Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzaren kontsultari erantzuteko agiria prestatu du; kontsulta hori Euskal Herriko 2014-2020 epealdirako etorkizuneko FEDER Egitarau Eragilearen lehenespenezko jarduketa-ardatzei buruzkoa da. Egitarau hori taxubidean dago egun. Kontsulta hori partenariatuari doakion abiaburuaren ildokoa da, zeinen arabera Europako Egiturazko Funtsak eta Inbertsiorako Funtsak Europar Batasuneko eskualdeetan bideratzearen prestaketa, betearazpena, jarraipena eta ebaluazioa administrazio, erakunde eta eragile ekonomiko eta sozial anitzen arteko prozesu koordinatu eta partehartzailea baita.
Egitarau Eragilea EAEn FEDER erakundearen pentzura gauzatuko diren jarduketen programazioaren katearen azken begia da; hainbestez, besteak beste, haren jardun-eremua mugatzen duten arauei eta jarraibideei doitu behar zaie, zeren, 2014-2020 programazio-epealdiari dagokionez, gutxitu egiten baita, aurreko epealdietan baino areago, gure Erkidegoaren jarduketarako lehentasunak finkatzeko aukera-sorta.
2014-2020 epealdirako, Erkidegoaren kohesio politika sakonki berraztertu da, haren helburuen gaineko eragina maximizatzeko eta egiturazko tresnen eraginkortasuna eta eragingarritasuna areagotzeko xedez. Horrela, pilaketa ezarri da hazkunde adimentsu, iraunkor eta integratzailerako Europa 2020 Estrategiaren lehenespenetan eta arlokako hamaika helburutan; horiei dagokionez, zehaztapen ezberdinak taxutu dira, betiere aplikatzen diren eskualdearen tipologiaren arabera. Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, horrek guztiak arlokako aukerak are gehiago murriztea ekarriko du, zeren honakoa eskatzen baita: beste batzuk baino “garatuago” dauden eskualdeetarako, gutxienez FEDER erakundearen baliabideen % 80 energia-eraginkortasunerako, berrikuntzarako eta ETEei laguntzeko xedatzea, eta honi dagokionez, gutxienez % 20 energia-eraginkortasunerako eta energia berriztagarrietarako bideratzea.
Ikuspegi honetatik begiratuta, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak ondorioztatu du Egitarau Eragile berriaren inbertsio-profila ez dela 2007-2013rako indarrean egon zen Euskal Herriko FEDER erakundearen Egitarau Eragilearen oso ezberdina izango, zeren eta ardatz nagusi izango baititu, orain arte bezala, ezagutza, berrikuntza eta enpresekiko laguntza; hala ere, leku berezia hartuko dute energia-eragingarritasunarekin, energia berriztagarriekin eta karbono-emisio gutxiko garraioarekin loturik dauden neurriek, arautegiak ekonomia hipokarbonikorako trantsizioa aldezteko arlokako helburuari emateko eskatzen duen garrantziari doakionez.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jotzen du emaitzako ardatz-esleipena, I+G+b arloaren bultzada eta enpresen lehiakortasuna kalitate handiko hazkunde iraunkor eta lehiakorraren motore diren heinean, hori baita aberastasuna eta enplegua sorrarazteko berebiziko gakoa. Halaber, trantsizio hipokarbonikoa gure gizartearen eta, are, lurbiraren erronka handienetakoa ere bada. EAEn karbono-emisio gutxiko energia-proiektuak bultzatzea eta finantzatzea ahalbidetu ez ezik, horiekin loturik dauden teknologien ikerketa eta industria-garapena ere sustatuko ditu, gure ekonomiaren balio erantsia eta lehiakortasuna areagotuz.
Bestalde, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen aburuz, jarduera ekonomikoa eta enplegua berraktibatzea ezinbestekotzat jotzen duen egungoa bezalako testuinguru batean oso garrantzizkoa da arlokako beste helburu batzuei eslei dakiekeen inbertsio-marjina aprobetxatzea, enpresak eta enplegua sorrarazteko lagungarri izango diren proiektuak bultzatze aldera. Ildo horri jarraiki, uste du FEDER erakundeak Europako Gizarte Funtsaren (EGF) Egitarau Eragiletik (enplegua sustatzeko, hezkuntza, trebetasunen garapen eta ikaskuntza iraunkorraren alorretan inbertitzeko arlokako helburuei dagokienez) jarduketa koordinatuago, zabalago eta irismen handiagorako egin duen ekarpen osagarria ere bat dator egungo egoera sozio-ekonomikoaren beharrekin eta Euskal Herriko Eskualde Garapenerako Estrategian biltzen den Enpleguaren eta Pertsonen alde jarduteko konpromisoarekin.
Hurrengo Egitarau Eragilearen inbertsio-profilari buruzko oharpen horiek egin ondoren, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egitarau-agiri hori garatzeko kontuan hartu behar den osagai gehigarri bat jorratzen du: Europako Itsas Estrategia Atlantikoaren Ekintza Plana, eta adierazi du plan hori egitarauaren lehenespenezko ardatzen garapenean sartzea balio erantsia ekar diezaiola itsasoaren alorreko euskal ekonomiari, eta eragin onuragarriak izan ditzakeela horrek euskal ekonomiaren alor guztietan.
Estrategia Atlantikoa eta Batzordearen Ekintza Plana aurkeztu ez ezik, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen agirian gomendio horren oinarri diren argudioak eta gomendio hori gauzatzeko zenbait jarraibide zehatz ematen ditu. Horri dagokionez esan behar da, alde batetik, Estrategiak ez duela finantzaketarako funts berezirik, eta egun badiren eskualde, herrialde edo Europar Batasunaren zuzeneko edota zeharkako kudeaketa-funtsen bitartez finantzatu behar dela. Horrenbestez, FEDER erakundearen Egitarau Eragilea gertutzerakoan, oso kontuan hartu behar da Estrategia, ez nahitaez, baina bai ezinbestez.
Beste alde batetik, Estrategia Atlantikoak euskal ekonomian baloriza daitezkeen aktiboak islatzen diren lehenespenezko arlo interesgarriak ere zehazten dituela azpimarratu behar da. Euskadik itsas tradizio handia du; izan ere, itsasoa beti izan da gurean berebiziko aberastasun-iturria, dela arrantza arloan, dela itsas garraioan, dela ontzigintza alorrean. Azken urteotan sektoreetako batzuek jasan behar izan duten gainbehera gorabehera, bada hazkunderako aukerarik ere, sektorearen lehiakortasuna areagotzen, ingurumeneko balizko kalteak murrizten eta osagai teknologiko berritzaileak ekartzen dituzten oinarri egokiak jarriz, betiere arlo horretan hazkundea eta enplegua bultzatze aldera. Itsas ekonomian hazten ari diren sektoreei doakienez, Euskadik baliabide oso garrantzizkoak ditu itsasoko, kostaldeko eta gurutze-ontzien turismoa bultzatzeko, itsas bioteknologia garatzeko eta itsas energiak bideratzeko, teknologia eta industria arloan hagitz ongi kokaturik dagoen herrialdea delako. Halaber, sektoreko eragileen artean ekimena nabarmentzen da, Ekintza Planari dagozkion lehentasun-esparruetan zenbait proiektu bultzatzeko prest baitaude.
Testuinguru honetan, eta azkeneko atal gisa, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak identifikatu egin ditu bere txostenean Egitarau Eragilean sar daitekeen Ekintza Planaren balizko jarduketak; horrezaz gainera, eranskin xehekatua ere sartu du, Ekintza Planaren lehenespenen arabera eta arlokako helburuen arabera ordenaturik dauden neurri guztiak jasotzen dituena. Azkenik, Ekonomia eta Plangintzarako Zuzendaritzak egin duen egoerari buruzko diagnostikoan islatu diren jarduketa-ardatzak eta esku hartzeko beharrak ere jasotzen ditu.