Otsailaren 19an Euskadiko EGABek familia-gainzorpenari buruzko ikerketa onartu zuen. Arazoa denboran kokatzen du, lege-antolamenduan izandako aldaketak aztertzen ditu eta egoera Alemaniakoarekin eta Frantziakoarekin alderatzen du. Gainera, hainbat gogoeta eta gomendio burutzen ditu, fenomenoaren ondorio negatiboei aurre egiteko.
Herri-politikek, kultur sinesmenek eta dinamismo ekonomikoak etxeetako zorpetzea herrialde europarren batez bestekoaren gainetik gora uztea bultzatu eta bizkortu zuten eta krisiak ahulezia hori agerian utzi du.
Egungo krisiaren aurretik ekonomia hedatzen eta enplegua sortzen ari zirenean, Euskadiko etxeen zorpetzeak hazkuntza garrantzitsua izan zuen, oparoaldi haren ondorioz. Garai hartan, familien errentak gehitzen ziren, etxeetan kontsumoa areagotzen zen eta etxebizitza erosteko orduan, inbertsio handiagoa gauzatzen zen. Gizarteak oso errotua du etxea erostearekin inbertsio bat egiten dela eta, ildo horri eutsiz, aukera hori alokairuaren gainetik nagusi zen.
Ondasun higiezinak erosteko erraztasun finantzarioak zeuden eta 2001. urtetik erreferentziazko interes-tasak historikoki oso baxuak agertzen ziren, baldintzak malgutzen ziren eta zerga-hobariak zeuden. Horiek guztiek argi eta garbi alokairuaren aldean jabetza suspertu zuten eta etxebizitzaren prezioan eragin ere bai. Hala, zorpetze-maila gehitu zen. Adibidez, 2008. urtean Espainiako etxebizitzen zorpetzeak BPGren baldintzetan %81 gainditu zuen, eurozonako %53ko batez bestekoaren aldean.
Mende honetako lehenengo hamar urteetan EAEn etxebizitza-kopurua %16 gehitu zen, hau da, Euskadiko biztanleriak izandako hazkuntza baino lau aldiz gehiago.
Eszenatoki honetan 2008. urteko krisiari ekin zitzaion; jarduera ekonomikoa uzkurtu zen, baita enpresa-ehuna galdu ere eta langabezia-tasak gora egin zuen. Diru-sarrerak gutxitu ziren eta kreditua gelditu zen, beraz, etxeetako inbertsioa eta kontsumoak geratu ziren eta ustekabeko gastuei eta etxebizitzarekin zerikusia zuten ordainketei aurre egiteko zailtasunak zituzten etxebizitzen multzoa nabarmentzen hasi zen.
Gainzorpena definitu eta neurtzeko fenomeno zaila da.
Etxeetako gainzorpena fenomeno konplexua da; hala, ez dago definizio partekaturik, ezta neurtzeko metodorik ere. Etxebizitzaren aurrekontuan desoreka bat da eta, ondorioz, hartutako ordainketa-konpromisoei eta zorrei ezin zaie erantzun. Jatorriak kalkulu akastuna edo bat-bateko egoera izan daitezke.
2003. eta 2011. urteen artean etxeetako zorpetzeak %5,4 egin zuen gora Europan (EE27). Hazkuntzarik altuena (%12,1) Espainiari zegokion eta baxuena Alemaniari (%0,0). Euskadin zor pribatuaren hazkuntza garrantzitsua izan zen ere, baina Espainiako batez bestekoa baino txikiagoa. Horrez gain, EAEk zor pribatuari egindako ekarpena Estatuan aberastasuna sortzeko eskaintzen duen laguntza baino txikiagoa da, beraz, gainzorpenaren egoeran dago.
2006tik 2011ra bitartean Euskadiko etxebizitzen herenak indarrean zuen mailegu edo kreditu bat, gehienek, etxebizitza erosteko erabilia.
2006tik 2011ra bitartean Euskal Autonomia Erkidegoko etxeen herenak indarrean zuen mailegu edo kreditu bat, gehienek, etxebizitza erosteko erabilia. Kreditua duten hamar etxebizitzatatik batek familiaren diru-sarreren %40 hipoteka-maileguak ordaintzera bideratzen duela kalkulatzen da. Egoera horrek gehiegizko zorpetzea eragiten du.
Familia-gainzorpenaren ondoriorik larriena ohiko etxebizitza galtzea da. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiarekin lankidetzan, 2009. eta 2012. urteen bitartean Bilboko Lehen Auzialdiko 7., 8., 9. eta 10. Epaitegietan aurkeztu ziren 400 hipoteka-espediente betearazle baino gehiago ikuskatu dira eta erdiak berme bezala zordunaren ohiko etxebizitza jarri du.
Magnitude hau gutxieneko balioa da, ehuneko bati ezin izan baitzaio atxiki; baina, Espainiako Jabetza, Ondasun Higiezin eta Merkataritza Erregistratzaileen Elkargoaren ildo beretik doa: %62 2012. urtean.
Hipoteka-prozedura betearazlearen lege-fasean aldaketa berriak
Etxe nagusiari dagokionez, Espainian gainzorpenaren eta bat-bateko kaudimenik ezaren egoerari erantzuteko neurri aringarriak hartu dira, duela gutxi aldaketak egin direlako.
Halako neurri batzuk aldi baterako indarraldiarekin (normalean bi urte) planteatzen dira, beraz, egitura- edo salbuespen-egoerari erantzuten diote. Hala, gehiegiz zorpetzeagatik etxeen kaudimenik ezaren epe ertain eta luzerako ikuspuntuan ez dira kokatzen.
Bitartekaritza eta bigarren aukeren eszenatokiak fede oneko zordunentzat, egoera zailean badaude: Alemania eta Frantzia
Aztertutako esperientziek honakoak nabarmentzen dituzte: batetik, judizioz kanpoko bitartekaritzari eta lege-artekaritzari atxikitako zeregin garrantzitsua eta, bestetik, gehiegizko zorpetzea izan duen fede oneko zordunak lege-zaintzapean bigarren aukera duela.
Frantzian, akordioak bilatzeko judizioaren aurreko etapan zordunak Gainzorpenaren Batzordeak (GB) esku hartzea eskatzen du, bere gainzorpen-egoera azter dezan. Zordunaren eskaera jaso ostean, Batzordeak judizioz kanpoko konponbidea (bideragarritasun-plana edo zorra berregituratzeko plana) proposatzen du. Alemanian, lege-prozesua hasi baino lehen (bai hipoteka betearaztea, bai kaudimenik ezaren prozedura), aldeen artean berriz negoziatzeari ekiten zaio, zorra berregituratzeko.
Adostasunik ez badago edo erabakitako plana ezin bada inplementatu, zordunak lege-fasea irekitzea eska dezake.
Frantzian, zordunak GBra jotzen du errekuperazio pertsonalaren prozedura hasteko. Epaitegiak GBren neurriak baliozkotu edo berriak zehazten ditu eta berregituratze-plana bideragarria ez bada eta ondarea badago, salmenta lehiaketa-administratzailearen esku uzten da. Ondarea likidatu ostean edo halakorik ez badago, epaileak ordainketa-plana zehaztu edo zorrak zati batean edo oso-osorik kitatzea erabaki dezake.
Alemanian, hartzekodunarekin judizioz kanpoko bitartekaritza saiatu dela eta aurrera egiten ez duela frogatzen denean, lege-zaindaritzapean kaudimenik ezaren prozedura has daiteke. Epaitegiak, Zentro Bitartekariaren Planetik abiatuta, dirua itzultzeko plana zehazten du eta hartzekodunek onartzen badute, zordunak derrigorrez beteko du. Plana bideragarria ez bada, epaileak eten dezake eta, ondorioz, zordunaren ondarea likidatuko da eta bost urteetan zehar diru-sarrerak fiduziario bati lagako dizkio. Azkenekoa zorra amortizatzez arduratuko da. Epea amaitutakoan, zordunak eskatuta, epaitegiak zor hondarra liberatzea dekreta dezake, betiere zordunak jokabide ona azaldu duenean.
EGABen gogoetak
Estatuan dagoen hartzekodunen lehiaketa gutxitan erabil daiteke irudi bezala, pertsonen kaudimenik ezari konponbide orekatua eskaintzeko.
Banan-banako zordunei aplikatzeko araudi berezia, legeak kontrolatuta eta ad-hoc erakundeen bitartez bat-bateko gainzorpenarengatik kaudimen-gabeziaren egoerei erantzun eraginkorra ematen diena, faltan botatzen da.
Aztertutako esperientzien arabera, honakoa azpimarra daiteke: judizioz kanpoko bitartekaritza-prozesua agortzen denean, konponbidea epaileak zaindutako bitartekaritza-prozesu baten bidez aurkitu beharko litzatekeela. Frantziako eta Alemaniako lege-antolamenduek kasu zehatzetan fede oneko zordunaren errekuperazio pertsonala ahalbidetzen dute, betiere zorra berregituratzeko orduan hitzartutako baldintzak bete badituzte. Nolanahi ere, gidalerro horietatik abiatuta aurrera egin daiteke, egungo antolamendua aldatzeko. Bi kasuetan, azkenean epaileak zehazten ditu zorra kitatzeko baldintzak.
EGABen gomendioak