Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren bigarren aldarazpenari dagokion Dekretu Proiektuari buruzko txostena aurkeztu du. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailak aurkeztu zuen.
Kontsultaren xedea den ekimenaren helburua 327/2003 Dekretuaren barruko ezarpen batzuk 2011. urtean lana, enplegua eta lanbide prestakuntzaren arloko lan-legeriaren betearazpenaren esparruko funtzioak eta zerbitzuak EAEri eskualdatzeari egokitzea da; halaber, aldaketaren xedea da prestakuntzako jarduerarako diren instalazioei eta erakunde laguntzaileei ematen zaizkien diru-laguntzen zenbatekoari buruzko aldarazpenak sartzea. EGABen ustez helburu horiek bidezkoak eta egokiak dira.
Bere irizpenean EGABek gogorarazten du dekretu honek “erreferentzia izan behar duela gure Erkidegoko zereginetako prestakuntzari dagokionez” eta, ondorioz, “beharrizanen diagnostiko batetik abiatu beharko luke”. Halaber, “beste programa batzuekiko koordinazioaren falta igarri du, adibidez trebeziak aintzatesteko dispositiboekikoa, hau da, esperientzia profesionalaren bidez eskuratu diren trebeziekin batera, egiaztapen-prozesua amaitzea bermatzeko aukera emango duten prestakuntzako ibilbideak programatzearen ondoreetarako” eta ezarri du 327/2003 Dekretuaren aldarazpenak “eskuordetzen duena baino haratago joan beharko lukeela, lehenengo eta behin prestakuntza planak oro har baloratuko dituen sistema bat bermatuz”.
Funtzioen eta zerbitzuen eskualdaketa
Proiektuak proposatu diren aldaketak aipatu den arloko funtzioen eta zerbitzuen eskualdaketen eta EAEk prestakuntzako ekintza guztiak eskaintzeko eta finantzatzeko aukera izan dezan, profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzeko direnak barne, Estatuko arautegi erregulatzaileari egokitzearen ondorio moduan bidezkotu ditu.
Bere irizpenean EGABek ondokoa adierazi du: “planteatu diren aldaketetako batzuk ez dira alegatu den “derrigorrezko ondorioak”, baizik eta Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailaren aukera propioa, eta bidezkoketa horri buruzko ezagutza izan beharko genuke araua baloratu ahal izateko” eta gaiari buruzko adibide batzuk ematen ditu: jatorrizko arauko hiru tarteko “urkila” desagertzea taldeka egiten diren prestakuntza ekintzetan gehienez 20 partaideko muga bakarra planteatzeko; gastuen gutxieneko ehunekoaren aldaketak kontzeptu jakin batzuetarako; diru-laguntzen moduluen zenbatekoen murrizketa orokorra. Halaber, uste du enplegurik gabeko pertsonek enplegua aurkitu dutelako prestakuntza uzten dutenean ikastaroen likidazio ekonomikoak zehaztasun handiagoa behar duela kudeaketarako benetan operatiboa eta eragingarria izatea lortzeko.
Ondorio moduan EGABek ondokoa adierazi du: “aldarazpen batzuei dagokienez guk ez daukagu bidezkoketen ezagutzarik, eta beharrezkoa da horien balorazioa egitea. Derrigorrez bete behar den estatuko arautegiarekiko egokitzapen hutsa baino itxuraz eredu aldaketa bat den honetan memoria azaltzaile baten falta antzematen da”.