Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
osteguna, 01 uztailak 2010
  • Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak uste du aldaketak gizarteratzeko hasierako puntu gisa enplegua finkatzen duen estrategia integrala osatzen duela,  Begi onez ikusten duen arren, Batzordeak uste du proposatutako neurriak modu eraginkorrean aplikatzeko “gaur egun definitu gabe dauden” tresna batzuk behar direla. 
  • EGABek positibotzat jotzen du arauak Lanbideri EAEn garatzen diren enplegu politiken kudeaketan paper nagusia ematea, nahiz eta gogorarazi nahi duen oraindik ez direla lekualdatu.
  
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legea aldatzen duen aurreproiektuaren aldeko irizmena eman du. Aldaketa Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak prestatu du eta gizarteratze aktiborako estrategia integralarekin modu estuan lotuta dago, lan munduan modu eraginkorrean txertatzeko neurriekin batera. Ikuspegi horrekin, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari erantzukizun nagusia eman dio Diru-sarreren Berme-errenta eta Etxebizitzako Prestazio Osagarria izapidetzeko eta horien jarraipena eta ebaluazioa egin ditzan.
 
EGABek positibotzat jotzen du Lanbideren rol berria, Euskal Enplegu Zerbitzuak aipatutako prestazioen kudeaketan duen lana argitzen duelako. Horrez gain, egokia iruditzen zaio kudeaketa-lanak, diagnosiak eta ebaluazioak erakunde bakar batean biltzea; izan ere, modu horretan herritar guztientzat irizpide homogeneoak finkatuko dira, zein lurraldetan dauden erroldatuta aintzat hartu gabe.
 
Lanbideren konfigurazio berriak, beste lan batzuen artean, eskubide prestazio ekonomikoak kudeatuko dituen zerbitzu integratua planteatzen du. EGABek uste du aldaketa honek “gaur egungo gizarte zerbitzuen lana arinduko duela, haiei ez dagozkien administrazio kudeaketa lanetan denbora asko ematen dutelako, eta diseinu berri honekin Lanbidek izango du lan horien ardura": Batzordearen iritziz, prestazioen kudeaketa birformulatu egin behar da, zerbitzu integratua martxan jarri aurretik.
 
Egindako diagnosian, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak adierazi zuen aurreikusitako aldaketa martxan jartzeko “gaur egun erabat definitu gabe dauden tresnak” garatzea beharrezkoa dela.
 
 
Gizarteratze aktiborako akordioak
 
EGABek modu berezian baloratzen du araudia aldatzeari esker enplegua gizarteratzea lortzeko puntu nagusi gisa kokatzea, baina hala ere, aldaketa horretan jasotako baldintzetan Gizarteratze aktiborako akordioen eraginkortasunaz zalantza egiten du. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen aburuz, “zaila izango da Lanbidek eta pertsona interesatuak adostu beharreko edukiak dituzten hitzarmenak eraginkorrak izatea”. EGABen hitzetan, helburu pertsonalizatu horrek bi aldeei konpromisoak eragiten dizkie, eta horietatik betebeharrak eratortzen dira; arazoa zera da, hitzarmenean jasotako konpromisoak beteko dituzten zerbitzu irisgarri eta egokituen eskaintza bermatzea, “denbora eta langile asko beharko dituztelako, gainera”. Horregatik, Batzordeak atal hori legearen “erronka handietako bat” bezala definitu du; izan ere, gaur egun Lanbidek ez du egin beharreko lan berriei dagokien baliabide tekniko, giza baliabide eta egitura nahikorik.
 
Horrez gain, EGABek azpimarratu du aldaketaren proposamenarekin ebazten ez diren beste auzi batzuk ere badirela, esaterako Lanbideren bulegorik ez duten udalerriek zerbitzuetara nola iritsiko diren zehaztea, edo gai horretan erakunde pribatuek izango duten papera definitzea.
 
 
Transferitzeke dagoen arloa
 
Azkenik, EGABek gogorarazi nahi du enpleguaren politika aktiboak ez direla oraindik Eusko Jaurlaritzara transferitu, eta aldatutako legeak diseinatu duen agertokia transferentzien ondoren baino ezingo dela aplikatu: “Gaur egun Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatzen dituen baliabide ekonomiak, teknikoak, egiturazkoak eta giza baliabideak ez baldin baditugu, zaila izango da eredua aplikatzea", azaldu du EGABek.