Joan den urriaren 5ean Euskadiko EGABk fatxada atlantikoko eskualdeetako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeen kooperazio plataformari (STA) dagokion Osoko Bilkuraren bileran parte hartu zuen Parisen. Izan ere, Francisco José Huidobro, Euskadiko EGABko burua, 2017ko otsailaz gero buru da.
STAren Osoko Bilkura sarearen estrategia erabaki eta bideratzeko organo gorena da eta agendako bi gai nagusi landu zituen: Estrategia Atlantikoari buruzko Europar Batzordearen Ekintza Planari dagokion ebaluazio eta ikuskapen prozesua eta garraioetarako igarobide atlantikoa.
STAk biziki landu du Estrategia Atlantikoa, Europar Batasunean eremu atlantikoko eskualdeak etorkizunean garatzeko eragin handiena izango duen europar txostena. Nolanahi ere, egun oso une garrantzitsuan dago, ikuskatu eta 2021-2027 denboraldirako ekintza plan berria egiten ari baita. Horregatik, STAk Osoko Bilkuraren bileran Atlantikoko Ekintza Plana inplementatzearen inguruan ebaluazio eta ikuskapenari buruzko iritzi agiria onartu zuen. Hizlariak Euskadiko EGAB bera eta Noevelle Aquitaineko CESER erakundea izan dira. Horrez gain, Europar Batzordean Estrategia Atlantikoaren arduradunari, Christos Economou jaunari, gonbita luzatu zitzaion, prozesuaren puntu nagusiak aztertzeko.
Economou jaunak Estrategia Atlantikoa 4 urtez inplementatu ondoren, Batzordean egindako ebaluazioaren ondorio nagusiak aurkeztu zituen, ikuskatzeko abian jarri den prozesuarekin batera. Hala, Europar Batzordeak aurtengo otsailaren 23an argitaratutako agirian idatziz jasoak gelditu ziren. Batzordearen ebaluazioak estrategiaren funtzionamenduari dagokionez arazoen multzoa azpimarratzen du eta ahulezia nagusi modura nabarmentzen ditu ekintza planak dituen helburuen zabaltasuna, jarraipen eta ebaluazio esparru sendorik eza eta gobernamendu ahulegi eta soilegia. Abiapuntu horietatik, jarduera 4 hobekuntza arlotan oinarritzen da: ekintza planaren arkitektura eta koherentzia, jarraitu eta ebaluatzeko esparrua garatzea, gobernamendua sendotzea eta finantzaketa agintari nahiz inbertsio-egileen artean komunikazioa hobetzea. Aipatu testuinguruan, Economou jaunak hurrengo urtearen amaieran Estrategia Atlantikorako Ekintza Plan berria egingo dela iragarri zuen eta esku hartzea behar duten arloak landuko dira. Xede horrez, prozedura desberdinak jarri dira abian. Batetik, estatu kide bakoitzean kontsulta tailer tematikoak garatzen ari dira, sektore arlo ezberdinetako adituek lehentasunezko jarduera eremuak, etorkizunari begira Atlantikoan balio erantsi handiagoa dutenak, defini ditzaten. Irailean Espainian eta Portugalen eta urrian Irlandan egon ondoren, azaroan Erresuma Batuan (Liverpool, azaroaren 7an) eta Frantzian (Bordele, azaroaren 21ean) egingo dira. Bestetik, estatu kideekin eta Atlantic Strategy Group izenekoarekin lanean ari da gobernamendu sendoago eta bateratzaileagoa egituratzeko. Eskualde atlantikoak sartu nahi dira eta beharrezkoak diren proiektuak identifikatu eta bultzatzeko erantzun hobea eman ere bai. Gaur egun estrategia atlantikoak itsas gaiak besterik ez ditu aztergai eta makroeskualdearen estrategia bihurtu nahi al den da, hain zuzen ere, prozesu honetan argitu behar den gai nagusia.
Azalpenaren ostean, Economou jaunari STAk egindako azterketaren ondorio nagusiak aurkeztu zitzaizkion. Horretarako, aldez aurretik aipatu erakundeak ekintza planaren bitarteko ebaluazio eta ikuskapenari buruz Batzordearen agiria landua zuen. STAren ustez gehiago azpimarratu beharreko gaiak izan ziren hizpide.
Arloan STAren ezagutza oso zabala da, jada 2010. urtean egiteko prozesuan parte hartu baitzuen. Aurrekoaren harira, etorkizunean estrategia atlantikoari gehitzeko kontsulta prozesuan ekarpenak egin zituen, 2012. urtean Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen irizpenetan lagundu zuen eta 2015. eta 2017. urteetan Ekintza Plana inplementatzean baldintza arrakastatsuak azpimarratu zituen txosten bitan. Lehenengoak inplementazioa abiarazteari erreparatu zion eta bigarrena Estrategia Atlantikoaren bitarteko ebaluazio eta berraztertze prozesuan laguntzera bideratu zen.
Lan horietan guztietan, STAk oinarritzat hartu du eskualde atlantikoetan ekonomia eta gizarte biziko eragileen sare zabala, STAren Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzorde bazkideen barruan zuzenean edo zeharka ordezkatuak badaude. Gure eskualdeetako ekonomia eta gizarte sarean dauden eragileekin pribilegiozko harremanari esker, STAk zuzenean ezagut ditzake beren esperientziak, kezkak eta itxaropenak eta, aldi berean, bere lanetan garatzeko arlo desberdinen egiazko ikuspegia, lursailean itsatsia, izan dezake. STAk oso positiboki balioetsi du DG MAREk egindako ahalegina. Nolanahi ere, otsailaren 23ko dokumentua egiteko, kontsulta publikoaren bidez eta elkarrizketen bitartez Espazio Atlantikoan itsas ekonomiako bere eragileen datuak zituen. Gainera, bere burua zoriontzen du bitarteko ebaluazio eta ikuskapen prozedurako egindako STAren txostena Europar Batzordeak bere agiria egitean kontuan hartu duelako. Hala ikus daiteke atarian eta testuaren pasarte askotan.
Dena den, nahiz eta neurri handian Batzordearen agiriak estrategiaren funtzionamenduari buruzko arazoen analisia jaso, STA ikasgaiak ikastearekin baino gehiago identifikatzen da arazoak kontatzearekin. Izan ere, STAren iritziz, oso gabezia garrantzitsuak daude.
Horregatik, STAk irmoki adierazten du urriaren 5ean aurkeztutako dokumentuan finantzaketak izan beharko lukeela ekintza plana ikuskatzean zutabeetako bat. Ia stakeholder guztien ustez, berariazko finantzaketarik eza Estrategia inplementatzeko eragozpena da eta faktore horrek Planaren interesa hondatzera darama. Hori onartuta egonik, harrigarria da Batzordeak ikuskapen prozesuan gai horri arreta berezirik ez eskaintzea. Estrategian partaideek atlantikorako estrategia berezia, formulak egituratzen dituena, espero zuten, batetik, horretan oinarritutako proiektuek finantzaketa baliabideak izateko eta, bestetik, aurreko denboraldiarekiko aukera hobeak suertatzeko.
STAk nabarmendutakoarekin bat, ahaleginak irmoa, koordinatua eta sinergikoa izan behar du ekintza planaren lehentasunezko gaiak eta EB funtsak hautatzeko irizpideak lerrokatzean. Berdin dio EBk edo estatuek nahiz eskualdeek finantzatzea. Gainera, proiektuak finantzatzean kudeaketa agintarien artean jarduerak koordinatzeko prozesuetan sakondu behar da. Epe luzera ekintza planaren lehentasunak 2021-2027 denboraldirako europar finantzaketa programa eta funtsen programazio berriari dagozkion helburuekin lerrokatzea komenigarria litzateke.
Halaber, Batzordeko arduradunari adierazitakoarekin bat, Estrategia Atlantikoak proiektuak identifikatzeko mekanismoa behar du. Nahiz eta DG MAREren dokumentuak planaren aurrerapausoak eta arrakasta antzemateko, jarraipen eta ebaluazio esparrua beharrezkotzat jo, eragina eta helburuak kuantitatiboki eta kualitatiboki neurtuko dituzten adierazleez gain, ezinbestekoa da Estrategiatik sor daitezkeen proiektuak zehazteko gai izatea. Hori, hasieran behintzat, proiektua finantzatzeko aurkezten denean egin beharko litzateke.
Europar Batzordearen agiriak inolako arazorik gabe onartzen du ebaluazioaren ondoren Estrategiari 1.200 proiektu esleitu arren, horiek guztiak, agian, egiaz estrategiaren ondorioz ez direla sortu. Gai hori xumeki eta zalantzarik gabe ebatziko litzateke STAk proposatutakoari jarraiki, jatorrian identifikatuko balira.
Gobernamenduari dagokionez, STAri ondo iruditzen zaio Europar Batzordeak sendotzea, gobernamendu muskuludun, koordinatu eta konprometitua Estrategiaren arazo asko eraginkortasunez konpontzeko giltza baita. STAk bere azalpenean aipatutakoaren arabera, gobernamenduan eskualde atlantikoko ordezkariak (bai erakunde agintarienak, bai gizarte zibilarenak) sartzea funtsezkoa da. Adituen artean kontsultarako lantaldeak eta eztabaida guneak zehaztea ere begi onez ikusi zen, makroeskualdeen estrategietan dauden mekanismoen bidez ekintza eta proiektuen bultzada gaitasuna garatzeko oinarrizko urratsak baitira. Halaber, gobernamendua alde politikotik indartu behar dela gogorarazi zen. Horrela bakarrik lortuko dira estatu atlantikoetako administrazioen aldetik behar diren konpromiso eta inplikazio dosiak eta gizarte nahiz ekonomia biziko eragileei lagunduko zaie, gaur egun Estrategia Atlantikoaren inplementazio lanari bakardadean aurre egiten baitiote.
Komunikazioari buruz hainbat proposamen egiteaz gain, STAk Batzordeko arduradunari jakinarazi zion berehala hausnarketa egin behar dela Brexita gauzatzen denean Estrategian Erresuma Batuaren zeregina lantzeko topaketa guneak eta neurriak antolatzearen inguruan. Azkenik, STA Estrategia Atlantikoak itsas arroaren estrategiatik makroeskualdearen estrategiarantz aurrerapausoak ematearen aldekoa da.
Estrategia Atlantikoaren inguruko saioarekin batera, STAren bilerak zati luze batean igarobide atlantikoa izan zuen aztergai, estrategia atlantikoaren lantaldeak arreta berezia eskaini baitio. Eskualde atlantikoak Europaren iparraldearekin eta erdialdearekin konektatzeko funtsezko ardatza da, beraz, hurrengo hilabeteetan arloan STAren lanen ikuspegia zehaztu beharko da. Igarobidea oso-osorik gauzatzea, europar garraio ardatzekin konexiorik ez duten eremuetara zabaltzea, operatibotasuna eta garraio modu desberdinen arteko konexioak, bereziki, itsasoan eta itsasoko autobideen kasuan, dira helburuak.