2013ko kontsulta jardueraren profila baxua izan da aurreko urteekin alderatuta, baina EGABen gainerako jarduerekin konpentsatu da. Hori dela-eta, bileren guztizko kopurua 2012koaren antzekoa izan da.
Kontsulta jarduerarekin hasita, esan beharra dago legegintzako jarduera moteltzeko joera jakin baten eragina izan dela; izan ere, hala gertatu ohi da gobernu aldaketa izaten denean. Aurreproiektuak bigarren seihilekoan hasi ziren iristen, betiere dekretuen eremuari dagokionez funtsean, zeren eta gobernuaren legegintza egutegian ez baitzegoen aurreikusita legerik 2013. urterako. Beraz, 7 dekretu eta plan baten (Enplegu Planaren) gaineko irizpena eman ditugu.
Gure irizpenak onartzen jarraitu dugu aurten; izan ere, atal espezifikoa dute gure Txostenean, eta honako ondorio hau izan da: irizpenen %80k onarpen maila ertaina edo handia izan duela. Halabeharrik iazko zifra bera da, baina beharbada nabarmendu beharko litzateke gobernu berriarekin onarpen maila handiari eusten jarraitzen dugula, eta horren gainean balorazio positiboa baizik ezin egin dezake EGABek.
Geure ekimeneko azterlanen eremuan, Akitaniako Ekonomia eta Gizarte eta Ingurumen Batzordearekin batera eginiko bi azterlan burutu eta aurkeztu ditugu: "Lehentasunezko energia berriztagarriak Euskadiren eta Akitaniaren arteko lankidetzarako” eta "Euskadin eta Akitanian garraio sistema iraunkorragoa izateko proposamenak”.
Euroeskualdearen batzar nagusian aurkeztu ziren biak ala biak, eta harrera ona izan zuten. Kontuan izango dira 2014an egin beharreko Euroeskualdearen Plan Estrategikoa gauzatzean.
2012ko amaieran hasi ziren biekin jarraitu dugu lanean, eta hasieran aurreikusitakoa baino denbora luzeagoa behar izan dugu.
"Familien gehiegizko zorra: EAEko Azterketa" eta "EAEko lurralde desorekak krisi ekonomikoaren eremuan" bi azterlanak 2014ko lehen seihilekoan bukatuko dira.
Azkenik, beste azterlan bat egitea onetsi genuen abenduan: “Enpresa dinamismoa, aberastasuna eta enplegua sortzea: EAEko Azterketa", 2014an gauzatuko dena.
Memoria Sozioekonomikoari dagokionez, 2012ko Memoria onetsi zuen Batzordearen osoko bilkurak ekainaren 26an. Lehendakariari aurkeztu eta hedabideei helarazi zitzaien prentsaurrekoaren bidez. Tribunaren gure formatuaren baitan eman zen ezagutzera gizarte ekitaldi batean. Orduan, Memoriaren Lan Batzordearen ordezkaritza batek, presidentearekin eta idazkari nagusiarekin batera, lehendakariari aurkeztu zion. Ondorioz, komunikatzeko eta irizpideak erkatzeko ahalmen handiagoa eman zitzaion ekitaldiari.
Akitaniako EEGABekin eginiko baterako lanari dagokionez, dagoeneko komentaturiko bi azterlanak amaitzera bideratu ziren lanak. Bi batzordeetako bi lankidetza batzordeak Hendaian, Bilbon eta Miarritzen bildu ziren, eta Mutrikuko olatuen energia zentralera joateko aukera izan zuten, energia berriztagarriak aztertzeko. Euroeskualdearen batzar nagusiari aurkezteko ekitaldian, euroeskualdearen plan estrategikoa garatzen laguntzeko eskatu zieten haren agintariek bi batzordeei. Gaia 2014ko agendan sartuko da.
Lankidetza oso estua izan da Atlantikoaren esparruan 2013. urtean. Atlantikoko Nazioz Gaindiko Sarearen esparruan (Ekonomia eta Gizarte Batzordeen eta antzeko erakundeen plataforman), honako jarduera hauek nabarmendu litezke:
Hainbat ekarpen egitea Foro Atlantikoari, Atlantikoko Estrategiaren eremuan proiektuak sortzea ahalbideratzeko.
Foro Atlantikoaren ekintzetan parte hartzea, eta nabarmentzekoa da Corkeko Foroko partaidetza: estrategia eginkortasunez abiaraztera bideratu beharko luketen irizpideak azaldu zituen ANGSeko presidenteak, baita parte hartzeko gobernantza inklusiboa ere. Azpimarratzekoa da ANGSek eskualde atlantikoetako ekonomi eta gizarte eragileen ordezkari gisa betetzen duen eginkizuna.
Foro Atlantikoko Steering Group-en parte hartzea Europarako Ekonomia eta Gizarte Batzordeko ordezkariak izendaturiko kidea den aldetik.
Atlantikoko Estrategiari buruzko Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeari eginiko ekarpena. Hala gauzatu da ANGSek EEGABen Atlantikoko Estrategiarako Ekintza Planari buruz eginiko txostenean, baita Batzordeko kideei aurkeztuta ere.
Gizarte zibilak eskualde eremuko Europako estrategietan parte hartzeari buruzko barne mintegia antolatzea, Santiagon. Betan aurkeztu zuen MARE Zuzendaritza Nagusiak Atlantikoko Estrategia, eta Danubio eta Baltikoko gizarte zibileko ordezkariek estrategion funtzionamendua azaldu zuten. Jardunaldia bukatzeko, ANGSren ikuspegia aurkeztu zen, Atlantikoko eremuaren sozietate zibil antolatuaren foroa den aldetik.
Itsas Inguruetako Eskualdeen Konferentzia. ANGSk hartu du parte haren iraileko batzar nagusian, baita maiatzaren Arku Atlantikoaren batzarrean ere. Arlo horretan nabarmendu liteke Atlantikoko sareen arteko lankidetza eta 2013ko apirilean izenpeturiko “Adierazpen komuna”, zertarako-eta Europako Batasunari eremu bat eskatzeko Atlantikoko Estrategia abiaraztean.
Barne jardunari erreparatuta, nabarmentzekoa da EGABen osoko bilkurak bere funtzionamendu arautegia onetsi izana, Gobernuak urriaren 29ko Dekretua onartu ondoren. Beren izaera zela-eta arautegian garatzeko utzitako alderdiak garatu ziren bertan.
Hain zuzen ere dekretu horren eremuan, Batzordea osatzen duten erakundeei eginiko errekerimendua argitaratu zen abenduaren 18ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 2014ko martxoaren 18a baino lehen ordezkariak izenda ditzan. Hala, Batzordea berritzeko prozesua hasi da.
Azken ohar bat egingo dugu bukatzeko. Gizarte sareek gero eta garrantzi handiagoa izateaz jabeturik, horiekin bat egitea erabaki zuen Batzordeak ekainaren erdian eta, hala, egunero ematen die bere jarraitzaileei Batzordearen jarduerekin loturiko alderdiei buruzko informazioa, baita garrantzizkotzat jotzen dituen egoera ekonomiko eta sozialaren gainekoa ere.
Ikus daitekeenez, geure ekimeneko azterlanak eta Europako lankidetzako eremuak aztertzeko lana egin da 2013an, Memoria Sozioekonomikoa egiteko dedikazio garrantzitsuarekin batera. Horri guztiari esker, EGABren ohiko jarduerari eutsi ahal izan zaio, eta egiaztaturik gelditu da zein ahalmen duen egoera aldakorren aurrean.