Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
ostirala, 11 apirilak 2014

  • Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Osoko Bilkurak gaur goizean “2014-2016rako industrializazio-planari” buruzko irizpena onartu du. Hori Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako Sailak aurkeztu du. Hainbat gogoeta egin ondoren, Osoko Bilkuraren iritziz izapidetzea egokia da.
  • EGABen ustez planaren arrazoiak eta aukera positiboak dira; dena den, “pixka bat atzeratuta” iristen da, egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta. Egiteko metodologiari dagokionez, bere esanetan, sindikatuek planaren zirriborroa “EGABen beraren eskutik jaso dute, Irekian onartua izan dela iragarri zenetik bi hilabete geroago”, beraz, “bakarrik prozesuaren amaieran eman dezakete beren iritzia”.
  • Batzordearen ustez, planaren helburu nagusiak “ez luke euskal industriaren lehiakortasuna merkatu orokorrean sendotzera mugatu behar; ildo horri eutsiz, aldi berean, euskal ekonomiaren industria-izaera indartu beharko litzateke eta, horretarako, industria-oinarria eta -enplegua, krisialdian galdutakoak, berreskuratu behar dira”.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Osoko Bilkurak gaur goizean “2014-2016rako industrializazio-planari” buruzko irizpena onartu du. Hori Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako Sailak aurkeztu du. Osoko Bilkura izapidetzea egokia delakoan dago, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin. 

Planaren helburua merkatu orokorrean euskal industriaren lehiakortasuna sendotzea da, baita euskal ekonomian industriaren garrantzia indartzea ere. Ildo horri eutsiz, euskal gobernuak egindako dokumentuaren arabera, hogei urtez hazkuntza etengabea eta ongizate-maila altua izan ondoren, azkeneko bosturtekoan krisi sakonean murgilduta gaude eta, horren ondorioz, 2007az gero 100.000 lanpostu baino gehiago suntsitu dira. Horrez gain, enpresa-sare guztiek agortze-sintomak dituzte. Egoera honetatik irteteko, 2014-2016rako industrializazio-planak zailtasunak dituzten enpresak lehengoratzeko laguntza-neurriak eta industria aurreraturantz eraldatze-politikak konbinatzen ditu. Nolanahi ere, berrikuntza iraunkorraren eta eskaintzaren balio erantsia sendotzearen aldeko apustua egiten du, hori guztia merkatu orokor batean txertatuta. 

Gogoetetan, EGABek planaren arrazoiak eta aukera positiboki baloratzen ditu; dena den, bere esanetan, “pixka bat atzeratuta” iristen da, egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta. Egiteko metodologiari dagokionez, bere esanetan, sindikatuek planaren zirriborroa “EGABen beraren eskutik jaso dute, Irekian onartua izan dela iragarri zenetik bi hilabete geroago”, beraz, “bakarrik prozesuaren amaieran eman dezakete beren iritzia”. Halaber, lan-harremanei eta enpresan langileen partaidetzari buruzko zenbait puntu zehaztu behar dela dio. 

Euskal ekonomiaren industria-izaera 

EGABen irizpenak adierazitakoarekin bat, planaren helburu nagusiak “ez luke euskal industriaren lehiakortasuna merkatu orokorrean sendotzera mugatu behar; ildo horri eutsiz, aldi berean, euskal ekonomiaren industria-izaera indartu beharko litzateke eta, horretarako, industria-oinarria eta -enplegua, krisialdian galdutakoak, berreskuratu behar dira”. Hala, hirugarren tokian planteatutako helburuari –“Aukera-sektore berrietarantz egituraren dibertsifikazioan laguntzea”- garrantzi gehiago ematea eta industrializazio-planaren goiko aldean jartzea proposatzen du, honakoa argi gelditzeko: “hurrengo urteetarako helburua ez dela bakarrik industria hobea izatea, industria gehiagoz hornitzea ere bai”. Eta, horrekin batera, enpleguaren sorrera berariaz helburu nagusi horretan aurrez ikustea eskatzen du. 

Dimentsio handiagoa

Kontsulta-organoaren irizpenari jarraiki, euskal industria-enpresen garrantzian gehiago sakontzea komeni da. Horren harira, dimentsioa industrializazio-planean sartu beharko litzateke, “euskal industriaren lehiakortasunerako planean identifikatutako erronken artean” dimentsio handiagoa bilatzea berariaz onartzeko. Xede horrez, hasierako zazpi helburuei zortzigarrena eranstea proposatzen du. Laguntza- eta sustapen-politika integralaren bitartez euskal enpresari dimentsio handiagoa eskaini eta bultzatzeari buruzkoa izango da. 

Gizarte-onarpena 

EGABen iritziz, enpresaren zereginari eta enpresaburuaren irudiari balioa ematea positiboa da, nahiz eta, egiazkoak suerta daitezkeela baztertu gabe, dokumentuaren baieztapen batzuk egiteko (hala nola “tamalez, gaur egun enpresaburuaren irudiak entzutea galdu du”), analisi zorrotzagoa behar izan. Gai honi buruz, EGABek gogorarazten du enpresa-dinamismoari buruzko analisia hasi duela eta zehazki alderdi hori aztertuko dela. 

Aurrekontu-informazioa 

Gobernuaren planean eskainitako aurrekontu-informazioari dagokionez, bere esanetan, “euskal industria garatu eta sendotzeko, Eusko Jaurlaritzak egiaz gauzatzen duen aurrekontu-esfortzua balora dezan oso urria da”. Ildo horri jarraiki, plan berrirako aurrekontuak gordailatzen dituen 575 milioi euroak aurreko planak, 2013an amaitutakoak, zuen baliokidearekin alderatzea proposatzen du. Informazio hori ezinbestekoa da plana behar bezala hornituta al dagoen baloratzeko. 

Gobernantza

Partaidetzarako eztabaida-gune bat sortu nahi da eta bertan eragile politiko, ekonomiko, akademiko eta sozial nabarmenak, Euskadin industriarekin lotura dutenak, sartu nahi dira. Hori buruz, Euskadiko EGABek balorazio positiboa egiten du, baina plana egiten hasi zenetik nahasiak dauden gizarte- eta ekonomia-eragile guztien partaidetza eta adostasuna maila berean ez dela bilatu gogorarazten du. Horregatik, konposizioa, funtzionamendua, ebaluazio-sistema, emaitzen hedapena… zehaztea proposatzen du. 

Bere ustez, gure industriaren funtzionamenduan gizarte-eragileen zeregina garrantzitsua denez, planaren jarraipen- eta ebaluazio-organoetan sartu behar dira. 

Azkenik, jarraipen- eta ebaluazio-sistemari dagokionez, kontsulta-batzordeak industrializazio-planaren helburuak kuantifikatzeko moduan definitzea eskatzen du.