Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak irizpena eman du Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailak aurkeztutako EAEko Administrazio Publikoari buruzko Lege Aurreproiektuaz, eta bertan ezinbestekotzat jo du arau horren helburuen aplikazio-eremua euskal administrazio publiko guztietara hedatzea, kontuan izanik “administrazio publikoek oro har eraginkortasunik gabeko diseinua dutela, eta, batez ere, bikoiztasun garrantzitsuak izaten dituztela euren jardunean”.
“Gainerakoan -eransten du testuak-, EGABek bere egiten ditu, neurri handian, Lege Aurreproiektua ardazten duten printzipio eta irizpide orokorrak, batez ere EAEko Administrazio Publikoa eta haren funtzionamendua berrantolatu, arrazionalizatu eta berregituratu beharrarekin zerikusia dutenak, bai eta herritarren parte-hartzearen arauketa, gardentasuna eta politika publikoen ebaluazioa aldarrikatzen dituztenak ere”. Azken helburu horiek EAEko gainerako administrazio publikoetara hedatzeko eskatu du aholku-organoak, “eraginkortasuna, eragimena eta kalitate demokratikoa eskatzen ari diren herritarrei erantzuteko”.
Erreferentziako legea
Kontsultarako aurkeztutako legegintzako ekimen hori erreferentziako testu bihurtu nahi da, koherentzia emateko bai Euskal Autonomia Erkidegoko sare publikoaren antolaketari bai haren funtzionamenduari. Lege nagusi bat, euskal Administrazioaren jarduna gidatzen duten arauen multzoa antolatuko duena, halako moduan non gaiari buruz indarra duen legeria zabalak sortzen dituen disfuntzioak arinduko diren eta, horrekin batera, kultura administratibo egokia sustatuko den, zerikusia izango duena eraginkortasunarekin eta eragimenarekin, antolaketarekin eta gobernantzarekin, gardentasunarekin eta herritarrek arazo publikoetan parte hartzearekin.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean ordezkaritza duten erakundeek balorazio positiboa egin dute lege aurreproiektuari ekiterakoan erabili diren printzipioez. Horien artean bereziki azpimarratzekoak dira administrazio egituren hazkundea geldiarazi beharra, gobernu ekintza ulertzen, kontrolatzen eta ebaluatzen laguntzen duten tresnak, eta, halaber, politika publikoak ebaluatzeko konpromisoak; azken alderdi hori lehenengoz arautuko da, eta, gainera, herritarrek parte hartzeko aukera izango dute. Positibotzat jotzen dituzte, era berean, gardentasunerako konpromisoari lotutako betebeharrak, herritarrek eta interes taldeek programa eta politika publikoetan parte hartzea, eta, batik bat, administrazio prozedurak errazteko ahalegina.
Nahiz eta helburu horiei begira ahalegin txalogarria egingo den erakunde-diseinu arrazionalizatua lortze aldera, EGABen iritziz “arazoaren larritasunak bultzada handiagoa eskatzen du, eta horretan modu aktiboan esku hartu behar dute ezinbestez administrazioko maila guztiek”.
Aukera galtzea
Aurrekoaren haritik, EAEk arlo honetan dituen eskumen esklusiboak gogorarazten ditu irizpenak. “Eusko Legebiltzarrak arlo horietako legeak egin ditzake, euren sektore publikoaren antolamendu jakin bat ezartzeko ardura emanez udalei eta foru aldundiei, historian zehar sortu diren bikoiztasunak murrizte aldera”. “Aipatzekoa da -gaineratzen du irizpenak-, lege honen bitartez EAEko administrazio guztiak “harmonizatzeko” aukeraren galera”. Eta hauxe ohartarazten du: “oraingo proiektua lege bihurtzen bada beraren aplikazio eremua aldatu gabe, nahasmendua sortzen eta arauen gainjartzea areagotzen lagunduko da, eta urrundu egingo da zerbitzuen kudeaketaren bikoiztasunak gainditzeko eta herritarrei zerbitzuak ematen dizkieten administrazioen heterogeneotasuna murrizteko aukera; baita erakunde, zuzendaritza-kargu, behin-behineko langile eta abarrekoen murrizketa desiragarrirako aukera ere”.
EGABek dio egokiena izango litzatekeela “alde batetik, EAEko Sektore Publikoaren Antolamendua bere osoan arautuko lukeen lege bat egitea; hau da, administrazioetako bakoitzarentzat -Autonomia Erkidegoko Administrazioa, Toki Administrazioa, Foru Administrazioa, ordezkaritzakoa eta aholku-emailea, UPV-EHU, Lehiaren Euskal Agintaritza eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa- barruan hartuko lituzkeena Administrazio Orokorra, erakunde autonomoak, Zuzenbide Pribatuko erakunde publikoak, eta kasuan kasuko administrazioaren mendeko edo berari lotutako enpresa eta erakundeak. Eta, bestetik, lege mailako bigarren arau bat aldarrikatzea, xedetzat izango lukeena EAEko administrazio guztien xede, helburu eta printzipio komunak arautzea, gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari dagokienez”.
Erakunde publikoak eta kanpo ebaluazioa
Irizpenak dakartzan gogoetetan, halaber, sektore publikoko erakundeen eraketa eta politika publikoen ebaluazioa aztertzen dira. Erakunde publikoen (erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak...) sorrera dela-eta, EGABek uste du aurreproiektuak ez dituela finkatzen erakunde mota bakoitzak berezkoak dituen eginkizunei esleitu behar zaizkien irizpideak; horrek kasuan kasuko formula juridikoa aukeratzen lagunduko luke. Politika publikoen ebaluazioa dela-eta, EGABen ustez komenigarria da ebaluazio horren ardura “erakunde independente bati ematea (agentzia bati edo institutu bati); gainera, haren eskumena EAEko administrazio publiko guztiengana heda liteke”.