Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
osteguna, 27 martxoak 2014

Azterketak agerian uzten du arazoari tratamendu integrala eman behar zaiola; hala, gehiegizko zorpetze-egoerak prebenitzeko, ad-hoc erakundeak eta prozedurak sustatu behar dira. Horrez gain, ordaintzen ez bada, hautabidezko konponbideak (bai auzibidetik kanpokoak, baita judizialak ere) bilatzen lagundu behar da.

 

Ziurrenik, familia-gainzorpenari buruzko analisia EGABek azken denboraldian egindako kontuzko txostenetariko bat da, gizarte-sentikortasun handiko gaia baita, familien bizia baldintzatzen duen oinarrizko elementuari, hain zuzen ere, etxebizitza nagusia galtzeko arriskuari eragiten dion neurrian.

 

Gainera, gehienetan fede oneko zordunei eragiten die; nolanahi ere, krisia dela-eta, egoera batzuetara iritsi dira eta ezin dizkiete bere egunean etxebizitza finantzatzeko eskatu zituzten maileguen kuotei aurre egin.

 

Indarreko hipoteka-araudia aplikatzearen ondorioz, familia horiek kalean gelditu dira eta gizarte-kezka handia sortu da. Ildo horri jarraiki, gizarteak elkartasun-ekintza espontaneoak antolatu ditu eta komunikabideetan nahiz politikarien artean oihartzun garrantzitsua izan dute.

 

Testuinguru horretan, Gobernuak lege-arau desberdinak aldarrikatu ditu, hartzekodun finantzarioek jarduerak malgutzeari begira arintze-neurriak zehazteko. Dena den, aldi baterako dira. EGABek egindako ikerketak neurri horiekin emandako urratsa positiboki baloratu du, baina epe ertainera eta luzera egiturazkoak izatea gomendatu du. Bestela, aurreko paragrafoan deskribatu diren egoerak errepikatuko dira.

 

Hala eta guztiz ere, arintze-neurriak egiturazkoak izan arren, ez dira inoiz etxebizitza finantzatzeko eragiketetan nahasiak dauden eragileei nahikoa berme eskaintzeko etorkizuneko konponbide izango.

 

Beraz, arazoaren ikuspegi integrala beharrezkoa da.

 

Kontsumitzailearekiko babes-neurriak, informazioaren eta aholkularitzaren bitartez, zorpetze-prozesuan bertan hasten dira eta ordaintzeko zailtasunak azaltzen direnean, bitartekaritzarekin jarraitzen dute, bai auzibidezko kanpoekin baita judizialekin ere. Azken finean, azpiko filosofiak aldeentzako erabaki onuragarriak bilatzea izan behar du helburu eta modu horretan egituratu behar da prozesua.

 

Beraz, oreka berria bilatzea ezinbestekoa da eta hartzekodunen eskubideak kontuan hartuko ditu, baina, aldi berean, fede oneko zordunari lege-segurtasuna eskainiko dio. Horren harira, onartu duen ordaintze-betebeharrak modu saihestezinean ez diola egoera zailean jarriko eta, ondorioz, gizarteak ez duela baztertuko ziurtatuko da.

 

Arazo honi konponbideak bilatzearen bidetik, EGABen ikerketak Frantzia eta Alemania bezalako herrialdeetan gaiari eman zaion tratamendua aztertzen du, beren ereduak erreferentziatzat hartzen baititu gainerako herrialde europarren zati garrantzitsuak.


Ikerketaren ondorioz, EGABek gaiari tratamendu integrala eman behar zaiola azaldu du: banan-banako zordunei aplikatzeko araudi berezia, legeak kontrolatuta eta ad-hoc erakundeen bitartez bat-bateko gainzorpenarengatik kaudimen-gabeziaren egoerei erantzun eraginkorra ematen diena. Horretarako, doako prozedurak bultzatzea gomendatzen du. Helburua lege-antolamenduan hautazko konponbideak bilatzea da. Gure inguruneko herrialdeetan indarrean daudenen antzera, zorra berrantolatzeko aukerak eman behar dira.

 

Lege-antolamenduarekiko hautazko aukerek fede oneko zorduna pertsonalki errekuperatzea ahalbidetuko dute eta, bide batez, bigarren aukera eskainiko diote.


Halaber, ikerketak prebentzioaren inguruan ezar daitezkeen neurri desberdinetan sakontzen du; Estatuan eta EAEn gaur egun ez dagoen alokairuaren merkatutik hasita, zordunak kontsumoaz, zorpetzeaz eta mailegu arduratsuaz jakitun izatera bideratzen duten prestakuntza- eta aholkularitza-neurrietara.

 

Hortaz, gainzorpenaren fenomeno konplexuaren faseak kontuan hartzen dituen prozesua da. Hala, ikuspegi integraletik hartzekodunen interesen eta kontsumitzailearen babesaren arteko oreka kudeatzen du.