Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
astelehena, 21 uztailak 2014

Uztailaren 1ean eta 2an Euskadi eta Akitaniako EGABen aldebiko topaketa izan da beste behin ere, elkarren artean duten aldebiko lankidetza-harremanaren baitan. Bordelen elkartu ziren bi ordezkaritzak, eta egitarau bikoitza izan zuten. Alde batetik, Euskadi-Akitania euroeskualdearen plan estrategikoa osatzeko lanean eman dituzten azken pausoak ezagutzea; beste alde batetik, bientzat eta Euroeskualdearentzat orobat interesgarria den gai berri baten inguruan bi kontseiluen arteko lanei ekitea.

 

Lehenengo gaiari dagokionez, lan saioetan Marc Moulinek hartu zuen parte, Euskadi-Akitania Euroeskualdeako lurralde lankidetzarako Europako taldearen zuzendari denak, eta 2014-2020 epealdirako Euskadi-Akitania euroeskualdearen lurralde garapenerako estrategiaren oinarrien dokumentua aurkeztu zuen. Bi EGABak modu aktiboan aritu dira hori osatzen. Euskadiko eta Akitaniako EGABek Akitania-Euskadi lankidetzako eragile moduan identifikatutako ordezkarien artean parte hartu dute, eta hamar urte baino gehiagoko lankidetzaren esperientziaz, ikasitako lezioez eta lankidetzaren ezaugarri indartsu eta ahulez egindako azterketa eskaini dute. Horretaz gain, berariazko ekarpenak landu dituzte garraioko eta energia berriztagarrietako arloetan, eta turismoa, garraioa, energia berriztagarriak eta lankidetzako gobernantza gaien inguruko Focus Group edo gogoeta-talde batean hartu dute parte.

 

Uztailaren 2ko bileran, bi EGABek begi onez baloratu zuten etorkizuneko plan estrategikoaren egituraketa, lau esku-hartze eremutan antolatuta: herritargoa, jarduera ekonomikoa eta ikerkuntza, lurraldea eta lankidetzaren gobernantza, horietako bakoitza bere helburuekin eta jarduera-eremu estrategikoekin, bi eskualdeen arteko lankidetzarako garrantzizko eremuak bildu ahal izateko bezain zabal. Hala eta guztiz ere, adierazi zuten garrantzitsua izango litzatekeela aldez aurretik azpimarratzea plana betearazterakoan proiektuek aurrerapenerako tresna bezala duten garrantzia, eta 2020an Euroeskualdeak lortu beharko lituzkeen helburu oso zehatzak finkatzea ere bai, plana indarrean dagoen epean aurrerapausoak kontrastatzea ahalbidetzeko moduan. 

 

Esku-hartzeko eremuen helburuei dagokienean, adierazi zuten jasangarritasuna zehar-eragineko dimentsioa dela, lau esku-hartze eremuekin lotutako helburuetan txertatu beharrekoa, eta ez lurraldearekin lotutakoetan bakarrik. Era berean, ingurumena babesteko dimentsioak planean agerpen handiagoa izan beharko lukeela ere aipatu zuten.


Esku-hartze eremuei dagokienean, garraioa azpimarratu zen, Euroeskualdean funtsezko gaia izanik, bi kontseiluek lan ugari eskaini diotena. Bai bidaiarien garraioak eta baita salgaienak ere Euroeskualdean dauzkan askotariko desafioak nabarmendu ziren, eta mota batekoak zein bestekoak aurrera egitea ez dagoela azpiegituren garapenaren baitan bakarrik, baizik eta zerbitzuak garatzearen eta aldakuntza modala aldatzearen aldeko politikak aplikatzearen baitan ere bai.

 

Jarduera-eremuei dagokienean, gazteria eta kirolari eta prestakuntzari lotutakoak ere txertatu beharrezkotzat aipatu ziren. Azkenik, adierazi zen jarduera ekonomikoaren eta enpresaren inguruko eremuek, ikerkuntza eta enpresarekin eta enpresen arteko lankidetzarekin lotuta daudenak orobat, sinergia eta osagarritasun ahalmena daukaten sektoreak identifikatu eta aintzat hartu behar dituztela ezinbestean. Euskadiko eta Akitaniako EGABen artean aztertzeko hautatutako laneko gaia alderdi horrekin lotuta dago, eta horri esker bere garapenerako elementu konkretuak eskaini ahal izango ditu.

Berrikuntzaren eta teknologia-transferentziaren arloan, arlo horietan esku hartzen duten erakundeek elkar ezagutzea bultzatuko dute bi EGABek, ezaugarriz hornituz haien gobernantza, antolakuntza, funtzionamendua eta sektoreka egituratzea. Aldi berean, izaera osagarria eta elkarrekin kokatzeko aukera aurkezten duten sektoreetan, gauzatzea, eraginkortasuna eta baliabideetako modalitateetan sakonduko dute, Euskadi eta Akitaniako erakunde eta enpresen eremu horietan lankidetzara bideratuta dauden proposamenak eta gomendioak egin ahal izateko.

 

Helburu horrekin, uztailaren 2an bi ordezkaritzek Akitaniako sistemaren inguruko aurkezpenak izan zituzten, Aquitaine Développement Innovation edo ADIko ordezkariek azalduta, eta baita berrikuntzaren eta teknologia-tranferentziaren alorreko adibide konkretuak ere, Institut des Sciences de la Vigne et du Vin izenekoaren baitan Akitaniak ardogintzarena bezalako jarduera sendo azpimarragarriak dauzkan sektore batean.