• Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak erretzen ez duten pertsonen eskubideak babesteko lege-aldaketak positiboki baloratu ditu. • Euskadiko EGABk bere irizpenean zenbait ohar egiten ditu, hala nola borondatez erretzeari utzi nahi dioten langileei laguntzeko planak sustatzea. • Debekuez gain, Batzordeak Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-kontzientziazioaren ekintza eraginkorrak bultzatzea eskatzen du. Izan ere, Erkidegoan ohiz biztanleen laurdenak erretzen du eta emakumezko gazteen artean kontsumoa gehitu da; are gehiago, jada adin bereko gizonezko erretzaileen kopurua gainditzen dute. • Eta, azkenik, bere iritziz lege aitzindaria eta oso zorrotza da, beraz, agindu guztiak eraginkortasunez betetzeari buruz kezka sortzen du. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak zenbait gogoeta egin ditu droga-mendekotasunen arloan prebenitu, lagundu eta gizarteratzeko legearen hirugarren aldaketari dagokion lege-proiektuari buruz. Aipatu legea Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak aurkeztu du. Aldaketa tabakoaren kontsumoari buruzkoa da eta berrikuntza nagusiak erretzen ez duten pertsonen eskubideak zaintzeari buruzkoak dira. Gaur egun tabakoaren kontsumoa arautzen duen legeak lantokietan, garraio publikoetan eta kultura- nahiz kirol-zentroetan erretzea debekatzen du, baina ostalaritza-lokaletan eta astialdirako tokietan salbuespenak daude. Dena den, tabakoa kontrolatzeko Munduko Osasun Erakundearen hitzarmen esparruak eta erretzeko ohiturari uzteko politikaren Europako estrategiak kontsumoaren debekua beste eremuetara zabaltzea eskatu dute. Eremu berri horiek erabilera publikoko espazio itxiak eta ibilgailu partikularrak dira, azkenekoetan adin txikikoek bidaiatzen badute. Besteak beste, bi alderdi horiek lege-proiektuak jasotzen ditu. Euskadiko EGABk aldeko irizpena egin du, herritar guztien osasuna babesteko neurrietan aurrera egin nahi baitu. Hala eta guztiz ere, aitzindaria eta zorrotza izateagatik, agindu guztiak eraginkortasunez betetzeari buruz kezkati agertzen da. Ostalaritzan erantzukizuna zehaztea Batzordeak ostalaritzaren sektorean erantzukizunaren araubideari buruz zehaztasun handiagoa eskatzen du. Ildo horri jarraiki, adibidez, titularraren eta arduradunaren artean bereizketa egiten denean, nork duen ardura egiaz zehazteko zalantzak sortzen dira. Gauza bera gertatzen da pertsona horiek arau-haustea kontrolatzeko orduan duten inplikazioarekin. Erretzeari uzteko prebentzio-planak eta laguntzak Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen beste gogoeta Eusko Jaurlaritzako Droga-mendekotasunen Zuzendaritzari eta Osalani zuzentzen zaie. Euskadiko lan-eremuan droga-mendekotasunen prebentzioari buruzko hitzarmen eta planak egiteko sindikatu- eta enpresa-erakundeekin elkarrizketa bultzatu behar da. Prebentzio-politikaren neurriez gain, EGABk, Prebentzio Zerbitzuetako osasun-zerbitzuekin lankidetzan, borondatez erretzeari utzi nahi dioten langileei laguntzeko planak sustatzea eskatzen du. Biztanleen %25 erretzailea da “2007ko Euskadiko Osasunari buruzko Galdeketaren” –azkeneko eskuragarria- datuen arabera, Euskadiko biztanleen %25ek ohiz erretzen du: gizonezkoen %29,1ek eta emakumezkoen %21,1ek. Aurreko galdeketaren (2002. urtekoa) datuekin erkatuz, erretzaileen kopuru guztia ehuneko puntu batean baino gehiagotan jaitsi arren, azpimarratzekoa da jaitsierak bakarrik gizonezkoen kontsumoa murrizteari erantzuten diola, emakumezkoen artean maila berdina mantentzen baita. EGABrentzat bereziki kezkagarria da emakumezko gazteenen artean -16 eta 24 urte- erretzeko ohitura adin bereko gizonezkoen ohitura baino handiagoa izatea; %25,5, %22,9ren aldean. Estatistikan aldagai sozio-ekonomikoa sartuz gero, tabakismoak gorantz egiten du maila txikiagoa den heinean; patroi hori gizonezkoen artean emakumezkoen artean baino gehiago zabaltzen da. Datu horien haritik, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iritziz ekintza eraginkorrak aplikatu behar dira, ez bakarrik debekatzeko, baita gizarteari kontzientziatu eta sentsibilizatzeko ere. Ekintza horiekin heriotza-tasak, gaixotasun-tasak eta ezintasun-tasak sortutako arazoa gelditu behar da.