearen zuzendari Inmaculada Gallastegi andreak egindako aurkezpenaz gain, Anton Costas irakaslearen hitzaldi bat ere izan zen.

 

Inmaculada Gallastegik azaldu zuen moduan, 2013ko memorian lehenengo nabarmentzen dena da joan den urtean zehar munduko ekonomia neurrizko erritmoan hazi zela, finantza-ezegonkortasunarekin irauten duen errekuperazio hauskorraren baitan. Hala ere, ezin daiteke urte ontzat eman Eurogunean, Espainian eta EAEn. Guri dagokigunean, krisiak ekoizpen-sektore guztiei eta eskaera nazionaleko alderdi guztiei eragin zien, nahiz eta esportazioek eta inportazioek bilakaera hobea izan zuten, BPGren hazkundeari ekarpen positiboa egin izanak erakusten duen bezala.

 

Itxaropenerako ohar moduan aipa daiteke 2013ak hazteko profilari eutsi diola eremu geografiko guztietan, eta baita EAEn ere. Izan litekeen joera aldaketa horretaz gain, ordea, EGABek krisiak azaleratu dituen egiturazko akats garrantzitsuak ezagutarazi ditu, eta berreskuratzeko giroaren barnean kalitatezko enplegua sortzea eta enpresen lehiakortasuna bultzatzea funtsezko osagai izango dituen garapen eredua bultzatzearen alde egingo du.

 

EAEn, %1,2 jaitsi zen ekonomia kopuru errealetan, eta 2012. urtean jaitsiera %1,6koa izan zen. Enpleguaren eboluzioa arinki positiboa izan zen, batez besteko moduan %0,1eko aurreikusitako igoerarekin, eta 2013an zehar lanak erakutsitako ekoizpena %1 hazi zen, Europako Batasun osoan erregistratutakoaren gainetik, alegia. Horri dagokionean, EGABek balioztatu duenaren arabera, euskal enpresen lehiakortasunarentzako funtsezkoa izango da alde positiboari eustea Europako batez bestekoarekiko eta, batik bat, erreferentziazko herrialde europarrekiko.

 

Barne eskariari dagokionean, jaitsiera 2012koa baino txikiagoa izan zen, aldakuntza-tasak negatiboan jarraitu bazuen ere (% -1,5 2012ko % -2,4ren aldean). Merkataritzako salmentek ere aurreko urtekoa baino jaitsiera txikiagoa izan zuten. Ostera, sektore publikoaren kontsumoa izan zen 2013an barne eskariaren baitan 2012koarekiko atzera egin zuen osagai bakarra, eta krisialdi osoko erregistrorik okerrenera iritsi zen; izan ere, urtea igoera arin batekin hasi ondoren, jaitsiera nabarmenarekin bukatu zuen.

 

Beste alde batetik, EGABek 2013ko memorian azaldutako iritziaren arabera, eduki teknologiko handiena duten ekoizpen-sektoreen pisua handitu behar da, funtsezko faktorea izango baita hori ekonomia globalizatuan euskal industriaren kokapena hobetu ahal izateko garaian. Arlo horretan, I+G+B adirazle nagusiek Espainiako elkargo dinamikoenen artean kokatzen dute EAE. I+G arloko gastuan finantzazio pribatua igo egin da (%55,9 2012an), eta EAE Euroguneko batez besteko %56,8tik hurbil baldin badabil ere, urruti dabil Japonia (%75,9 2010an), AEB (%60), Finlandia (%67) edo Alemania (%65,6) bezalako puntako herrialdeen datuetatik.

 

Era berean, EGABek nabarmendu du, ezagutzaren eta lehiakortasun globalaren gizartean bizi garelarik, giltzarria dela IKT ekipamendu nahikoa izatea enpresa eta etxe mailan, eta, horretaz gain, baita horiek modu intentsiboan erabiltzeko gaitasun egokia izatea ere. Horretarako, teknologiaren garrantzia bultzatzeko programetan sakontzen jarraitzea proposatu du.

 

Lan merkatuari dagokionez, enpleguaren itxurazko egonkortze bat nabari da, 2013ko bigarren seihilekoan lanpostuak galtzearen erritmoa gelditzearekin batera. Hala eta guztiz ere, biztanleria aktiboa handitzaren ondorioz, lanik gabeko lagunen kopurua nabarmen igo zen joan den urtean zehar, eta urte bukaeran zegoen langabezia-tasa 2000. urtetik izandako handiena izan zen (165.600 lagun EUSTATek egindako Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkestaren arabera, eta 167.000 lagun baino gehiago Lanbideren erregistroen arabera). Argitaratutako estatistikek berretsi dutenaren arabera, 82.000 lanpostu baino gehiago galdu ziren Euskadin 2008tik 2013ra bitartean.

 

Egoera horretan, EGABek iraupen luzeko langabeziaren (urtebete baino gehiago egoera horretan) eboluzioak eragiten dion kezka adierazi du, 2013 bukaeran erregistratutako langabezia osoaren erdia (%49,9) izatera iritsi baitzen. Egoera korapilatsua da jende horrentzat, langabezia laguntzak agortu ondoren, ezin baitute berriz ere eskubide hori sortzeko behar den denboran lanik egin. Horregatik, adierazi du enplegu politika aktiboek orduan eta garrantzi handiagoa dutela une honetan, lan merkatuan sartzeko eta gizarte ongizatean aurrera egiteko funtsezko eragile diren neurrian.

 

2012ko memoriak, beste alde batetik, ohartarazi zuen Europan eta EAEn bizitzeko baldintzak okerragoak zirela, eta krisiak gogortasun handiagoz eragiten diela talde jakin batzuei: lanik gabeko etorri berriak, 45 urte baino gutxiagokoak eta emakume bat buru duten guraso bakarreko familiak dira kaltetuenak.

 

Datu horiek sakonago aztertuz, EGABek arreta bereziki bideratu nahi izan du biztanleria gaztearen bizi-baldintzetara (pobreziak erasandako 10 lagunetik 6 35 urte baino gutxiagokoak dira) eta Euskadin pobrezia errealeko 10 kasutik 9 ikasketa kualifikaturik gabeko norbait buru duten etxeetan izatearen gertaerara. Horregatik, azpimarratu egin du pertsonetan eta haien heziketan inbertitzearen, enplegu politikak hobetzearen eta gizarte-babeseko sistemen eraginkortasuna handitzearen beharra, krisiari aurre egiteko eta gure gizartean ongizate mailak hobetzeko baliabideak diren heinean.

 

Azkenik, eboluzio ekonomikoak eta horrek bizi baldintzetan duen eraginak ahalegina handitzea eskatu dio Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemari (DBE, Etxebizitza gastuetarako prestazio osagarria eta Gizarte larrialdietako laguntzak). 2013an, aurreko urtean baino % 4,6 aurrekontu handiagoa bideratu zen: 452 milioi euro (%80 Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarako). Azkeneko bost urteetan, DBE jaso duen etxeen kopurua -62.000 baino gehiago- %75 hazi da, eta prestazio horretan egindako gastua 168 milioi eurokoa izatetik 360 milioikoa izatera pasa da. Horri dagokionean, EGABek espero du gaur egun ditugun babes mailekin bermatu ahal izatea diru sarrerak bermatzeko sistemaren iraungarritasuna.

 

"Krisiaren kudeaketa. Nola aurre egin etorkizunari”

 

Costas irakasleak Amerikako Estatu Batuek eta Europako Batasunak krisia kudeatzeko erabilitako modu desberdinak parekatu zituen bere hitzaldian, Europan kreditua mugatzeak leheneratzea zer neurritan oztopatzen duen aztertuz. Era berean, alderaketa historikoa egin zuen, gaur egun kapitalismoak demokraziarekin talka egitea eragiten duen  desberdintasunak handitzearen fenomenoaren eta joan den mendeko 30eko hamarkadan Europan gertatu zenaren artean.

 

Anton Costas Comesaña

 

Bartzelonako Unibertsitatean Politika ekonomikoko katedraduna izanik, Costas unibertsitate horretan bertan eskaintzen den “Zerbitzu publiko ekonomikoen ekonomia, erregulazioa eta lehiakortasuna” masterreko zuzendaria da. Hainbat ardura akademiko izan ditu, eta, besteak beste, Menendez y Pelayo nazioarteko unibertsitateko errektore-ordea izana da. Bere interes akademikoak politika publikoen erreforma eta prestakuntzako prozesuetan ideien, interesen eta erakundeen eginkizunak aztertzearekin lotuta daude; eta, bereziki, erreforma, pribatizazio eta liberalizazio prozesuekin. Prentsako zutabegilea eta telebista eta irratiko ohiko kolaboratzailea da Katalunian, eta liburu eta artikulu ugari argitaratu ditu kontu horien inguruan; “The ultra-rational Illusion of Finance. Economics and Policymaking” (2014) izan da azkenekoa.