Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
astelehena, 30 ekainak 2014

  • Arauaren xedea elikadura, arrantza eta basoko produktuak, Euskadiko nekazaritza- eta elikadura-industriak eraldatu eta merkaturatutakoak, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzak arautzea da.
  • EGABren ustez proiektua izapidetzea egokia da, baina hainbat gogoeta egin du. Besteak beste, tokiko produktuekiko eta EAEko nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiapenekiko laguntza berariaz aipatzea, baita laguntzen pertsona eta erakunde onuradunek zenbait baldintza betetzea ere.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iritziz, “nekazaritza, elikadura, arrantza eta basoko produktuak sustatzeko laguntzei” buruzko dekretu-proiektua izapidetzea egokia da, kontsulta-organoak egin dituen gogoetekin. Aipatu proiektua Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailak aurkeztu du.

Arauaren xedea elikadura, arrantza eta basoko produktuak, Euskadiko nekazaritza- eta elikadura-industriak eraldatu eta merkaturatutakoak, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzak arautzea da.

 

Gogorarazi behar da antzeko ezaugarriak dituzten laguntzak jada Lehiatu programan (2008ko urrian onartu ostean, nekazaritza eta elikadurako produktuak eraldatu, merkaturatu eta sustatzeko laguntzak) aurrez ikusiak daudela, baina Gobernuaren ustez, batetik, sustapena eta, bestetik, eraldatzea eta merkaturatzea bereizi behar dira. Xede horrez, ad hoc dekretua egin du, EAEtik kanpo sustatzeko. Azkeneko hori da, hain zuzen ere, irizpen honen xedea.

 

 

Tokiko nekazaritza-ustiapenei laguntzea

Bere analisian, EGABk hainbat alderdi nahasi aipatzen du, neurri handian, bi programak (2008ko Lehiatu programa eta sustapenerako laguntzei buruzko dekretu berria) osagarriak direlako. Ildo horri eutsiz, adibidez, Lehiatu programan sustapenari buruzko aipamenak eta arauen izenburu bera ez dira berariaz indargabetzen, dekretu berriak nekazaritza, elikadura, arrantza eta basoko produktuak adierazten baititu; bien bitartean, aurrekoak besterik gabe nekazaritza eta elikadurako produktuak izendatzen ditu.

 

EGABk egindako gogoeten artean, tokiko produktuekiko eta EAEko nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiapenekiko laguntza berariaz aipatu behar dela dio. Horrez gain, gogoeta horiekin bat, laguntzen pertsona eta erakunde onuradunek (pertsona fisikoek, juridikoek, kontseilu erregulatzaileek edo esportazio-partzuergoek) baldintza batzuk bete beharko lituzkete. Hona hemen proposatzen diren baldintza batzuk: onuradunak EAEko nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiapenekin lan egiten duten erakundeak izatea, produktuengatik bidezko prezioak adostu eta betetzea eta langileen kopuruari nahiz indarreko lan-araudia betetzeari buruzko aitorpen arduratsua egitea.