Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
asteartea, 15 uztailak 2014


  • Memoria Sozioekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte- eta ekonomia-egoeraren irudi zehatza eskaintzeko analisia eta estatistikak bildu ditu. Ildo horri eutsiz, ekonomi egoera, lan-merkatua, gizarte-babesa, hezkuntza, bizi-baldintzak, osasuna edo ingurumena lantzen ditu, beste alderdi batzuen artean.
  • Euskadiko ekonomia 2013. urtean %1,2 jaitsi arren, goranzko profila mantendu zuen. Kalitatezko enplegua sortzea eta enpresen lehiakortasuna sustatzea suspertzeko oinarrizko elementuak dira, EGABk aipatutakoaren arabera.
  • 2013ko bigarren seihilekoan enplegua suntsitzez gelditu zen. Iraupen luzeko langabetuak jada erregistratutako langabetu guztien erdia dira, beraz, enpleguari buruzko politika aktiboek garrantzia hartu behar dute, kontsulta organoak azaldutakoarekin bat.
  • Bizi-baldintzak, bereziki, gazteei kaltetu zaizkie; hala, egiazko pobreziaren egoeran dagoen 10 pertsonatik ia 6k 35 urte baino gutxiago ditu. Pobreziaren edo ongizaterik ezaren arriskua Euskadin haur-biztanleriaren %22,3ri iristen zaio.
  • EGABk egungo estaldura-mailekin diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemaren iraunkortasuna bermatu ahal izatea espero du. Horren funtsezko zutabea Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta da.
  • I+G+b-aren adierazle nagusiei erreparatuz, EAE Espainiako erkidego dinamikoenen artean dago, EGABk azpimarratutakoaren arabera. Gainera, bere esanetan, eduki teknologiko handiagoa duten produkzio-sektoreen garrantzia areagotu behar da.


Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak gaur goizean Bilbon 2013. urteko Memoria Sozioekonomikoa aurkeztu du. Memoria Sozioekonomikoa lan zabala da eta iturri askotatik datozen analisiak eta estatistikak biltzen ditu. Azkenean, orokorrean hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte- eta ekonomia-egoeraren irudi zehatza eskaintzea du helburu.

Dokumentua atal desberdinetan antolatzen da, landutako gaien izaerarekin bat. Ildo horri eutsiz, bai nazioartean bai tokian, ekonomi egoera, lan-merkatua, gizarte-babesa eta langabezia, hezkuntza, bizi-baldintzak, osasuna, hirigintza edo ingurumena lantzen ditu, beste alderdi batzuen artean. Horrez gain, atal bakoitzean Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen hainbat gogoeta erantsi da.

Neurrizko hazkuntza orokorra, ezegonkortasun finantzarioa

Munduko ekonomiak 2013. urtean neurrizko erritmoan hazten jarraitu zuen, susperraldi makalaren barruan, ezegonkortasun finantzarioaren fenomenoak irauten baitu. Urtea, ordea, ezin daiteke ontzat jo Euro Zonan, Espainian eta EAEn. Gure kasuan, krisiak eske nazionalaren atal eta produkzio-sektore guztietan eragin zuen, esportazioek eta inportazioek eboluzio hobea izan arren. Hori BPGaren hazkuntzarekiko ekarpen positiboan islatu zen.

Datu itxaropentsua da 2013. urtean eremu geografiko guztietan, baita EAEn ere, goranzko profila mantendu izana. Nahiz eta, itxuraz, joera aldatu, EGABren esanetan, krisiak egitura-urritasun nabarmenak agerian utzi ditu eta, ondorioz, kalitatezko enplegua sortu eta enpresen lehiakortasuna sustatzeko gai den garapen-ereduaren alde dago. Izan ere, suspertze-eszenatokian oinarrizko elementu bereiztezinak izan behar dute.  

EAEko ekonomia: %1,2 egin du atzerantz.

Euskal Autonomia Erkidegoan baldintza errealetan ekonomia %1,2 jaitsi zen, 2012. urteko %1,6ko jaitsieraren aldean. Enpleguaren eboluzioa arinki positiboa izan zen, batez beste %0,1 igoz; bien bitartean, lanaren itxurazko produktibitateak 2013. urtean %1 egin zuen gorantz, Europako Batasunean erregistratutakoaren gainetik. Gai horri dagokionez, EGABren ustez "batez besteko europarraren eta, batez ere, erreferentziatzat hartzen diren Europako herrialdeen gainean diferentzial positiboa mantentzea, euskal enpresen lehiakortasunerako funtsezkoa izango da”.

Krisiaren iraunkortasuna eta kontsumoaren geldotasuna abenduan urteen arteko inflazioaren zifran (%0,6) islatu zen. Hain zuzen ere, estatistika hau egiten hasi zenetik, urtea amaitzen duen ratiorik baxuena da. Hala eta guztiz ere, urteko batez besteko tasa 2013. urtean %1,6koa izan zen, hau da, aurreko urteko datuarekin erkatuz, zazpi hamarren gutxiago da.

Barneko eskeari dagokionez, 2012. urtean baino gutxiago jaitsi zen, aldaketa-tasa negatiboa mantendu arren (-%1,5, -%2,4ren aldean). Merkataritzan salmentek ere beherantz egin zuten, baina aurreko kasuan bezala, aurreko urtean baino motelago. 2012. urteko datuak kontuan hartuta, barneko esketik 2013. urtean sektore publikoaren kontsumoa izan zen atzera egin zuen bakarra eta krisialdian erregistrorik okerrena lortu zuen, urtea nabarmenki jaitsita amaitu baitzuen, hazkuntza arinarekin hasi ondoren.

Sektore publikoaren egoerari buruzko analisian, EGABk ondorengoa gogorarazi du: egungo abagunearen ondorioz baliabideak urriak direla eta, beraz, jomuga modu egokian arrazionalizatu behar dela. Gainera, “herritarren ongizatean zuzenean eragiten duten partidak arriskuan ez jartzeko, besteak beste, “funtzionamenduaren gastuak” bezalako partidak eutsi behar direla” azpimarratu du.

Garrantzi teknologikoa

EGABren iritziz, eduki teknologiko handiagoa duten produkzio-sektoreen garrantzia areagotu behar da, “ekonomia orokortuan euskal industriaren kokapena hobetzeko faktore aipagarria izango baita”. Eremu horretan, I+G+i-aren adierazle nagusiek EAE Espainiako erkidegorik dinamikoenen artean kokatzen jarraitzen dute, nahiz eta arloan erreferentziatzat har daitezkeen herrialdeetatik urrun egon. Hala, EAE hirugarren taldearen (neurrizko berrikuntza duten herrialdeak) goiko aldean kokatuko litzateke, Europako Berrikuntza Adierazleen Panelari jarraiki.

I+Garen gastuan finantzazio pribatua gehituz doa (%55,9 2012. urtean); EAE Euro Zonaren batez bestetik (%56,8) hurbil gelditzen da, nahiz eta puntako herrialdeetatik (Japonia (%75,9 2010. urtean), Estatu Batuak (%60), Finlandia (%67) edo Alemania (%65,6)) urrun egon.

Era berean, EGABk azpimarratutakoaren arabera, “egungo ezagutza eta lehiaren gizarte orokorrean, enpresetan eta etxeetan IKT ekipamendu nahikoa izatea oinarrizkoa da. Halaber, intentsiboki erabiltzeko behar bezala gaitzea beharrezkoa da”; hortaz, garrantzi teknologikoa bultzatzeko programetan sakontzen jarraitzea proposatzen du.

Iraupen luzeko langabezia

Lan-merkatuari dagokionez, itxuraz, enplegua egonkortu da eta 2013ko bigarren seihilekoan lanpostuen suntsitze-erritmoa gelditu ere bai. Dena den, langabetuen kopurua asko hazi zen, populazio aktiboak gorantz egin baitu. Horrela, urtearen amaieran langabezia-tasa %15,3ra iritsi zen eta 2000. urtetik altuen bihurtu zen (165.600 pertsona, EUSTATen Jarduerarekiko Populazioari buruzko Galdeketaren arabera eta 167.000 baino gehiago, Lanbideren erregistroei erreparatuz). Argitaratutako estatistikek 2008. eta 2013. urteen bitartean Euskadin 82.000 enplegu baino gehiago suntsitu direla berresten dute.

Abagune honetan, EGABk iraupen luzeko langabeziaren (urtebete baino gehiago aipatu egoeran) eboluzioarengatik kezka azaltzen du. 2013. urtearen amaieran jada erregistratutako langabetu guztien erdia (%49,9) zen. “Egoera zaila pertsona horientzat; langabeziarengatik prestazioak agortuta, berriz eskubidea sortzeko ezin dezakete nahikoa denbora lan egin”. Horregatik, enpleguaren politika aktiboak lan-merkatuan sartu eta gizarte-ongizatean aurrera egiteko oinarrizko elementu bezala oraindik garrantzitsuagoak dira.

Pobrezia: gazteak, etorkinak eta guraso bakarreko familiak

EGABren aurreko Memoria Sozioekonomikoak, 2012. urtekoak, jada jakinarazten zuen Europan eta EAEn bizi-baldintzak kaltetzen ari zirela eta krisiak indar handiagoz talde zehatzei jotzen ziela: pertsona etorkinei, langabetuei, 45 urtetik beherakoei eta guraso bakarreko familiei, horien burua emakumezkoa bazen.

Datu horietatik abiatuta analisian sakonduz, EGABk gazteen bizi-baldintzek okerrera egin dutela ohartarazi nahi du; nolanahi ere, pobreziak eragindako 10 pertsonatik ia 6k 35 urte baino gutxiago ditu eta, gainera, proportzio hori ezin daiteke erraz zenbat, gazte heldu askok gurasoen etxean bizitzen jarraitzen baitu. EGABk aipatu duen beste alderdi nabarmen bat: Euskadin egiazko pobreziaren 10 kasutik 9etan buruak ez duela ikasketa kualifikaturik. Horregatik, EGABk honakoa azpimarratzen du: “Pertsonengan eta beren hezkuntzan inbertitu behar da, enplegu-politikak hobetu behar dira eta gizarte-babesaren sistemetan eraginkortasuna areagotu behar da. Horiek, batetik, krisiari aurre egiteko eta, bestetik, gure gizartean ongizatea hobetzeko bitartekoak dira”.

Halaber, EGABk haurren pobreziari aurre egin eta hori prebenitzeko politika bereziak zehaztea eskatzen du. Euskadin haurren %22,3 (guztira 64.000 adin txikiko) dago pobreziaren arriskuan edo ez du ongizaterik. Beraz, “etxean adin txikikoak daudenean langabeziaren estaldura ekonomikoari buruzko hausnarketa egin behar da”.

Pertsona minusbaliatuak arriskuan dauden beste talde bat dira, beraz, hezkuntza bateratzailea sustatzea proposatzen da, lan-zentroetarako irisgarritasunez hornitu eta enplegu babestua duten pertsona minusbaliatuei lan-merkatua irekitzearekin batera.

Gizarte-babesa

Eboluzio ekonomikoak eta bizi-baldintzetan izandako inpaktuak Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sisteman (DBE, etxebizitzarako prestazio osagarria eta gizarte-larrialdiko laguntzak) ahalegin handiagoa egitea eskatu dute. 2013. urtean aurrekontuan aurreko urtean baino %4,6 gehiago izan zen: 452 milioi euro (%80 Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarako). Azkeneko bost urteetan DBEaren etxebizitza hartzaileak (62.000 baino gehiago) %75 gehitu dira eta prestazioan gastua 168tik 360 milioi eurora pasa da.

Gizarte-babesaren eremuan, EGABk diru-sarrerak bermatzeko sistemaren iraunkortasuna egungo estaldura-mailetan bermatu ahal izatea espero du.

Lanbide Heziketan matrikulazioa gehitzea

Hezkuntzaren arloan, joan den urtean EAEn unibertsitaterako eta unibertsitatearen aurreko matrikulazioan eboluzioa positiboa izan zen eta, ildo horri eutsiz, Lanbide Heziketan matrikulazioak hazkuntza aipagarria nabaritu zuen, ikasle gehienek (%53,6) Lanbide Heziketa hautatzen baitute, derrigorrezko hezkuntza amaitu ondoren. Hala eta guztiz ere, lanbide-ikasketetan emakumezkoen partaidetza oraindik gizonezkoena baino txikiagoa da, batez ere, profil teknikoa duten familia profesionaletan.

Haur Hezkuntzan eskolatze-tasek ELGAren eta Europako Batasunaren batez bestekoak gainditzen dituzte eta eskola goiztiar uztearen tasa (%11,5) beherantz doa, 2020. urterako helburu europarraren bidetik (%10 baino gutxiago).

Hezkuntzaren eremuan, EGABk eremuari lehentasuna eskaintzea eskatzen du, “hezkuntzan inbertsio eraginkorrak gizartean desberdintasunak murrizten laguntzen baitu”.

Alkohola eta tabakoa

Azkeneko hamarkadan EAEn bizi-itxaropena igo da, bai gizonezkoentzat, baita emakumezkoentzat ere. Orain tumoreak dira heriotzaren arrazoi nagusia eta, ondoren, zirkulazio-sistemaren gaixotasunak datoz, aurreko urteen aldean. Horietan bigarrenak ziren lehenengo arrazoia.

EGABri bi gai kezkatzen dizkiote: batetik, arrisku handiko alkohola eta, bestetik, tabakoa kontsumitzea, bereziki, 15etik 24 urtera bitarteko emakumezkoen artean. Hala, osasunaren arloan aurrekontu-esfortzua mantentzea positiboki baloratzen du.

Biztanleria gutxiago

Azkeneko 14 urteetan lehenengoz Euskadiko biztanleria 2013. urtean jaitsi da, udal-erroldaren arabera. 1.400 biztanle gutxiago (-%0,06) dago eta, horrekin, azkeneko urteetako joera puskatu da. Modu berean, aurreko urtean EAEn bizi den biztanleria atzerritarra murriztu zen. Migrazioaren fenomenoa hasi zenetik, lehenengo aldia da.

EAErako demografia-proiekzioei erreparatuz, 2026. urtean bi joera horiek zorroztu egingo dira eta Euskadik 100.000 pertsona gutxiago izango ditu, baita hazkuntza demografikoaren bi osagaietan (hazkuntza naturala eta migrazio-mugimenduak) saldo negatiboak izan ere.Europan, berriz, 2040. urtera arte biztanleriak gorantz egiten jarraituko duela aurrez ikusia dago eta hirugarren herrialdeetatik immigrazioa motor demografikoa izango da.

Kapitulu honetan, EGABk ohartarazten du demografia galduko dugula eta, ondorioz, epe luzera estrategia integrala definitzea eskatzen du. Helburua ikuspegi demografikoak lan-merkatuan, pentsioen sisteman, osasun-sisteman, mendekotasunean eta gizarte-zerbitzuetan nahiz hezkuntza-sisteman duen eraginari aurre egitea da.

Lana eta familia bateratzeko zailtasun handiagoak

Lan-bizia, bizi pertsonala eta familia-bizia bateratzeari dagokionez, egunero Euskadiko emakumezkoek gizonezkoek emandako denboraren bikoitza erabiltzen dute zaintza-lanetarako. EGABk ikusitakoaren arabera, bateratzeko baldintzak apur bat kaltetu dira eta “orain arte egindako ahalegina biziagotu behar da”.

Horren harira, EGABk bateratzeko zailtasunak arazo honi arreta sistematikoa eskaini dioten herrialdeetan txikiagoak direla gogorarazi du eta etxean zereginak banatzeko orduan, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko erantzukizun bateraturantz aurrera egin behar dela azpimarratu du.

Higiezinen merkatuan atzerapausoa

2013. urtean EAEn higiezinaren merkatuari dagokion eboluzioa kontuan hartuta, etxebizitzaren eskaintza (%13,9) bigarren urtez ondoz ondo jaitsi egin da.  Prezioei begiratzen badiegu, etxebizitza erabilienak 2003. urtean zeudenetara itzuli dira eta berrienak 2005ekoetara.

Eraikuntzaren sektoreak eraikin gehiago birgaitzen ari direlako bizirik dirau, eraikinak jaitsi baitira, bai hasitako etxebizitzak, bai bukatutakoak kontuan hartuta. Abagune honetan, EGABren ustez “programa publikoek, sektore pribatuaren beharrezko lankidetzarekin, gutxieneko etxebizitza babestuaren eskaintza eta bereziki, alokairuaren erregimenean etxebizitzarena ziurtatu beharko lukete. Arreta berezia jarri beharko litzaioke gizarte-alokairuaren etxe publikoak eratzeari, gehiegizko zorpetzearen arrisku handiena duten etxebizitzei estaldura eskaintzeko”.

Ingurumen-hobekuntzak

EGABk egiaztatutakoarekin bat, azkeneko urteetan ingurumen-egoera orokorrari dagokionez hobekuntzak izan dira, gizartea, oro har, kontzientziatu baita eta jarduera publiko nahiz pribatuak egin baitira.

Ildo horri jarraiki, positibotzat jo behar da airearen kalitatea hobetzea, negutegi efektua duten gasen igorpenak murriztea eta ur-masen kalitateak onera egitea; hala ere, tarteko urei eta lakuei nahiz hezeguneei erreparatuz, oraindik ez da nahikoa. Gainera, ura banatzen duten herri-sareetan dauden galerei buruz ohartarazi du. “Horregatik, EAEko horniduraren hiri-sare gehienek eraginkortasunari begira oso etekin txikia dute”.