Juan María Otaegui Euskadiko EGABeko presidentea izan zen buru lehen eguneko paneletan, eta Europako Batzordearen Atlantikorako itsas estrategiari buruzko komunikazioaren aurkezpena eta haren inguruko Europako EGKren jarrera izan ziren sarrera-hitzaldiak. Luis Miguel Pariza Europako EGKko kontseilari eta irizpenaren txostengileak lantaldearen planteamendua azaldu zuen, hau da, estrategiaren balioztapen positibo bat Itsas Politika Integratuaren esparruan, sortzen ari diren ekonomia-sektore berriei babesa ematen dielako eta betiko sektoreak berriz bultzatzen dituelako, garapen iraunkorreko ikuspegi baten esparruan. Era berean, lantaldeak asmo handiagoko ikuspegi bat proposatzen du: makroeskualdeko estrategia bat, itsasoaren habearekin batera, lurraldearen habea ere gehitzekoa, Itsaso Baltikoko eta Danubioko eskualdeetako esperientzien antzera. Parte hartu zuten eragileetako asko bat etorri ziren ikuspegi horrekin. Eragile horiek, hain zuzen, irizpenerako eta Batzordearen itsas estrategiarako beren ekarpenak azaldu zituzten ondoren, bai eta estrategiaren garapenaren inguruan zein lehentasunezko ekintzak eta proiektu enblematikoak taxutzeko prozesuaren inguruan (dagoeneko martxan dago) dituzten itxaropenak ere. Ondokoak izan ziren parte hartu zutenak: Izaskun Bilbao, Europako Parlamentuaren ordezkari gisa; Flo Clucas, Eskualdeetako Lantaldearen ordezkari legez; Fernando Ribeiro, Itsas Ekonomiako Portugalgo Enpresen Forokoa eta Madeirako ordezkariak, itsasoan jarduera ekonomiko oro areagotzeak ingurumenarekiko ekarri behar duen begirunea azpimarratu zutenak; Javier López de Lacalle, Euskal Herriko Itsas Foroaren ordezkari gisa; partaide honen hitzaldiaren gai nagusia Euskal Herriko itsas industriaren clusterraren garrantzia eta ahalmenak adieraztea izan zen, eta bai haren jarduerak Batzordearen Estrategian nola doitu eta horiek oro burutzeko balizko ekarpen praktikoak nola bideratu ere; eta azkenik, Xabier Garmendia, Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Energia sailburuordea, itsasoko energia berriztagarriak garatzeko bideei garrantzi berezia eman ziena. Biltzarreko bigarren eguneko hitzaldiak, Europako EGKren lanek aldezten dituzten tesiekin bat, Atlantikoko eskualderako estrategia batean zentratu ziren. Estrategia horrek itsas esparruaz harago joan beharko du, eta, makroeskualdeko antolaketa batekin, oinarriak ezarri beharko ditu Atlantikoko eskualdeetako lurraldearen garapen globalaren esparrura zabaltzeko. Atal honetan azpimarratzeko modukoa da erregio atlantikoen ekonomia eta gizarte kontseiluen Nazioz gaindiko Sare Atlantikoaren ekarpen garrantzitsua; Europako EGKk beren beregi eskatuz, aipatu Sare horren barruan dagoen Euskadiko EGABk irizpena gertutzeko ekarpen berezia egin zuen, Akitaniako EGKko Jean Louis Martresek aurkeztu zuena. Ekitaldia osatzeko, nabarmentzeko modukoak dira Europako Erregio Periferikoen eta Itsas Erregioen Konferentziako Uztai Atlantiarreko Batzordearen proposamenak, Ana Miranda Europako parlamentari galiziarraren ikuspegia eta Europako EGKren Azterlanetarako Taldearen buru eta Hungariako Atzerri Ministroa den Etele Baráthek Danubioko makroeskualderako estrategiaren barruan abiarazi duen esperientzia eta estrategia horren negoziazioa bera. Ekarpen horiek guztiek hainbat informazio, iritzi eta ideia erantsi zizkien ekitaldiotan parte hartu zuten erakunde-eragileen eta eragile sozioekonomikoen estrategiak garatzeko lanei.