Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
astelehena, 30 ekainak 2014

  • EGABren ustez “Emakumezko Nekazarien Estatutuari buruzko Legearen Aurreproiektua” izapidetzea egokia da, irizpenean egindako gogoetekin eta Gobernuari arloan foru-zuzenbidea moldatzea gomendatzen dio.
  • Bigarrengoz aurkeztu da Emakumezko Nekazariei buruzko Estatutuaren aurreproiektua. Aurrekoa Gobernu Kontseiluak 2012ko ekainean onartu zuen, baina ez zen Legebiltzarrean izapidetu, hori urte bereko abuztuan desegin baitzen.
  • Aurreproiektuak nekazaritzaren sektorean emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun-printzipioa eraginkor bihurtu nahi du. EGABk eskubide horiek zerrendatzeko eta izaera utziezina azaltzeko titulu berezia sartzea proposatzen du.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez “Emakumezko Nekazarien Estatutuei buruzko Legearen Aurreproiektua" izapidetzea egokia da, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin eta Gobernuari arloan foru-zuzenbidea berrazter dezaten proposatzea gomendatzen dio, lege hau aplikatzeko orduan, foru-zuzenbidearekin bateragarria izan dadin. 

Emakumezko Nekazariei buruzko Estatutuaren Aurrekontua bigarrengoz aurkeztu da, beste antzeko bat (EGABk irizpena egina) Gobernu Kontseiluak 2012ko ekainean onartu baitzuen. Are gehiago, izapidetzeko Eusko Legebiltzarrera bidali zen, baina ez zen egin, Legebiltzarra urte bereko abuztuan desegin baitzen. 

Bi aurreproiektuak helburuarekin bat datoz, hain zuzen ere, nekazaritzaren sektorean emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren printzipioa eraginkor bihurtzea eta emakumezkoei beren eskubideak egiaz erabiltzen dituztela bermatzea, horien autonomia sustatu eta gizartean, ekonomian nahiz politikan posizioa sendotzeko.

 

Diskriminazioaren egoera

Emakumezko nekazariaren diskriminazioa islatzen duten alderdi asko daude. Ildo horri eutsiz, adibidez, ustiapenetan emakumezko titularren kopurua desorekatuta dago, horiek egiten duten egiazko lana, “lan ikusezina”, kontuan hartzen badugu. Halaber, kontratazioaren arloan desberdintasuna esangarria da, baita nekazaritzaren eremuko erabakitze-organoetan emakumezkoen partaidetza urria ere. Gainera, emakumezkoek gizonezkoen bikoitza baino gehiago dihardute etxeko lanetan eta zaintza-zereginetan, aisiarako denboraren kaltean. Horrek zeregin-banaketaren eredu tradizionala iraunarazten du. 

Egoera hori alderantzikatzeko, Estatutuak lehentasun bezala ditu emakumezko nekazariek titulartasuna lor dezaten sustatzea, emakumezkoak kontratatzea, zeregin-banaketaren eredu tradizionala aldatzea, nekazaritza-lanean emakumezkoaren osasuna bermatzeko neurriak hartzea eta nekazaritzaren eremuan gertatzen diren sexu-jazarpenaren kasuei eta sexistei aurre egiteko neurri egokiak abian jartzea.

 

Eskubide ukaezinak

EGABk kontsultatutako lege-aurreproiektuaren aukera baloratzen du, nahiz eta bere ustez hobe daitezkeen alderdiak izan. Besteak beste, “Euskadiko nekazaritza-administrazioak” terminoa gehiago zehaztea eskatzen du, administrazio guztiek ez baitituzte nekazaritza-aginpideak atxikiak. Era berean, aurreproiektuan betetzea bermatzeko edo urradura zigortzeko mekanismorik ez dago. 

Horren aurrean, EGABk titulu berezi bat sartzea proposatzen du, sektore primarioan diharduten emakumekoen eskubideak zerrendatzeko: errespetuz tratatuak izatea; sexuarengatik ez diskriminatzea; sexuaren ikuspegitik ez iraindu eta erasotzea; baldintza berdinetan nekazaritza-ustiapenaren titulartasuna lortu ahal izatea; berdintasun-baldintzetan nekazaritza-administrazioen edo -erakundeen gobernu- eta ordezkaritza-organoetan parte hartzea; zuzendaritza-organoetan eta kolegiatuen presentzia orekatua izatea; baliozko solaskide bezala legeztatzea; lan-ezintasunaren kasuan ordezkapen-zerbitzua izatea: aisia, astialdia eta atsedena; lanean osasuna; genero-indarkeria prebenitzeko informazioaren eta arreta erabilgarriaren baliabideak izatea; genero-indarkeriaren biktima izanez gero, herri-administrazioek arreta eskaintzea eta erasoa jaso aurreko baldintza berdinetan lanean jardutea; lege honek xedatutako baldintzetan gizonezkoarekiko lehentasunez kontratatzea.  Eskubide horiek babesteko, EGABk ukaezintasunari buruzko artikulu osagarria eranstean proposatzen du.

 

Finantzazioa eta aurrekontu ekonomikoak

Aurreproiektua garatzeko finantzazio eta aurrekontu ekonomikoei dagokienez, EGABk Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikorako Bulegoak (KEB) planteatutako oharrak kontuan hartzea eskatzen du. Idazki horretan, KEBren ustez, txosten ekonomikoak hurrengo aurrekontu-eszenatokietan ikuspuntu ekonomikotik eta bideragarritasunaren aldetik aurreproiektuaren arrazoizkotasuna baloratzeko datu nahikoak ez ditu. 

Era berean, Euskadiko EGABk bere egunean (aurreko aurreproiektuari buruzko irizpena egin zuenean) ildo beretik alderdiak planteatu zituen eta orain berriz azpimarratzen ditu. Horrez gain, egiaztatutakoaren arabera, Sailaren txosten ekonomikoan jasotzen den informazioak aurrez ikusitako neurriak abian jartzea ez du bermatzen, beraz, Estatutuan bertan arautzea eskatzen du. 

Azkenik, EGABren irizpenak hainbat gogoeta berezi du eta, besteak beste, sexuan oinarritutako diskriminazioari buruzko debekua administrazioei ez mugatzea eskatzen du. Euskadiko nekazaritza-erakunde edo -pertsona guztietara zabaldu behar da.