Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
asteazkena, 13 urriak 2010
EUSKAL EGABk HEZKUNTZA-SISTEMAK EAEKO JARDUERA SOZIOEKONOMIKOAREN BEHARRIZANETARA EGIN BEHARREKO DOIKUNTZA AZTERTUKO DU 

• Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Gaietarako Batzordeak antolatutako konferentzian, Galesko (Cardiff) Unibertsitatearen Eskualdeetako Garapen Ekonomikoari buruzko Ikerketaren Philip Cooke katedradunak adierazi duenez gero, Europako eskualdeetako ekonomikoen etorkizunak "garapen adimentsua, eraginkorra, berdea eta sormenezkoa eskuratuko du". 
• Testuinguru horretan, eskualdeek diziplina arteko prestakuntzen oinarria eskatuko dute, sormena eta zeharkotasuna, betiere esangura zabalean, funtsezko osagai gisa hartuta. 

Galesko (Cardiff) Unibertsitatearen Eskualdeetako Garapen Ekonomikoari buruzko Ikerketaren Philip Cooke katedradunak, gaur goizean, Bilbon, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Gaietarako Batzordeak antolatutako konferentzia eskaini du. “Euskal Herriko eskualdeen berrikuntza eta prestakuntza-beharrizanak” izenburupean, adituak, herrialde ezberdinetako esperientzia zehatzak aztertuta, sormena eta sektoreen arteko nahiz diziplinen (zientifikoak, teknologikoak, artistikoak, humanistikoak…) arteko ezagutza-fluxuak osagai giltzarriak direla azaldu du, garapen ekonomiko iraunkorra erdietsi ahal izateko. 
Cooke jaunaren iritziz, “Euskal Herriko ekonomiak eman duen bira nabarmena izan da, baina orain beharrezkoa da trantsizio handia gertatzea, zerbitzu sormenezkoagoak eta sistema ekonomiko espezializatuagoak eskuratzeko”. Era berean, katedradun jaunak baieztatutakoaren ariora, eskualdeen etorkizunak, Euskadi barnean hartuta, “garapen adimentsua, eraginkorra, berdea eta sormenezkoa eskuratu eta zeharkotasuna abian jarriko du". Bere esku-hartzean, Italian, Erresuma Batuan edo Suedian garatutako ildo bereko esperientzia ezberdinak xehatu ditu. 

EGABk hezkuntza-sistemaren egokitzapenari buruz egin beharreko hurrengo azterketa 
Galesko adituaren konferentzia, berrikuntzaren eskualde-sistemei buruzko teorien aitatzat jo dena, Euskal EGABk hezkuntza-sistemak EAEren jarduera sozioekonomikoaren beharrizanetara egin beharreko egokitzapenari buruz antolatutako azterlanaren esparruan garatu da. Lanaren xedea prestakuntzari buruzko eskaintzaren eta eskariaren arteko gaur egungo doikuntza maila aztertzea da, lan-merkatuak gauzatzen duena, bereziki, epe laburrean, ertainean eta luzean beharrezkoak izango diren zereginei eta prestakuntzei begira gauzatu beharreko zaintza barnean hartuta. 
Agirian halaber hobekuntzarako zenbait iradokizun jasoko dira, aipatutako doikuntzan jasotako tresna, prozesu eta prozedura giltzarriak kontuan hartuta. 

Philip Cooke jaunari buruz 
Gainera, Galesko (Cardiff) Unibertsitatearen Eskualdeen Garapen Ekonomikoari buruzko Ikerketaren Philip Cooke Katedraduna unibertsitate bereko Azterketa Aurreratuen Zentroko zuzendari-sortzailea da, bai eta CESAGen ikertzaile nagusia ere, gizarte-ikertzaileek eta zientzia natural eta medikoetako ikertzaileek genomikaren garapenean batera lan egiteko diziplina anitzeko zentroa, hain zuzen. Gai ezberdinak jorratu ditu, nazioarte mailan ondore nabaria eraginda, hala nola: berrikuntzaren eskualde-sistemak; ezagutzaren ekonomia; ikaskuntza, klusterrak eta sareak; eta bioteknologiari buruzko berrikuntzaren ekonomia. Cooke jaunak Erresuma Batuaren Gobernuari berrikuntzarekin zerikusia duten gaiei buruzko aholkularitza eskaintzen dio, bai eta nazioarteko bestelako erakundeei ere, ELGAri, Munduko Bankuari eta UNIDOri ere berrikuntzaren eskualde-sistemari buruz.