Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
astelehena, 24 otsailak 2014
  • 2013. urtean, Euskal EGABk Sare Transnazional Atlantikoaren (STA) lehendakaritzaren ardura izan zuen. Sare horrek eremu atlantikoaren eskualdeetako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak (EGK) eta antzeko erakundeak biltzen ditu; horrez gain, hainbat jarduera bultzatu zituen Europar Batasunak eremu atlantiko horretarako taxuturik duen Estrategiaren alorrean.

  • Euskal EGABk eta Akitaniako Kontseiluak euren elkarrekiko jarduna areagotu zuten eta bi txosten aurkeztu zituzten, bata mugaz gaindiko eremuko merkatugai eta bidaiarien garraioaren gainekoa, eta bestea, berriz, bi eskualdeok energia berriztagarrien arloan elkarlanean jarduteko dituzten ahalbideei buruzkoa.
  • EGABk Eusko Jaurlaritzak kontsultatu zituen 8 agiriren gaineko irizpenak eman zituen. Halaber, norberaren ekimenezko 2 azterlan ere landu zituen, bata familien gainzorpetzeari buruzkoa eta bestea EAEn krisi ekonomikoa dela eta lurraldeen artean gertatzen diren desorekei buruzkoa; azkenik, hirugarren azterlana ere plazaratu zuen, enpresaburuen dinamismoaren eta aberastasuna eta enplegua sortzearen gainekoa.
  • 2013. urtearen erdialdean, EGAB sare sozialetan sartu zen.

Iazko urtean, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak hainbat jarduera landu zituen Europako gaien eta lankidetzaren arloan, erakunde honen Jardueren Txostenean jasotzen denez.  Txostena hori goizeon aurkeztu da Bilbon.  

Urte osoan zehar, Euskadiko EGABk izan zuen Sare Transnazional Atlantikoaren (STA) lehendakaritzaren ardura; horren ordezkaria erakundearen burua den Juan Mª Otaegui izan zen, eta berak eutsiko dio lehendakaritza horri 2014. urtearen amaierara arte. STAk ondoko eskualdeetako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak biltzen ditu: Galizia, Kanariar Uharteak, Akitania, Poitou-Charentes, Pays de la Loire, Bretainia, Behe Normandia, Limousin eta Erdialdeko Eskualdea; horiez gain, Galesko Ekonomia Bilguneak eta Portugalgo ‘Instituto de Soldadura e Qualidade’ (ISQ) ere Sare horren kide dira. Otaeguiren lehendakaritzapean, iaz Andaluziako Ekonomia eta Gizarte Kontseilua eta Portugalgo ‘Foro Empresarial da Economia do Mar’ sartu ziren Sarean.

STAk eskualde atlantiko guztiei axola zaizkien gaiei buruzko azterlanak egiten ditu; ondoko hauek dira gaiok, besteak beste: portuak, itsas garraioa eta intermodalitatea,  itsas segurtasuna, itsasoaren alorreko berrikuntza edota energiak. Horrezaz gainera, Europako erakunde egokiei igortzen dizkie eskualde atlantikoetako eragile ekonomiko eta sozialen proposamenak eta gomendioak. Bai STArentzat eta bai eremu atlantikoan lankidetzaren alorrean jarduten duten gainerako sareentzat ere, 2013. urtea oso emankorra izan zen Europako Estrategia Atlantikoa jorratzeari dagokionez; izan ere, estrategia horri esker, itsasoarekin loturik dauden jarduera ekonomikoak, hots, ingurumenari doakionez iraunkorrak diren jarduerak bultzatuko dira Europako eskualde atlantiko guztietan.  

2013an, aurreko ekitaldian bezala, Sare Transnazional Atlantikoak Estrategiaren Ekintza Plana gertutzeko ardura zuten Europako Batzordearen lantaldeetan esku hartu zuen, bere ekarpenak eta proposamenak aurkeztu zituen Bilgune Atlantikoaren ekitaldietan eta Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeak Estrategia Atlantikoaren arloan jorratu zituen lanak burutzen lagundu zuen. Cork hirian, Europar Batasunaren Lehendakaritza Irlandaren eskuetan zegoelarik, Juan Mª Otaeguik STAren proposamenak aurkeztu zituen Estrategiaren inplementazioa eta gobernantza jorratzen zituen panelean. Horrezaz gainera, Euskal EGABk hausnarketarako Mintegia antolatu zuen, gizarte zibilak Europako estrategia makrorregionaletan duen partaidetzari buruz.

STAren deialdiez aparte, Euskadiko EGABk Europako Itsas Eskualde Periferikoen Biltzarreko jardueretan ere parte hartu zuen. Biltzar hori Europako 157 itsas eskualderen elkartea da, eskualde horiek dituzten baterako interesen eta erakundeen balorizazioaren bidez Europar Batasunaren garapen orekatua sustatzea xede duena. Halaber, Uztai Atlantikoaren Batzordeak Porton eta Saint-Malon egin zituen Batzar Nagusietan ere esku hartu zuen, eta bai Estrategia Atlantikoari, Garraioari eta Itsasoko Energiei doazkien gaiak jorratzen dituen Lantaldeetan ere.

Akitania: Garraioa eta Energia Berriztagarriak

Eskualdeen arteko lankidetzari dagokionez, nabarmentzeko modukoa da Euskadiko EGABk Akitaniako Ekonomia eta Gizarte Kontseilua den CESER erakundearekin duela hamarkada bat baino gehiagotik hona dituen etengabeko harremanak. 2004. urtean, Euskadiko EGABk eta Akitaniako Kontseiluak lehenengo lan-batzordea eratu zuten, hurbileko turismoa jorratzen zuena. 2007. urtean, errepidezko trafiko handiko mugaz gaindiko inguruneari dagokion garraioari buruzko baterako lanak abiarazi zituzten, eta bi urte geroago, 2009an, bidaiaren hurbileko garraioaren gaineko agiria argitaratu zuten; 2013. urtean eguneratu eta zabaldu egin zuten azterlan hori bidaiarien garraioari zein merkatugaien garraioari zegozkien proposamen eta gomendioekin.  

2011. urtean Euskadi-Akitania Euroerregioa sortu zenean, bi eskualdeon eta bi erakundeon lankidetzarako gune zabalago, egituratuago eta trinkoagoa abiarazi zen, halako moldez non Euroerregioaren Biltzarrak kontsulta-eskabide zehatzak egin ahal izateko bidea zabaldu baitzen. Gauzak horrela, 2012ko uztailean egindako eskaerari jaramon eginez, EGABk eta Akitaniako EGKk zenbait azterlan aurkeztu zizkioten 2013ko azaroaren Euroerregioaren Biltzarrari.    

Bi erakundeok garraio arloari buruz egin zuten txostenean, merkatugaien garraio iraunkorragoa bultzatzen da, itsasoko garraioa eta trenbideak sustatuz, errepidezko garraioaren alternatiba baliagarri gisa. Bidaiarien garraioari doakionez, mugaz gaindiko eremuan garraio kolektiboari dagokion eskaintza eratzea proposatzen dute.   

Halaber, EGABk eta CESER Kontseiluak beste txosten bat ere landu eta aurkeztu zuten 2013. urtean; txosten hori energia berriztagarrien gainekoa zen eta, zehazki, Euskadik eta Akitaniak alor horretan elkarlanean jarduteko dituzten aukerak identifikatu zituen. Besteak beste, lurreko energia eolikoa eta EAEn sendoki lantzen ari diren itsasoko energiak aipatzen dira, eta bai Akitanian aski garaturik dituzten energia fotovoltaikoa eta basoko biomasaren energia ere.    

 Kontsulta-jarduera

Sortu zenetik, kontsulta-jarduera da Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen helburu nagusia. Iaz, EGABk Eusko Jaurlaritzak kontsultatu zituen 8 agiriei buruzko irizpenak eman zituen. Agiriok zenbait gai jorratu zituzten; ondokoak dira gai horiek, ordena kronologikoan: profesionaltasunari buruzko ziurtagirien eta egiaztagiri partzial metagarrien Euskal Erregistroa; prestakuntza alorreko Euskal Fitxategia eta enplegurako prestakuntza arloko zentro eta erakundeen Euskal Erregistroa; nekazaritza, elikadura eta arrantza alorretako I+G+b laguntzak; Nekazari Gaztearen Estatutua; adingabekoak adoptatzearen alorrean Foru Aldundiek izan behar duten jarduketa-prozeduraren aldarazpena; Laguntza Goiztiarrerako esku-hartze integrala; 2013-2016rako Enplegu Plana; eta, azkenik, Euskadiko elikaduraren alorreko artisautzako ekoizpenaren gaineko dekretuaren aldarazpena.

Eusko Jaurlaritzak EGABren txostenetan proposatu diren aldarazpenak onartzeari dagokionez, eta aholkularitza-organoak baloratu duenez, irizpenen % 80aren onarpen-maila posizio ertainean edo altuan dago, eta hori emaitza egokitzat jo daiteke.

Norberaren Ekimenezko Azterlanak

EGABk 2003. urtean abiarazi zituen norberaren ekimenezko azterlanak. Lan konplexuak dira, EAEren garapen ekonomiko eta sozialean garrantzi berezia duten gaiak sakontzea ahalbidetzen dutenak. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak halako bi azterlan jorratu zituen 2013an, eta hirugarrena abian jartzeari ere ekin zion.        

Duela denbora gutxi amaitu den azterlanotako batek familien gainzorpetzeak sorrarazten dituen arazoak lantzen ditu; izan ere, gainzorpetze horrek nahikoa gora egin du joan den hamarkadaren bigarren erdialdetik egunera. Espainiako Estatuaren legeria Europako beste herrialde batzuetakoa (berbarako, Frantzia eta Alemaniakoa) ez bezalakoa denez, azterlanean herrialde horietan gehiegizko zorpetzea saihesteko bideratu diren aurreneurriak eta babeserako neurriak aurkeztu ziren (besteak beste, hipoteka-betearazpenerako prozesuen alorrean badirenak), Estatuko eta EAEko egungo egoerarekin erkatuz.

2013. urtean landu zen norberaren ekimenezko bigarren azterlana “EAEko lurralde-desorekak, krisi ekonomikoaren esparruan” izeneko gaiarekin loturik dago; desoreka horiek direla eta, krisiaren eragina ezberdina izan da EAEko lurraldeetan.

Azkenik, 2013ko laugarren hiruhilekoan ondoko azterlan hau jarri zen abian: “Enpresaburuen dinamismoa, aberastasuna eta enplegua sortzea: analisia EAEren ikuspegitik”; azterlan horretan, egungo krisia eta krisi horrek benetako ekonomian (jarduera ekonomikoa, enpresak eta enplegua galtzeari dagokionez) duen eragina jorratzen dira.

Sare sozialak

2013. urtearen erdialdean, Euskadiko EGAB sare sozialen arloan sartu zen; hain zuzen ere, Twitter sarean duen kontuaren bidez, uztailetik aurrera informazioa ematen die egunero bere jarraitzaileei Batzordearen jarduerekin loturik dauden gai eta alderdi guztiei buruz.  

Erakundeari berari buruzko informazioa ez ezik, erakunde eta eragile ekonomiko eta sozial interesgarri anitzek eta Batzordearen kide diren erakundeek sare sozial honi eskaintzen dioten informazioa ere biltzen eta aurkezten du, jendaurreko zerrenda irekien bidez.

Era berean, “retuit” tresnaren bitartez, interesgarritzat jotzen dituzten gainerako eragileen informazioak ere hautatzen eta hedarazten ditu, betiere aholkularitzaren arloko erakunde honen interes-esparruekin loturik daudenak.