Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak bere ekimenez Euskadin etxeetako gainzorpenari buruzko ikerketa aurkeztu du. Lanak arazoa denboran kokatzen du, lege-antolamenduan izandako aldaketak aztertzen ditu eta egoera beste herrialde europar batzuetakoekin (hala nola Alemaniakoarekin eta Frantziakoarekin) alderatzen du. Gainera, ikerketak hainbat iritzi eta gomendio ematen ditu, fenomenoaren ondorio negatiboei aurre egiteko.
Krisiaren aurreko testuingurua
Egungo krisiaren aurretik ekonomia hedatzen eta enplegua sortzen ari zirenean, Euskadiko etxeen zorpetzeak hazkuntza garrantzitsua izan zuen, oparoaldi haren ondorioz. Garai hartan, familien errentak gehitzen ziren, etxeetan kontsumoa areagotzen zen eta etxebizitza erosteko orduan, inbertsio handiagoa gauzatzen zen. Gizarteak oso errotua du etxea erostearekin inbertsio bat egiten dela eta, ildo horri eutsiz, aukera hori alokairuaren gainetik nagusi zen.
Ondasun higiezinak erosteko erraztasun finantzarioak zeuden eta 2001. urtetik erreferentziazko interes-tasak historikoki oso baxuak agertzen ziren, baldintzak malgutzen ziren eta zerga-hobariak zeuden. Horiek guztiek argi eta garbi alokairuaren aldean jabetza suspertu zuten eta etxebizitzaren prezioan eragin ere bai. Hala, zorpetze-maila gehitu zen. Adibidez, 2008. urtean Espainiako etxebizitzen zorpetzeak BPGren baldintzetan %81 gainditu zuen, eurozonako %53ko batez bestekoaren aldean.
Mende honetako lehenengo hamar urteetan EAEn etxebizitza-kopurua %16 gehitu zen, hau da, Euskadiko biztanleriak izandako hazkuntza baino lau aldiz gehiago.
Eszenatoki honetan 2008. urteko krisiari ekin zitzaion; jarduera ekonomikoa uzkurtu zen, baita enpresa-ehuna galdu ere eta langabezia-tasak gora egin zuen. Diru-sarrerak gutxitu ziren eta kreditua gelditu zen, beraz, etxeetako inbertsioa eta kontsumoak geratu ziren eta ustekabeko gastuei eta etxebizitzarekin zerikusia zuten ordainketei aurre egiteko zailtasunak zituzten etxebizitzen multzoa nabarmentzen hasi zen.
Gainzorpenaren fenomenoa
Etxeetako gainzorpena fenomeno konplexua da; hala, ez dago definizio partekaturik, ezta neurtzeko metodorik ere. Etxebizitzaren aurrekontuan desoreka bat da eta, ondorioz, hartutako ordainketa-konpromisoei eta zorrei ezin zaie erantzun. Jatorriak kalkulu akastuna edo bat-bateko egoera izan daitezke.
2003. eta 2011. urteen artean etxeetako zorpetzeak %5,4 egin zuen gora Europan (EE27). Hazkuntzarik altuena (%12,1) Espainiari zegokion eta baxuena Alemaniari (%0,0). Euskadin zor pribatuaren hazkuntza garrantzitsua izan zen ere, baina Espainiako batez bestekoa baino txikiagoa.
Euskadiko etxebizitzen herena
2006tik 2011ra bitartean Euskal Autonomia Erkidegoko etxeen herenak indarrean zuen mailegu edo kreditu bat, gehienek, etxebizitza erosteko erabilia. Kreditua duten hamar etxebizitzatatik batek familiaren diru-sarreren %40 hipoteka-maileguak ordaintzera bideratzen duela kalkulatzen da. Egoera horrek gehiegiz zorpetzea eragiten du.
Familia-gainzorpenaren ondoriorik larriena ohiko etxebizitza galtzea da. EGABek, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiarekin lankidetzan, landa-ikerketa egin du eta 2009. eta 2012. urteen bitartean 400 hipoteka-espediente betearazle baino gehiago ikuskatu ditu. Erdiak berme bezala zordunaren ohiko etxebizitza jarri duela baiezta daiteke. Magnitude hau gutxieneko balioa da, ehuneko bati ezin izan baitzaio atxiki; baina, Espainiako Jabetza, Ondasun Higiezin eta Merkataritza Erregistratzaileen Elkargoaren ildo beretik doa: %62 2012. urtean.
Espainiako lege-antolamendua
Etxe nagusiari dagokionez, Espainian gainzorpenaren eta bat-bateko kaudimenik ezaren egoerari erantzuteko neurri aringarriak hartu dira, duela gutxi aldaketak egin direlako. Halako neurri batzuk aldi baterako indarraldiarekin (normalean bi urte) planteatzen dira, beraz, egitura- edo salbuespen-egoerari erantzuten diote.
Alemaniako eta Frantziako ereduak: bigarren aukera
Europako Batasunak familia-gainzorpenen kasuetan prebentzioari, babesari eta konponbideari buruzko araudi zehatzik ez du. EGABen ikerketak bi eredu, Alemaniakoa eta Frantziakoa, aztertzen ditu, interpretazio-erreferentziatzat hartzeko. Alemaniak eta Espainiak oso errealitate sozioekonomiko desberdinak dituzte.
Alemanian etxebizitza alokatua oso garrantzitsua da (%54, Espainiako %13ren aldean), beraz, etxeetako zorpetze-maila txikiagoa da (%55,4 BPGren gainean). Gainera, Alemaniak oso ibilbide luzea du zailtasun finantzarioak dituzten pertsonei aholkatzeko orduan eta herrialde horretan kaleratzeari buruzko legeak auzitegiei 6 hilabetez (eta beste 6z luza daiteke) geldiarazteko gaitasuna ematen die salbuespenezko kasuetan (adinduak, gaixotasuna, mendekotasuna, haurdunaldia…). Era berean, bigarren aukeraren mekanismoa dago, bitartekaritzak aurrera egiten ez badu, zordunak lege-zaintzapean kaudimenik ezaren prozedurari ekin baitiezaioke .
Frantzian ere etxebizitza alokatua garrantzitsua (%39) da. Herrialde horrek gainzorpena prebenitzeko legea du. Herrialde mugakidean etxebizitza finantzatzeko ohiz bizi- eta minusbaliotasun-asegurua eskatzen da eta, askotan, langabezia-asegurua ere bai. Eredu frantsesak Gainzorpenaren Batzordeak ditu. Sistema doakoa da eta adiskidetasunez nahiz judizioz kanpo konpontzeko, banan-banako ordaintze-plana diseinatzen ahalbidetzen du. Adostasunik ez badago edo erabakitako plana ezin bada inplementatu, zordunak errekuperazio pertsonalerako lege-fasea irekitzea eska dezake. Gainzorpenaren Batzordeak espedientea izapidetzea onartzen duenean, prozesuan zehar eta gehienez urtebetez, edozein prozedura betearazle eteten da, nahiz eta hasia egon.
Bi esperientziek honakoak nabarmentzen dituzte: batetik, judizioz kanpoko bitartekaritzari eta lege-artekaritzari atxikitako zeregin garrantzitsua eta, bestetik, gehiegizko zorpetzea izan duen fede oneko zordunak lege-zaintzapean bigarren aukera duela.
EGABen gogoetak
EGABen ustez, Estatuan dagoen hartzekodunen lehiaketa gutxitan erabil daiteke irudi bezala, pertsonen kaudimenik ezari konponbide orekatua eskaintzeko.
Gure inguruneko beste herrialde batzuen gertatutakoaren aldean, banan-banako zordunei aplikatzeko araudi berezirik ez dagoenez, EGABen iritziz gaiari tratamendu integrala eman behar zaio.
Judizioz kanpoko bitartekaritzaren prozesua agortzen denean, konponbidea bilatzeko epaileak zaindutako bitartekaritza-prozedura gauzatu beharko litzateke.
EGABen gomendioak
Euskadiko EGABen ikerketa zenbait gomendiorekin amaitzen da eta, besteak beste, honakoak azpimarra daitezke: administrazio aginpidedunei etxebizitza alokatuak susta ditzaten eta gizarte-alokairuaren parke publikoa era dezaten eskatzea, gehiegizko zorpetze arrisku handiena duten etxebizitzak estaltzeko.
Halaber, EGABek kontsumo arduratsurako informazio- eta hezkuntza-politikak eta -kanpainak bultzatzea, hezkuntza arautuan prestakuntza finantzarioa hobetzea eta Kontsumobideren (Euskadiko Kontsumo Institutua) bitartez familia-zorpetzearen arloan aholkularitza-zerbitzuen sarea sustatzea gomendatzen ditu.
Hipoteka-kredituei dagokienez, ikerketa kontsumitzailea zorpetzeko orduan berme pertsonalak edo aurrezki zehatzak izatearen alde agertzen da. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Aholkularitza eta Bitartekaritza Zerbitzua sendotzea eta herri-agintariek gatazkak judizioz kanpo ebazteko prozedurak zaintzea eskatzen ditu.
Neurri aringarriei buruz, EGABek epe ertain eta luzerako ikuspuntuan kokatzea gomendatzen du, egitura- edo salbuespen-egoerara mugatu gabe.
Azkenik, gure inguruneko herrialdeetan, besteak beste, Alemanian eta Frantzian egiten den modura, zorra berrantolatzeko, EGABek lege-antolamenduan doako prozedurak bultzatzea eskatzen du. Aipatu prozeduretan bitartekaritzaren eta lege-zaintzaren bitartez babes-neurriak egituratzen dira eta bigarren aukerarako eszenatokian amai daitezke.