Lege honek euskal antolamendu juridikoa erkidegoko zuzenbideak zerbitzuaren jardueraren sarbide eta ariketa erregulatzearen arloan xedatutakoaren ildoan jartzen du. Helburua da Europako Batasuneko edozein herritan zerbitzuen jarduera garatzeko eskakizunak eta izapideak sinplifikatzea. Arau berri hau indarrean sartzeak hamarka legetan aldaketak sartzea dakar. Euskadiko EGABk gogorazten du araubide berriak ez duela galerarik ekarri behar trafiko ekonomikoaren segurtasun, lehia leial eta pertsona kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideen babeserako.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak aldeko irizpena egin du hainbat lege 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko asmoz aldatzeko Lege Aurreproiektuari buruz. Berau Omnibus Lege Aurreproiektu gisa ezaguna da eta Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza Sailak igorri du. EGABk uste du aurreproiektua egoki eta beharrezkoa dela, izan ere, berau izapidetuz Europako Batasunaren esparruan hartutako konpromisoetatik etorritako obligazioa betetzen da. Lege honek euskal antolamendu juridikoa erkidegoko zuzenbideak zerbitzuen jardueraren sarbide eta ariketa erregulatzearen arloan xedatutakoaren ildoan jartzen du. Omnibus Legearen helburua da Europako Batasunean zerbitzuen benetako merkatu bakarra lortzea, baita erkidegoko lurralde osoan zerbitzuak ezarri eta eskaintzeko funtsezko askatasunak gauzatzea ere. Zuzentarauak EBko Estatu kideak behartzen ditu justifikaziorik gabeko oztopoak, diskriminatzaileak edo neurriz kanpokoak ezabatzera zerbitzuen jardueraren sarbide eta ariketan; araupetzen duten prozedura juridikoak eta administraziokoak sinplifikatzera; informazio eta administrazioko izapideak egiteko leihatila bakarrak sortzera; eta administrazioen arteko lankidetzara kontrolen bikoizketa saihesteko eta enpresek pairatzen duten administrazioko karga murrizteko. Arau berri hau indarrean sartzeak hamarka legetan aldaketak sartzea dakar: Jokoa, Museoak, Industria, Turismo Antolaketa, Ardogintza Antolaketa, Ingurumenaren Babesa, Lanbide Tituludunak eta Elkargo eta Kontseilu Profesionalenak, Fundazioak, Gizarte Zerbitzuak, Familia Bitartekotza eta Lurzoru eta Hirigintza. Eskakizunak sinplifikatzea Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak ikusi du legearen aurreproiektuak zerbitzuen sarbide eta ariketarako eskakizunak eta izapideak sinplifikatzea ahalbidetuko duela eta aurretiko baimenen eskaera kentzea ahalbidetuko duela. Errekerimendu hau deklarazio arduratsu edo komunikazioaren figura berriez ordezkatzeak ez du, EGABk ohartarazten du, trafiko ekonomikoaren segurtasun, lehia leial eta pertsona kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideen babesaren galerarik ekarri behar. Berme handiagoak Irizpenak gogorarazten du aurretiko baimenek prozedura zail, luze eta garestiagoa egituratzen dutela jarduera bateko sarbidean baina, aldi berean, jarduera egiteko legez ezarritako eskakizunen kontrol-iragazkia direla. Horregatik, hain zuzen ere, Batzordeak uste du ex-ante kontrolak -jarduera hasi baino lehenagokoak- kentzeak aurretik emandako bermeak berrezartzen dituzten konpentsazioko mekanismoak egituratzea eskatzen duela. Horrela, eskatzen du jarduera hasi ondoren egiaztatu eta kontrolatzeko lanak indartzeko eta zehatzeko eta disuasioko neurriak ezartzeko araubide berriaren arauak urratzen dituztenentzat. Bere azterketan, Euskadiko EGABk gomendatzen du beharrezko giza baliabide, baliabide tekniko eta antolaketakoak egituratzea erkidegoko arauak eraginkortasunez aplikatzeko. Zentzu horretan, Batzordeak eskatzen du Euskal Autonomia Erkidegoan 2006/123/EE Zuzentarauak leihatila bakarra, Europako Batasuneko edozein herritan zerbitzuen jarduera egiteko administrazioko izapide guztiak -europarrak, estatukoak, autonomikoak eta tokikoak- aritzeko baliagarri dena, ezartzeari buruz emandako aginduak nola gauzatuko diren hobeto zehazteko.